Eire eta Suomi

Eire eta Suomi –

Eire eta SuomiEdo Irlanda eta Finlandia (bide batez, ez dakit zergatik ez dugun euskaraz Finlanda esaten, gaztelaniaren imitazioagatik ez bada). Bi nazio, behiala berezko hizkuntza gutxitua zutenak, (biak ala biak hizkuntza “arraroak” eta ingurukoak ez bezalakoak gainera), estatu propioa osatzea erdietsi zutenak, eta,- horraino berdintasunak-, hizkuntzari eusteko garaian emaitza ezin diferenteagoak izan dituztenak: Suomiera hizkuntza normalizatua da eta gaelikoa berriz, komatik atera ezinean dugu aspaldi etsita. Zergatik egin zuen batek gora eta besteak behera? Batzuen eta besteen lege eta erakundeei erreparatu ohi zaie diferentzia ulerbideratzeko, baina ez genuke ahaztu behar legeak eta erakundeak gizakiek egiten dituztela, eta indar-erlazio baten fruitu adina, hizkuntzaren balio eta prestigioaren inguruko irizkidetza baten fruitu direla baita ere.

Oiloa eta arrautzaren debatea aurkitzen dugu hemen berriro, beste hainbatetan bezala. Jendeak ez du euskaraz gehiago egiten behar hainbat menderatzen ez duelako ala ez du hobeto menderatzen behar hainbat egiten ez duelako? Legeek eta erakundeek hizkuntza prestigiatzen dutelako egiten du hizkuntzak gora, ala hizkuntzak prestigioa duelako egiten dira haren aldeko lege eta erakundeak, hizkuntzak gora egitea eragingo dutenak?

Euskarak eta katalanak lege-uztarri berbera pairatzen dute, ezin dira beren esparrutan nagusi izan, ezin da haien ezaguera derrigortu, baina halere bada alderik bien bilakabideen artean. Katalanak gora egiten du nabarmen eta euskarak ez. Batzuk berehala argitzen dizute alde horren jatorria: katalana gaztelaniatik hurbilago dago euskara baino, eta hurbiltasun horrek mesede egiten dio. Nahikoa da, frantsesetik hurbil dagoen okzitanieraren egoerari begiratzea aurreko ulerbidearekin ez konformatzeko. Eta lege estatusa bera ez dela arrazoiaz  ihardesten duenari esango nioke katalanaren egoera okzitanierarena baino hobea zela baita frankismoaren azken urte gordinetan ere.

Kontua da, ulermenaren ilusioa sortzen digun lehen esplikazioarekin ez konformatzea, eta aitzitik, inguruan dugun datu mordoa sakon aztertu eta ondo ustiatzea, arrakastaren gakoa non egon ote daitekeen asmatzeko.

Zein ezaugarrikidetza dute Flandriak, Finlandiak eta Kataluniak?  Zein Irlandak eta Okzitaniak? Orain arte haiei buruz ikasi dugunarekin agortu al dugu eskain diezaguketen zer erakutsia?

Errumanian 200.000 alemaniar bizi dira, 800 urtez arazorik gabe beren hizkuntzari eutsi diotenak hogeita bi miloi errumaniarren artean. Zoaz berriz Hego Amerikako euskal etxeetara eta zaude zain euskaraz noiz entzungo duzun lehen hitza. Euskal emigranteek beren hizkuntza azkar galdu ohi zuten, irlandarrek bezala, italiarrek bezala. Gehienez hirugarren belaunaldirako, eta normalean hori baino lehenago, arbasoen hizkuntzaren arrastorik ez. Ulerbiderik ba al dugu kidetza eta desberdintasun hauek argitzeko?

Euskara eta bere ohiko salbuespen estatusa tartean ez baleude eta industria edo ekonomia arloko kontuez ariko bagina, zalantzarik ez dut forentsearen pazientziaz eta fintasunez jardungo zuela administrazioak, inguruko esperientzia horietatik datuak biltzen eta aztertzen, biltzen eta aztertzen, matrize mardula osatuz,  arrakastaren gakoen bila. Hori da gauzak ondo egiteko bidea, helburuak erdiestera daraman bidea.

Gaur oraindik, euskararen presentzia  galgatzen duten aldagaien azterketa ez dago esplizituki EAEko Hizkuntza Politikaren Sustapen Zuzendaritzaren helburuen artean. Dena bageneki bezala ekiten diogu sustapengintzari, eta emaitzei erreparatuz  gero, bada zantzurik dena jakitetik urrun samar gabiltzala susmatzeko. Ez al da garaia une batez gelditu eta patxadazko gogoetaldia abiatzeko?  Abraham Lincoln-ek esana da, zuhaitza eraisteko ordubete izango balu, hiru ordu laurden aizkora zorrozten emango zituela. Guk ere hobe genuke, aizkora kamutsarekin kolpeka alferrik lehertu beharrean, aizkora zorrozteari tartetxo bat emango bagenio.

https://www.ipetitions.com/petition/hizkuntza-politika-integrala

Eire eta Suomi Eire eta Suomi Eire eta Suomi