Elebidunen taxonomia
Elebidunen taxonomia
Hemen bizi den edonork badaki, bertako elebidunak ez garela denak berdinak. Halere dibertsitate horri bizkar emanda bizi gara, terminologia mailan gutxienez, behin eta berriz doitasun eskas eta bereizmen txiroko hitz zaharkitu berberak erabiltzen, azterketa soziolinguistiko sasoiko baten eragozkarri. Ezin besteko eta premia larrizko da, beraz, gure aniztasunaren aberastasuna zehaztasun handiagoaz erakutsiko duen taxonomia eraikitzen hastea. Honatx gure ekarpen apala eginkizunari:
.
Euskaltzalea. Eguneroko bizitzan euskara hobesten duena gainerako hizkuntzen gainetik, besteak baino bereago eta maiteago duelako, bere horretan eta bestelako ideologia kontuak tarteko izan gabe.
Misiolari zaharra. Misiolari zaharrak garatu gabeko herrialdeetara joan ohi ziren Ebanjelioa zabaltzera eta bertakoak laguntzera, orden honetan. Gure taxonomiako misiolari zaharrak euskaltzaleen antzeko dira, baina beste espeziea osatzen dute, euskara beste jainko baten mesedetan erabiltzen dutelako. Oso ugariak izan dira gure artean aspaldidanik eta morfologia arrunt diferentetakoak izan arren hurbilekoa dute ADNa haien artean. Euskaltzalearekiko berriz, hibridazioaren muga-mugan dago, erran nahi baita gurutzaketak, batzuetan ugalkor eta besteetan antzu gertatzen direla. Hau dela eta, Neandertala esan ohi zaio baita ere.
Hidalgoa. Euskara, hidalgia ziurtagiri modura erabiltzen duena, baina gero erdara erabiltzen duena komunikatzeko. Kaixo aspaldiko, zer moduz? Ya sabes lo que le ha pasado a Vicente …? Hitz bakar erritualizatu batzuen bidez bere jatorri jatorraren berri ematen du kasu batzuetan edo elebidunen multzoan integratzeko ahaleginen berri besteetan. Emeske dabiltzala luma ederrak erakusten dituzten hegaztiekin duten antzagatik, lumagorri esan ohi diote halaber autore batzuk.
Abadea. Elizan latina eta kalean erromantzea zerabilkiten garai bateko abadeekiko antzagatik ezartzen zaio izen hau, euskara antzespen erritualizatu modura erabili ohi duena izendatzeko. Abadeak eskortean sartuta gorde ohi du euskara eta hidalgoaren antzera ez du mundu zabalean komunikatzeko erabiltzen. Bi espezieok oso hurbilekoa dute ADNa eta beren arteko hibridazioa ugalkorra izaten da.
Proxeneta. Euskaltzale izan ez eta euskaratik bizi dena, hots, euskararik ez balitz ogibidea galduko lukeena. Prostituzio arloan ez bezala, soziolinguistika arloan proxenetismoa ez da delitu. Eskerrak! Non sartu bestela hainbeste jende?
Sigualda. Rojigualdarekin duen antza fonetikoa kointzidentzia hutsa da. Sigualda txori(buru) arinen antzera, jauzika ibili ohi da etengabe euskañoletik españolera eta alderantziz. Autore batzuk zalantzan jartzen dute benetako euskal elebidunak ote diren ere. Guk, dena den, barruan kokatzen ditugu taxonomia honetan. Gastronomia edo sendagintzaren aldetik inolako interesik ez duen baratzeko belar txatxuen antzekoak dira, inutil eta ezgauza, deusetarako balio ez duena, estatistika goresmerke batzuk puzteko ez bada.
Mozoloa. Arrunt despistatuta dabilelako eman ohi zaio izen hau. Sigualdaren antzeko espeziea da. Bere ezaugarri nagusia zera da, “es ke zara la hostia tío” eta antzekoak esaterakoan, euskaraz ari dela uste izatea.
Koala. Egoitza duen arbolari besarkatuta bizi da pozik, bertako hostoak janez. Motozerra hotsek ez dute asaldatzen eta inguruko arbola guztiak eraitsi dituztela ikusitakoan zeharo baikor esaten du lehen ez bezalako dibertsitate aberasgarria ikusten duela orain, aurreko baso itxiaren ordez, eta izugarri atsegin duela orain ikus dezakeen paisaia berria. Hosto guztiak jaten dituenean hurrena zer jango duen galdetzen zaionean erantzuten du zuhaitz berriak bere kasa sortuko direla, jainkoa lagun. Koalak ez du ikusten inondik inora euskara arriskupean dagoenik eta datuekin erakusten zaionean, euskarak iraungo duela gizarteak nahi badu erantzuten du lasai askoan, batera urduritu gabe.
Hart(z)aburua: Aurrekoaren hurbil hibridagarria. Negua lo eman ohi du hibernazioan. Neguko loaldian bizirik irauteko behar hainbat gantz metatzen ez duenean, jan gehiago aurkitzeko zerbait egin beharrean, loaldia aurreratzen du hurrengo udaberrian bazka gehiago topatuko duelakoan. Noski, iraungitze bidean da. Koalak bezala, euskararen iraupena geroak ekarriko duela uste du, jainkoa lagun. Axularren Gero irakurri gabeak edo irakurri eta ezer ulertu gabeak izan daitezke.
Txantxangorria. Bere arrautzak habitik bota dituen kukuarenak pozik eta maitekiro hazten dituen txori ergelaren antzekoa. Oraingoz ez da guztiz iraungi baina portaera inozo horrekin ezin esan noiz arte eutsiko dion. Txantxangorriak erdara maite dezagun aldarrikatzen du, euskara bezain gurea dugulako, erdara nagusi dadin ahalbidetuz, eta nagusitasun horren aurka laztanak errezetatuz.
