Elebitasuna Lanbide Heziketako goi mailetan
Elebitasuna Lanbide Heziketako goi mailetan –
Hezkuntza Departamentua, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen atariaren bidez, batzuetan neurri kaltegarriak zuritzen saiatzen da, hartutako erabakiei ikuspegi parte-hartzailea emateko. Beste batzuetan, ordea, nahitaez bete beharreko agindu edoarau batekin egiten dugu topo, hezkuntza-komunitateari aldez aurretik galdetu gabe martxan dagoena, eta horrek nabarmen kaltetzen ditu ikasleen helburu akademikoak. Adibiderik nabarmenena da ziklo elebidunen (ikastetxeko komunikazio-hizkuntza -gaztelania edo euskara- / atzerriko hizkuntza -ingelesa edo frantsesa-) ezarpena Nafarroa Garaian. Ziklo hauek ezarri egiten dira inolako aurreikuspenik, jarraipen akademikorik eta ikasleengan ekar ditzakeen ondorioei kasurik egin gabe. LAB sindikatuan hezkuntza-sistemak behar bezala funtziona dezan hezkuntza-komunitate osoaren parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, irakasleen klaustroetatik hasi eta ikasleen eta haien senide edo legezko tutoreetaraino.
2021. urtearen hasieran, Lanbide Heziketako hezkuntza-komunitate osoari aldez aurretik kontsultatu gabe hartutako erabaki baten berri eman zitzaion: Lanbide Heziketako irakaskuntzetan elebitasuna sartzea, Hezkuntzatik jakinarazi zuten Europar Batasuneko herrialdeen adibideari jarraituz egiten zutela. Carlos Gimeno kontseilariak adierazi zuenez, prestakuntza-modalitate berri horrek heziketa-zikloetako modulu mamitsuen ikaskuntza babestuko luke eta era berean, produkzio-sektoreen eskaerari erantzungo lioke, hau da, Lanbide Heziketako tituludunek hizkuntzak ezagutzeko duten beharrari. Benetan hala balitz, txalotu egingo genuke, baina errealitate horretatik urrun, ikusten dugu ez dagoela aldez aurretik egindako plangintzarik, ez azterketarik eta ez dela jarraipenik egiten ikasleen maila akademikoa jakiteko eta ikasgeletan elebitasun hori nola ematen ari den jakiteko.
Ingelesak Lanbide Heziketan duen ezarpenaren kronologia egiten badugu, begirada 2011-2012 ikasturtera atzeratu behar dugu. UPNren Nafarroa Garaiko Gobernuak, Lanbide Heziketako ikastetxeetako zuzendaritzei kontsulta egin ostean, irakasleak eskatu zituen Nafarroa Garaiko LHko zikloetan curriculum desberdinak aldatzeko. Hasiera batean, Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zigun LHko Goi Mailako Zikloetako bi ikasturteetan ingeleseko ikasgaia edo -LHko zikloetan esaten zaien bezala- modulua sartzeko asmoa zegoela. Lantalde haietan parte hartu genuen irakasleok adierazi genuen oso interesgarria zela irakasgai hori sartzea, baina lehenengo ikasturtean bakarrik, astean bi ordu ingeles zituzten ikasleek familia edo ziklo bakoitzari dagokion hizkuntza teknikoa eskuratzeko helburuarekin. Horretarako, ezinbestekoa zen LHko Goi Mailako zikloetara sartzean, ikasleek Batxilergotik, edo dagokion Erdi-mailako ziklotik ingeles maila akademiko egokia izatea.
Curriculumak egokitu ostean, nahi ez bezalako errealitatea aurkituko dugu. Alde batetik, Batxilergotik datozen ikasleen ingelesa maila aldakorra da eta hori ez litzateke gertatu beharko. Bestalde, Erdi Mailetatik edo beste bide batzuetatik datozen ikasleek ez dute ia ingelesaren ezagutzarik. Horregatik, eta ziklo jakin batzuetara sartzeko nota dela eta, maila egokia aurki dezakegu ESTNA edo Mariana Sanz IKZ bezalako zentroetan, edo horren egokia ez den maila aipatuko ez ditugun beste batzuetan.
