Epaileen erasoa euskaldunon hizkuntz eskubideei
Epaileen erasoa euskaldunon hizkuntz eskubideei –
2019ko irailaren 27an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen Euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretuko zenbait artikulu. Gainontzeko ia guztiak ere aztertu ondoren, horiek balekotzat jo zituen.
Epaiak onartu ditu “eremu mistoan” eta” ez-euskaldunean” inprimakiak, errotulazioak eta abar ele bitan egin ahal izatea arautzen duten artikuluak.
Aldiz, baliogabetu ditu Nafarroako Gobernuko zerbitzu zentraletik egiten diren inprimakiak, errotulazioak eta abar ele bitan egin behar izatea arautzen duten artikuluak. Arrazoia: Euskararen Legeak zonifikazioa ezarri zuen, eta zerbitzu zentralak erabilita hiru eremuetarako gauza bera arautzeak urratu egiten omen du Euskararen Legeak ezarritako sistema.
Pentsa daiteke “ele bitan egin behar izatea” esaldiaren ordez, “ele bitan egin ahal izatea” jarrita arazoa konpon daitekeela, kontuan hartuta zer onartu duen, Nafarroako Gobernuko zerbitzu zentraletik kanpo, “eremu mistorako” eta “eremu ez-euskaldunerako”.
Hala ere, Nafarroako Gobernuari “ele bitan jarri ahal izatea” onartzen bazaio, ez da ulertzen zergatik erabaki duten baliogabetutako artikuluak baliogabetzea; izan ere, ele bitan jartzeko beharra erabakitzea ahalmen hori erabiltzea besterik ez da. Ulertezina, beraz, alde horretatik, epaia.
Larriagoa dirudi oposizio-lehiaketetan Dekretuak euskararen balorazioari igoera txikitxoa eman izana baliogabetzeak, emandako argudioengatik.
Nafarroako Gobernuak oposizioen sistema erabiltzen du gehienbat lan deialdietan (azterketa bakarrik), eta hor euskara ez da batere baloratzen. Oposizio-lehiaketaren sistema (azterketa eta merituak) batez ere Osasunbidean erabiltzen ditu, eta hor, euskararen balorazioa % 3tik % 7ra igo zuen eremu mistoan. Eta balorazioa ez da deialdi osoaren gainean baloratzen, baizik bakarrik merituen gainean. Hau da, azterketak 60 balio badu, eta merituek 40, aipatutako portzentajeak 40ren gainean kalkulatzen dira. Hala, deialdietako puntu guztien % 1’2 izatetik % 2’8ra izatera igaro zen Euskararen 103/2017 Foru Dekretuarekin. Esan bezala, Osasunbidetik kanpo normalean Nafarroako Gobernuak oposizioa erabiltzen du, euskara puntuatu gabe (deialdi guztien % 80 inguru dira horiek).
Bi arrazoi eman dituzte epaileek igoeratxo hori baliogabetzeko. Lehenengoa da oposizio-lehiaketa erabiltzen duten lanpostu guztiei euskararen balorazio bera ematea ilegala dela, lanpostu bakoitzak bere ezaugarriak dituelako eta, beraz, guztiei balio berbera ematerik ez dagoela.
Arrazoi hori ez da oso logikoa. Izan ere, ia bideraezina da 10.000 lanposturen ezaugarriak baloratzea eta euskarari kasu bakoitzean balio ezberdina ematea. Logikoagoa da lanpostuetan euskarari balorazio bera ematea, eta ezaugarri bereziak dituzten lanpostuei balio handixeagoa ematea (Nafarroako Gobernuak arautu bezala). Jakina, erraza ez denez, oraindik ere zehaztu gabe daude euskararen balorazio handiagoa izanen duten ezaugarri bereziko lanpostu horiek (aurreikusia dago puntu guztien % 5’6ko balorazioa izanen dutela).
Igoeratxo hori baliogabetzeko bigarren arrazoiak, ordea, ez du konponbiderik. Epaileek argudiatu dute igoera hori ez dagoela justifikatuta. Nafarroako Gobernuak Nafarroako euskaldun kopurua alegatu zuen hori justifikatzeko, baina epaileek, ordea, ez dute onartu justifikazio hori, kale erabileraren datuak txikiagoak direla argudiatuz.
Hau da egoera: Epaileek justifikazioa eskatzen dute baina eman daitekeen justifikazio bakarra (Nafarroako euskaldun kopurua) ez dute justifikazio modura onartzen.
Behin irizpide orokorrak ezabatuta, deialdi guzti-guztietan euskararen balorazioa segurtasun juridiko faltan geratzen da, zeren errekurtso baten aurrean epaileek eska baitezakete balorazio hori justifikatzea, eta ez dutelako onartzen eman daitekeen justifikazio bakarra.
Bai UPNren garaiko dekretu askok, bai euskararen ordenantzek, baita Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan lehengo baloraziora itzultzeko egindako proposamenak ere, irizpide orokorretan oinarritzen dute euskararen balorazioa. Beraz, azkeneko berrogei urtean egindako deialdiek gehien-gehienetan irizpide orokorrak oinarri zituztenez, ilegalitate batean zuten jatorria. Benetan, aurrekaririk gabeko erabakia. 40 urtean egindakoaren legalitea kolokan jarri duelako, epaileek behin ere hori salatu ez badute ere.
.
Nola baloratzen dugu epaia?
LEHENENGOA.- Oinarririk gabeko epaia da. Euskararen Legeak ez du arautzen nola egin behar diren inprimakiak eta errotulazioak, ezta zer sistema jarraitu behar den ere merituak onartzeko. Ezin da aurkitu Euskararen Legean Dekretuak urratutako artikulurik.
BIGARRENA.- Epai horrek botereen banaketa apurtzen du. Parlamentuaren funtzioa legeak egitea da, eta Gobernuaren lana da horiek garatzea. Epaileen lana, ordea, da legeak eta Dekretuak betearaztea. Epaileak, ordea, horrela jokatuta, Parlamentuaren eta Gobernuaren gainetik jartzen dira, eta haiek agintzen dute zuzenean. Euren funtzioa gainditu dute, euskara eta euskaldunok kaltetzeko asmoz, beti egiten duten bezala.
HIRUGARRENA.- Euskararen Legea aldatzea beharrezkoa da, baina asko hobetuta ere, Espainiako sisteman txertatuta dauden epaile hauekin ez da izanen benetako bermerik.
Epaileen erasoa Epaileen erasoa