Umeen bizipenak euskaraz (Rober Gutierrez)

Umeen bizipenak euskaraz

Umeen bizipenak euskarazUmeek laguntzen dute egunerokotasunari beste modu batez begiratzen, erronkak beste ikuspegi batzuetatik aztertzen. Aitortu behar dut gure seme-alabekin hala gertatzen zaidala eta egoera deigarriak eta errealitatearen gordina behin eta berriro paratzen dizkidatela begien aurrean.

Hizkuntzari dagokionez, konturatzen zara urte hauetan urratsak egin direla euskararen bilakaera sozialean. Egia da, aurrerapenak hor daude. Hitz egin genezake politikez, plangintzez, baliabideez, erritmoez, erantzukizunez eta abarrez, baina egindakoa hor dago. Ikuspegi baikorrak eta ezkorrak nahasten dira eta, lorpenak lorpen, oraindik ere erronka handiak ditugu aurrera begira, eremu formal zein informaletan, ezagutza, erabilera eta motibazioari dagokienez.

Azken aste hauetan umeekin bizi izandako zenbait egoera erreal partekatuko ditut zuekin, adibide moduan:

1) Maiatzaren bukaeran, alabetako batekin ospitalean. Ni alabarekin hizketan, lasaitzeko asmoz. Proban, hiru erizain zeuden, gazteak, eta hirurak hasi zaizkio hizketan alabari, gazteleraz. Alaba ondo moldatzen da gazteleraz, arazorik gabe, baina euskara da bere ohiko hizkuntza eta horrelako egoera deserosoetan gazteleraz aritu behar izateak urduritasuna areagotzen dio. Euskaraz aritzeko eskatu nien erizainei, alabak erantzuten ez ziela ikusita. Batek galdetu zidan gazteleraz ez ote zekien… Euren protokoloan egongo zen galdera hori. Eman hegoak euskarari… Azkenean, ia probaren amaieran, euskaraz aritzen zen mediku bat ere etorrarazi zuten eta hiru erizainetatik bat hasi zitzaion euskaraz alabari, proban zehar egin behar zuena azaltzeko. Kalitateko arreta eskaini al zioten alabari? Nabarmena da profesional hauek ez daudela behar bezala gaituta gure umeen beharrak asetzeko.

2) Seme-alabek eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz gozatzen dituzte. Ikastolaren irizpidea da, bai eta eskolaz kanpoko ekintzak antolatzearen ardura duen gurasoen elkartearena ere. Oso argi dute, zorionez, umeei espazioak eskaini behar zaizkiela euskaraz, eskola ordutegitik kanpora ere egiten zaien eskaintzak euskarazkoa izan behar duela. Hasi dira, ordea, azken boladan, eskolaz kanpoko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetatik deika ikastetxe eta ikastoletara, jarduera horien ingelesezko eskaintzarekin. Etorkizunerako ezinbestekoa dela eta inguruko eskoletan hasi direla ingelesezko eskaintzarekin. Erne ibiltzeko eta aukera ez galtzeko gomendioa egiten dute, gure seme-alabak atzean ez geratzeko… Eta duela gutxira arte jarduera horiek euskaraz aukeratzen zituzten hainbat guraso ingelesaren aldeko hautua egiten hasi dira, euskaraz ikastolan ere nahikoa ikasiko dutelakoan. Eskolaz kanpoko ekintzak ingelesez, gazteleraz iragartzen diren udaleku ustez hirueledunak… Gasteiz bezalako hiri batean kezkagarria da euskararentzat irabazitako espazio batzuk galtzeko arriskua egon bailiteke. Atzera egiteko arriskua dago.

3) Eskola-kirola. Urtean zehar, multikirol topaketak antolatu ohi dira (Gasteizko) ikastetxe zein ikastoletako umeentzat, udalak eta aldundiak babestuta. Eremu formaletatik kanpo, kosta egiten da umeen arteko ahozko jarduna euskaraz izatea. Egia da, baina ez litzateke arazorik egon beharko haur eta gaztetxoen gaitasunari begiratzen badiogu.

Hizkuntzaren ikuspegi ludikoa landu eta sendotu beharko litzateke era honetako ekinbideei esker. Gertatu izan zaigu, Gasteizko ikastetxeak elkartzen direnean, begiraleren bat edo beste gazteleraz aritzea umeekin… Eskola-kirola administrazio publikoek antolatzen eta finantzatzen dutenez, ezinbestekoa izan beharko litzateke hizkuntza irizpideak ezartzea eta betearaztea. Begirale zein entrenatzaile euskaldunak izatea ezinbesteko baldintza izan beharko litzateke, eta, horretarako behar diren formazioa eta laguntzak bideratu beharko lirateke. Kirolak umeen eta gazteen aisialdiko denbora zati handia betetzen duela aintzat hartuta, euskaraz egiteko aukera bermatu beharra dago.