Errealitatea da lehen mailako ingeleseko bi orduetan oinarrizko maila akademikoa ematen dela. Ikasle aurreratuek nota ona lortzen dute eta gainerakoek, modulua gainditzen dute. Ingeleseko modulua gainditzen ez duten ikasleak badaude, eskola uzteagatik gertatzen da, ez modulua ez gainditzeagatik. Baina, non dago ikasleek lortu behar zuten lanbide-arloarekin eta zikloarekin lotutako ingeles teknikoa? Ez da ematen. Gainera, ingeleseko modulua ematen duten irakasleek askotan ez dute lanbide-arloetako hizkuntza teknikoa ezagutzen eta beraz, ikasleek nekez lortzen dute beren zikloarekin edo lanbide-arloarekin lotutako ingeles maila akademikoa.
Ikasturte honetan, hamar ziklo baino gehixeago dira elebitasuna ezarri dutenak eta antza denez, Hezkuntza Departamentuak, epe laburrean, elebitasuna ezarri nahi du Goi Mailako ziklo guztietan, ingelesa hizkuntza nagusia izanik. Goi Mailako ziklo elebidunetako bi ikasturteek honako ezaugarriak dituzte:
Maila bakoitzean atzerriko hizkuntza modulu bat dago, ingelesa gehienetan, edo frantsesa, azken hori era gutxituan. LHko ziklo elebiduneko ikasle guztiek egin behar dituzte.
Dauden bi mailetan, gaitasun-unitateei lotutako lanbide-modulu bat atzerriko hizkuntzan irakasten da. Modulu hau B1 maila edo antzekoa egiaztatzen duten ikasleek egin behar dute. Maila hori egiaztatzen ez duten ikasleek ikastetxeko komunikazio-hizkuntzan -gaztelaniaz edo euskaraz dagoen apurrean- ikasiko dute. Horretarako, modulu horiek banandu egiten dira, ikasgelako zati batek ikastetxeko komunikazio-hizkuntzan jasotzen ditu ezagutzak eta besteak berriz, gehienetan ingelesez. Beraz, kasu horietan banaketa dugu, ikasleak bereizi eta bi irakasle behar dira, modulu bera emateko. Ikasleek, beren hizkuntza-hautaketan, nahiago dute ikastetxeko komunikazio-hizkuntzan eskuratu, baina badakigu batzuetan presioa jasaten dutela ingelesez ikasteko. B1 egiaztatuta ere, ezin zaie ikasleei eredu elebidunean matrikulatzeko presiorik egin.
Ziklo horiek ezarri dituzten lekuetan, ezarpenaren eta ikasleek jasotzen duten maila akademikoaren inguruko hermetismoa dago. Hala ere, leku gehienetan, ez irakasleak, ez ikasleak, ez daude pozik ezarpenarekin. Ikusten dugu bideraezina dela C1 maila akademikoa duten irakasleek lanbide-arlo bakoitzari dagokion modulu teknikoa behar bezala ematea, oro har ez dutelako beharrezko hizkuntza teknikorik. Bestalde, B1 egiaztatzen ez duten ikasleek, edo egiaztatuta ere, maila akademiko baxuagoa lortzen dute atzerriko hizkuntzan ematen den moduluan, baina errealitate hori Hezkuntza Departamentutik ezkutatu egiten da.
LABen badakigu irakasleei zein ikasleei kalte egiten ari zaiela ikasgai bakoitzari dagozkion maila akademiko teknologikoak eskuratzeko garaian. Ikasle askok arazoak dituzte ikastetxeko komunikazio-hizkuntzako moduluetan dagokien maila akademikoa eskuratzeko eta orain beste zailtasun bat gehitu zaie.