Honenbestez, herri honetako soziolinguista amateur ugariek badugu tresna bat, kalera grabagailu eta argazki makinarekin irten eta hor zehar topatzen dugun fauna nabarra deskribatzen eta sailkatzen hasteko. Seguru luzaro baino lehen espezie berrien albisteak iritsiko direla, gure taxonomia zirriborro hau osatu eta borobiltzeko.
Lasai, dena konponduta: http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_content&view=article&id=5019:hitzargia&catid=121&Itemid=619&lang=eu
Kar-kar-kar! Definizio batzuen barruan ikusi dut nere burua. Hausnarketa dotorea Juan Inazio!
Berba horiek, hurrengo Orotariko Euskara Hiztegiko eguneratzean, Euskaltzaindiak kontuan hartu beharrekoak, bai horixe.
Ederra!
O-na!
Euskararen mikrokoskoak zer fauna aberastasun duen ikustea egundokoa duk! Horietako batzuk existitzen ere zirenik ere ez nekian.”Proxeneta”rena egundokoa duk eh? A ze piztia! Indar korrelazioan hauetako zenbatekin egin zezakeagu aurrera?
Proxeneta, laborategian eraldaturiko hainbat espezieren nahasketa denez zaila da sailkatzea. Oro har EHUko inguretan bizi dira diru publikoa depredatuz. Espezie inbaditzaile edo izurritea direnez, diru publikoa agortzean ez dakigu ekosistemara moldatuko diren edo hau suntsituko duten.
Guk ere haien taxonomia ikertzeko dirua eskatu beharko genuke eta tailer bat egin. Bazkari eta gosariak barne.
Proxenetak euskal ikastetxe mota guztietakoen inguruan aurki daitezke erruz. Proportzioa aldatzen da batzuetatik besteetara, baina hasi ikastoletan, segi D eredukoetan, unibertsitatean eta buka euskaltegietan, espezie ugaria dira. Bestelako erakundeetan (alderdi, sindikatu, Jaurlaritza, foru aldundietan, udaletan ere bai). Euskara zerbitzuetan ere aurki daitezke han-hemenka!
Koalarena ere mundiala. Koala faltarik ez da inguruotan, ez.
Hala da Maritwo, koala asko dago bazterretan eta onartzen dut dibertsitate horretan badudala besteak beste koalaren kutsuak ere.
Baina dibertsitate horretan, aipagarria da hemen Zuzeun ugari dabilen espezie bat eta aipatu ere egiten ez dena, Apokaliptikoak deritzenak: Soinean goitik beherako pankartak daramatzate, eskuan kartel itzelak ere; “Gureak egin du!”, “Euskararen Apokalipisia gertu dago!” eta antzekoak aldarrikatuz. Apokaliptiko hauek, koala guztiak ehizatu eta ahalik eta urrunen dagoen uharte batera eramango lituzkete eta horrela beraiek aldarrikatzen duten Egia eta Egi Bakarra aditzera emango lukete.
Eta ez nazazue gurutziltzatu, umorea mesedegarria da eta hemen gauden guztiok, nor bere kasa, helburu berarekin gabiltza.
Ongi izan.
Mila esker taxonomia hau aberasten saiatzeagatik. Deskribatzen duzunaren familiakoa izan daiteke agian Larreetako Txakurtxoa (http://dailygeekshow.com/wp-content/uploads/2013/08/106-bebes-animaux-hyper-craquants-qui-vous-feront-fondre-de-tendresse8.jpg), atzeko zangoen gainean zutituta beti erne egon ohi dena, arriskua azaldu orduko lagunei iragartzeko. Hauek ez dituzte koalak ehizatu eta irla urrun batera eraman nahi, hauek koalak lagun dituzte eta desesperatu egiten dira oihu egin eta egin arren, koalak ez direla enteratzen ikusita.
Horra beste proposamen bat bildumarako:
Donguorritarra
Donguorritarrak laket ditu “asko egin da”, “aurrera goaz”, “lehen euskarazko CDrik ere ez zegoen”, “egunón-buenosdías”, edo “bi belaunalditarako badaukagu” gisako mezu politikoki zuzenak.
“Ez goaz ondo”, “egoera kezkagarria da”, “gurasoek nola, seme-alabek hala” edo “ia inork ez du ETB1 ikusten” gisako mezu “apokaliptikoek” deseroso sentiarazi eta matxinarazten dute. Izan ere, “aurrera bagoaz” ez dago zertan kezkatu, eta “ondo ez bagoaz”, zer egingo zaio? Don’t worry!
Eta kanpai-joleak! “Eta hemendik aurrera zer?” homiliako “Insatisfazio batekin bizitzen ikasi beharra dago” irakurrita, insatisfazioari aurre egiteko metodorik onenari uko egin nahi ez dioten temosoak.
Hemendik aurrera? Orain arte bezain superrongi: http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_content&Itemid=619&catid=121&id=5089&lang=eu&view=article
Beste azpiespezie bat:
“Mekauendarra”, edo beste era batera “S(j)atorra”. Hau hidalgoaren antzekoa izan daiteke, baina batez ere berezitasun batekin, euskara parrandan erabiltzen duela, “mekauendio!” edo halako gazgarriekin jantzia. Hau da, egunerokoan erabili gutxi, baian “Jator” izatea tokatzen denean… “Iepa, gazte!” eta halakoen gogaitzen zaituena.