4) Umeek gustuko dute Elkar dendan sartzea, liburuak, komikiak, diskak, kromoak eta jostailuak begiratzea eta erostea. Gustatzen zaie zinera edo bestelako ikuskizunetara joatea. Gustuko dute telebistako marrazki bizidunak ikustea. Dagoenean, urria da euskarazko eskaintza gainerako hizkuntzen aldean.

5) Umeak kozkortzen ari dira eta noizean behin mandatuak egitera bidaltzen ditugu; nora joan behar duten eta zer erosi behar duten azaltzen diegu eta hara joaten dira… Atentzioa eman zidan behin semeak egin zidan galdera: “denda horretan, euskaraz ala gazteleraz eskatu behar dut?” Horra hor galdera deserosoa.

Gure seme-alabak, neurri handian, euskaraz bizi dira ikastolatik kanpo, baina bere lagun gehienak ez… Argi dago euskara eskolarekin soilik lotzen badute, hizkuntzarekin izango duten harremana oso ahula izango dela. Egunerokoan euskara entzuten eta erabiltzen badute, aldiz, euskaraz ere bizipenak izango dituzte. Hori da euskara eurenganatzeko biderik eraginkorrena.

Rober Gutiérrez

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria

Umeen bizipenak euskaraz Umeen bizipenak euskaraz Umeen bizipenak euskaraz Umeen bizipenak euskaraz
Umeen bizipenak euskaraz Umeen bizipenak euskaraz Umeen bizipenak euskaraz Umeen bizipenak euskaraz
 

4 pentsamendu “Umeen bizipenak euskaraz (Rober Gutierrez)”-ri buruz

  • Gasteizko lagun euskaltzaleak amorratuta daude seme-alaben hizkuntza erabilerarekin. Etxean baino ez omen dute euskaraz egiten. Lagunekin-eta, zerotik oso gertu. Ikastoletan dabiltza horiek ere, eta antza denez, “teknolekto” berezi bat garatu dute urteekin, ariketak edota lanak elkarrekin kontsultatzeko garaian: euskarazko hitz teknikoez tartekatutako gaztelera. Ez da harritzekoa:
    Gurasoen arteko hizkuntz jarduna erdaraz omen da oso-oso nagusiki.
    Gasteizko kalea erdalduna da (dendak, tabernak, eta abar, eta abar…)
    Eskolaz kanpoko kultur eta aisialdi eskaintza gazteleraz da oso-oso nagusiki.
    Telebistarekin badakigu zer gertatzen den, seinalatzea itsusi gertatzen omen den arren..
    Interneteko euskarazko eskaintza…
    Zineman sei hilabeterik behin edo eskaintzen da euskarazko filme bat, oharkabean igaro ohi dena bestalde.
    Liburudendak? 30etik gora omen daude Gasteizen. Horietan euskarazko eskaintzarik oparoena Elkarrek izango du, eta hala ere, barregarria da bertako gaztelerazko eskaintzarekin alderatuta…
    “Egunerokoan euskara entzuten eta erabiltzen badute, aldiz, euskaraz ere bizipenak izango dituzte…” Hori da arazoa baina: adinean aurrera egin ahala, euskara entzun eta erabiltzeko aukerak esponentzialki urritzen zaizkiela gure haur engainatu gaixoei. Behin Pirritx eta Porrotxen mundutik urruntzen direnean, oso nekez aurkitzen dutela beste euskarazko mundurik, ez badira bertsolaritzan murgiltzen diren hiruzpalauak.
    Emaitzak agerikoak dira. Gure haur eta gaztetxoek gero eta goizago egiten diote euskarari ihes. Aukerak biderkatu zaizkie gainera, ingelesaren obsesioarekin (sukar antolatua ziurrenik, Nafarroan erraz ikus daitekeen gisan).

  • Norbanakoon borondatea besterik ez badaukagu eskaintzeko, euskaldunonak egin du.
    Gauza ez bagara hizkuntz politika duinak garatzeko ez bada, gutxienez exijitzeko, hobe genuke beste eremu batzuetan jardun. Edota behintzat babesik ez eskaini, egitarau antolatu sendorik eskaini ez, baina norbanakoei euskaraz egiteko “eskatzen” dietenei.
    Bestela esanda, Txantxangorri gutxiago, eta euskarazko eskaintza eta aukera askoz gehiago behingoz!

  • Semeak oraintxe bertan: “euskal telebista da una mierda, chico, qué quieres que te diga”…
    (Euskaraz ari zelakoan).

  • Faltan botatzen dugula euskalgintzaren jardun ausartagoa, alegia…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude