Erakunde publikoek euskara bigarren mailakotzat jotzen dutela erakutsi du alarma egoerak

Erakunde publikoek euskara bigarren mailakotzat jotzen dutela erakutsi du alarma egoerak –

Alarma egoera hasi zenetik ekainaren 1era arte COVID-19ari lotutako 205 kexa jaso zituen Behatokiak, iaz garai berean baino %47 gehiago. Hala ere, izozmendiaren punta besterik ez dira.

Erakunde publikoei zuzendutakoak dira hamar kexatatik sei. Egoera salatzeko eskutitza bidali die Behatokiak gobernu ordezkariei eta Arartekoei.

Gizartearen egoera bere gordinenean bistarazi du alarma egoerak, zaurgarrienak zaurgarriago bihurtuta, eta hizkuntz eskubideen arloan ere halakoa izan da argazkia: euskarak ez du balio izan herritarrei osasunari zein segurtasunari buruzko berehalako mezu garrantzitsuak igortzeko. Hau da, euskara bigarren mailakotzat jo dute.

Hori ondorioztatu liteke Behatokiak alarma egoeran jasotako kexak aztertuz gero. Izan ere, alarma egoera hasi zenetik ekainaren 1eraino, COVID-19ari lotutako herritarren 206 kexa jaso ditu Behatokiak. Iaz garai berdinean baino %47 gehiago. Gainera, erakunde publikoen urraketei lotutakoak dira erregistratutako kexen gehiengoa: 115 kexa, zehazki. “Salbuespen egoera, ezohiko testuingurua, informazioa lehentsi beharra, presazko egoera… halakoak aitzakiatzat hartuta, erakunde publikoek gehienbat erdaraz igorri dute herritarrentzako informazio garrantzitsua”, ohartarazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. “Osasunari zein alarma egoerari lotutako informazioa helarazteko prentsaurreko, boletin zein bestelako bideetan gaztelera eta frantsesa lehenetsi eta euskara alboratu dute”.

.

Herritarren kexen nolakotasuna

Izan ere, Behatokiak jasotako lau kexetatik bat Jaurlaritzari eta EAEko aldundiei zuzendutakoak izan dira. Esaterako, Jaurlaritzako ordezkarien adierazpenak eta sareko zein herritarrentzako prestatutako argibideak gaztelera hutsean jaso dituztela salatu dute herritarrek (ikus adibideak). Eduki hori euskaraz eskatuta ere, lortzeko zailtasun ugari izan dituztela diote herritarrek.

Beste hainbeste gertatu da Nafarroako Gobernuan, nahiz eta aurkeztutako salaketak hamaika soilik izan. Nabarmen gutxiago, alegia. “Horrek ez du esan nahi urraketa gutxiago egon direnik”, azpimarratu du Gaubekak. “Alderantziz. Nafarroan urraketak ‘ohikoak’ baitira, zoritxarrez, eta egoera hori denez, herritarrek ere gutxiagotan salatzen dituzte, babesgabeago sentitzen direlako”. Antzekoa gertatzen da Ipar Euskal Herriko egoerarekin.

Hizkuntz eskubideak aitortzen ez zaizkienez, herritarrek salaketa gutxiago jartzen dituzte, horretarako aukera urriagoak izaki.

Bestetik, Herriko Etxeetan ere hainbat urraketa izan dira. Jasotako herritarren 31 kexak horren lekuko, gainontzeko administrazioaren tankerakoak: COVID-19ari buruzko lehentasunezko informazioa erderaz igorri dute udalek (ikus adibideak).

Sektoreka aztertuz gero, osasungintzak arreta berezia merezi du. COVID-19aren prebentzio neurrien informazioa, gobernu arduradunen adierazpenak eta orohar, osasun zerbitzuetako asko erdaraz jaso dituztela salatu dute herritarrek (28 kexa). Antzeko urraketak gertatu dira hezkuntzari eta komunikabideei lotutako arloetako salaketetan: sarerako eskola baliabideak gaztelera hutsean daudela, euskal hedabideetan adierazpenak gazteleraz direla, txostenak erderaz soilik jasotzen dituztela… kexatu dira herritarrak, besteak beste. Aipatzekoa ere bada sektore pribatua ez dagoela urraketa hauetatik salbu, bistan denez.

“Kezka handiz” hartu beharreko salaketak direla dio Gaubekak, “herritarren ongizatea dagoeako jokoan”. Horregatik, “agerian geratu da hizkuntz eskubideekiko babesa ez dela nahikoa ez eremu publikoan ezta pribatuan ere”.

.

Izotzmendiaren punta

Era berean, “salatu gabe geratu diren urraketak” ere aipatzekoak direla uste du Gaubekak, Behatokiak jasotako kexak izotzmendiaren punta besterik ez direlako. “Egoeraren larritasunagatik eta arduradunen jokaera ikusita, herritarrentzat ez da erraza izan osasungintzan nahiz bestelako sektoreetan gertatutako urraketak salatzea. Ezta bertako langileentzat ere. Izan ere, hizkuntza eskubideak gutxietsiak izan dira, eta horren aurrean baldintzatuta sentitu dira hainbat herritar”.

