Elkarteen oldarra

Elkarteen oldarra –

Aitaren etxea amaren lurrean, eta «pro libertate patria gens libera state», hara Euskal Herria. Instituzio publikoak teilak ditu, eta teilatuak garrantzi berezia du naski: estalkia galdurik, etxea laster atzera doa, eta denborarekin desegiten da. Baina fundamenak, lokarriak, oinarriak jendarte zibilean dauzka, eta honek gaitzeko dinamismoa erakusten du gure zazpi lurraldeetan, bereziki hostoak bezala sortzen zaizkion elkarte jori eta ugarien bitartez. Denak ezin aipatuz behar bezala, Iparraldekoetara mugatu naiz gutiz gehienetan.

Elkarteen oldarra
1919 Euskaltzaindiaren bilkura Gipuzkoan P.BROUSSAIN,L.ELEIZALDE,J.AGERRE, R.AZKUE,J.URKIXO,P.LHANDE,TX.AGIRRE

Kulturakoetarik has gaitezen, lehenik agertu baitziren:

Euskaltzaindia (1918), Euskal Herri osora zabaldu den instituzio publikoa dugu bost hiriburuetako bulegoekin: Bilboko buruzagitza eta Baiona, Donostia, Iruñea, Vitoria/Gasteizko lau ordezkaritzak. Euskara batua sortu eta hedatu du, euskalkiak ere zainduz, bereziki zuberera.

AEK, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, Euskaltzaindiak sortua, gero beregain jarria: helduentzat Gau Eskolak egiten ditu, eta gainera Korrika ematen digu bi urteetarik Euskal Herri osoaren gaindi, jendearen parte hartze nasai bezain alai batean (1980an egin zuen lehentze).

Seaska (1969): Ikastolen federazio hori ezaguna da bereziki Senpereko laku inguruan Herri Urrats urtero antolatzen duelako 1984 urteaz geroztik. Lau mila ikaslez goiti eskolatzen ditu berrogei bat ikastetxetan: 12 ama eskola, 20 lehen mailako, lau kolegio eta Baionan Etxepare lizeoa.

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka (1965), Sarako Biltzarra (1984); Goiztiri, Zabal, Elkar argitaletxeak; Bertsularien lagunak (1980); Antzerki taldeak, maiz herri batekoak (pastoral, kabalkada eta beste); Dantzari taldeak; Kantari taldeak…

Prentsa idatzia: Herria 1944an Eskualdunaren segida harturik (1887), Argia, Enbata (1960), Egunkaria (1990, legez kontra Espainiako justiziak hetsia 2003an), Berria (horren jarraipenean sortua 2003an)…

Euskal irrati eta telebista libreak: Xiberoko Botza, Irulegiko Irratia, Gure Irratia, Xorroxin Irratia, Lapurdi Irratia, Amikuzeko Irratia, Kanaldude telebista librea…

Ekonomian: Hemen (1979) eta Herrikoa (1980), ELB/Euskal Laborarien Batasuna (1982), EHLG, Euskal Herriko Laborarien Ganbara (2005), Lurrama, laborantza iraunkorraren urteroko saloia (2006), Lurzaindia (2013), Label eta IGPak (Irulegiko ardoa, Ossau-Iraty gazta…), AMAP, janariak zuzenki saltzen dituzten laborari taldeak…

Lanbide formakuntzako eskola pribatuak – Laborantzako lizeoak: Berrogaine-Larüntze, Donapaleu, Donibane Garazi, Hazparne, Senperekoak; Industriakoak: Hazparnekoa, Seaskakoa Baionan, ESTIA ingeniari eskola Bidarten.

Mugimendu feminista, lehenik Zabal aldizkarian mintzatu zena (1974), gero Euskaldunak Iraultzan trajeriak aipatu zuena (Gotaine-Iribarne, 1993)… Emazteek diote taldea Hazparne inguruan… Mugimendu feminista informalki baina handizki hedatu da azken urteotan Me too fenomenoarekin batera…

Ekologian: Bizi (2009), Alda, Alternatiba (2013)…

ONG / GKE (Gobernuz Kanpoko Erakundeak): Kurutze Gorria, Sokorri Katolikoa, Sokorri Herrikoia, «Restos du coeur» delako Bihotzaren ostatuak…

Kiroleko klubak: bereziki errugbian, eskubaloian, pilotan, txirrindulan…

Erlijioen inguruko taldeak: kristau katekista multzo joriak, CMR/Herri Ekintza, eta beste…

Sail eta maila guztietan, gaitzeko militantzia dabil Euskal Herrian orokorki, eta ikusi dugunez Iparraldean bereziki: ehun biztanletarik hamar bat ekintzaile! Holako herria nolaz ez daiteke aurrera jalgi? Jende librea zutik dago, aitaren etxea ere bai, nahiz teilatua ez duen oraino bukatua, eta beraz amaren lurra, matria, amerria zelan ez ote liteke beregain jar? Geroak erranen du noiz eta nola. Mementoan Euskadi eraikitzen ari da euskal elkarteen oldarrean.

Elkarteen oldarra Elkarteen oldarra

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.