Erabaki politikoa euskaldunon alde
Erabaki politikoa euskaldunon alde –
Zigor Etxeburua Urbizuk, ARGIAn.
Hizkuntza bat babestea erabaki politikoa da, hizkuntza bat zentsuratzea edo murriztea den bezainbat”. Hitz argigarri horiexek egin zituen Espainiako presidente Pedro Sánchezek, Alderdi Sozialistako presidente ere badenak, irailean, Espainiako Kongresuan euskara (eta estatuko beste hizkuntza ofizial batzuk) erabiltzeko aukeraren alde sozialistak ere agertzeagatik sortutako polemikaren erdian.
Sánchezek hitz politak egin zituen, baina euskaldunoi dagokigunez, bere alderdiaren urtetako praktika beste muturrean dago, hitz horiekin ez fidatzeko lain. Espainiako Alderdi Sozialistak euskaldunekiko bazterkeria praktikatu du Nafarroan, eta horretan jarraitzeko asmoa adierazi du. EAEn, euskaldunon eskubideak eta euskararen lege babesa trabatzen aritu da, eta horretan jarraitzen du; ugariak dira adibideak. PSOEren sukurtsal PSEk eta PSNk ez dute hartu nahi izan hizkuntza eskubideen berdintasuna helburu lukeen eraldaketa sozialaren ardura; ez dute aurretik joan nahi izan gizartea hezten hizkuntza gutxituekiko errespetuan, hiztunen eskubideen berdintasunean. Are, euskaldunon hizkuntza eskubideen bermea ekar zezakeen edozein neurri oztopatu izan dute, eta harro agertu izan dira horregatik. Ez dira gutxi izan jarrera oldarkor, antieuskaldun eta oso espainolak erakutsitako aldiak. Nolabait, euskararen berreskurapenaren euste hormatzat agertu nahi izan dute, aski espainol ez direla leporatzen dieten sektore erreakzionarioen aurrean.
Euskaldunoi dagokigu gure hizkuntza babesteko eta euskaraz bizitzeko erabaki politikoa hartzea
Edonola, sektore neofrankista horiek jo eta pasa egin diete, Espainiako Estatuko zenbait lurraldetan (Balearrak, Aragoi…) berezkoak diren hizkuntzak baztertuta eta espainolaren nagusikeria berrezarrita. Ondorioz, orain Vox eta PPren zaku glotofobo berean ageri dira PSN eta PSE. Ez pentsa, hala ere, horrek gehiegi kezkatu dituenik Sánchezen frankiziak; ez dute euskarazko murgiltze eredurik bultzatuko EAEko Hezkuntza Legean, ezta zonifikazioa erauziko ere Nafarroako Euskararen Legetik, ez ditzaten beste horiekin parekatu.
Horiek horrela, pilota abertzaleon buru gainean dago, inoiz egoteari utzi badio, euskarari dagokionez behintzat. Izan epai antieuskaldunei desobedientzia eginez, edo euskaraz bizitzeko praktika kolektibo orokorra abiatuta, edo hizkuntza politika beregainak adostu eta ezarrita, edo hobeki, horiek guztiak batera eginez, baina euskaldunoi dagokigu gure hizkuntza babesteko eta euskaraz bizitzeko erabaki politikoa hartzea.