Azken batean, alarma egoeran ikusitako urraketek eta herritarren salaketek zera utzi dute agerian: “Erakunde publikoentzat euskara bigarren mailakoa dela, mezu garrantzitsuak helarazteko gaztelania edo frantsesa erabili dutelako”. Horiek horrela, “Euskal Herrian Europako Kontseiluaren gomendioak eta hainbat erakundek hartutako konpromisoak bertan behera utzi direla egiaztatu dugu”.

.

Eskutitzak erakundeei

Honen aurrean eta ohiko prozedurari eutsiz, Behatokiak eskutitza igorri die Ana Ollo Behatokiak Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariari, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuari, Bernadette Soule EEPko zuzendariari, Francisco Javier Eneritz Nafarroako Arartekoari eta Manuel Lezertua EAEko Arartekoari. Era berean, argibideak eta neurri zuzentzaileak eskatu dizkiegu idazkietan.

Izan ere, herritar guztien eskubideak eta ongizatea errespetatzeko gutxieneko neurriak besterik ez dira eskutitzek eskatzen dutena. Are gehiago bizi izan dugun egoera berezian, osasuna bera jokoan denean. Horregatik, euskara erdigunera ekarri behar da, Gaubekak berretsi duenez. “Jendarte osoaren eskubidea eta ongizatea gure egunerokoa izan dadin, geroa euskaratik ere berreraiki behar dugu”.

.

HERRITARREN ZENBAIT KEXA

– “Bizkaiko Foru Aldundiak koronabirusaren kudeaketan egindako urratsak azaltzen dituen txostena aurkeztu du. Ttxosten hori, ordea, gaztelaniaz bakarrik dago eskuragai, eta ez euskaraz. Dokumentua euskarara itzultzen ari direla azaldu dute, eta, gainera, euskarazko bertsioa nahi duenak eskatu egin beharko duela. Gure hizkuntza eskubideak behar bezala bermatzeko informazio berdina eta une berdinean ematea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Zergatik ibili behar dugu gure hizkuntzan idatzitako informazioa eskatzen?”

– “COVID-19 dela eta, herritarren mugikortasuna arautzen duen Dekretua argitaratu du gaur Jaurlaritzak. Irekia.eus web orriaren euskarazko bertsioan albistea bai, badago, baina Dekretua ezin da bertan irakurri. Aldiz, albiste beraren gaztelaniazko bertsioan Dekretuaren testua irakur daiteke”

– “Ertzaintzaren webgunera jo dut lortzearren EAEko poliziek fase berri honetan aplikatu behar dituzten irizpideen berri. Erdarazko webgunera jo behar izan dut. Euskarazkoa ez dago ezer”

– “Jaurlaritzako Merkataritza Sailak segitzen du gaztelera hutsez bidaltzen jarraibideak udaloi. Oraingoan Protocolo de seguridad higienico-sanitaria para la restauracion?”.

– “Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa den Nilsak, alarma egoera dela eta, haurrentzako materiala jarri du denon eskura (hezkuntza birtuala izenekoa), gaztelaniaz baino ez dago. Haurren herena D ereduan dagoen arren, Nafarroan hizkuntza bakarra balego bezala jokatzen dute. Hori diskriminatzailea da”

– “Koronabirusa dela eta, EUDELek ostalaritzarako higiene eta Segurtasun Protokoloa argitaratu eta bidali du udalerrietara gaztelania hutsean “presazko izaera duelako”. euskarazkoa aurrerago euskaraz bidaliko dutela iragartzen dute. Berriro ere, “gauza garrantzitsuak” gaztelaniaz”.

– “Iruñeko Udalak merkataritza txikiak bere produktuak saldu ditzan webgune bat jarri du martxan: www.pamplona.es/coronavirus/escaparate-online. Dena gaztelaniaz dago. Merkatari zein kontsumitzaileek gertutasuna behar dugunean, gure hiriko hizkuntzan salerosketak egin eta informazioa jasotzea inoiz baino garrantzitsuagoa da”.

Erakunde publikoek euskara bigarren mailakotzat jotzen dutela erakutsi du alarma egoerakErakunde publikoek euskara bigarren mailakotzat jotzen dutela erakutsi du alarma egoerak

Hizkuntz Eskubideen Behatokia

2 pentsamendu “Erakunde publikoek euskara bigarren mailakotzat jotzen dutela erakutsi du alarma egoerak”-ri buruz

  • Negargarria izan da zeinen gutxi egin duten gure erakunde publikoek, EAEn behintzat. Baten batek kargu hartu beharko lieke 6 plangintzaldi eta gero, hain bazterreko izatea nola den posible. Hainbeste diru, baliabide, plan, denbora… eta emaitzak hutsaren hurrena. 10 bat urte poltrona horretan pasa dituen zuzendari Ricardo Lozanok zer dioen, baita haren funtzionario menpekoak ere jakin behar.: Plangintza zientifikoak’, ‘erakunde aurreratuak’…. hain ridikulua eta patetikoa da beren ahotik hau guztia entzutea. Dekretua berritzeko gauza ez dira izan 5 urtean. Porrota honek ezin du besterik gabe pasa. Euskara inportanteegi da inkonpetente hauen esku uzteko.

  • Joer joer.
    Baina nondik atara dozue morenaza hau??
    Holan gustetan jata… serio eta firme berba eiten dabena..
    Ondo, morena.