EH Bildu, PSE-PSOE eta EQUO euskarari buruz

EH Bildu, PSE-PSOE eta EQUO euskarari buruz –

EAEko bozak direla eta, 90 euskaltzalek hamabi galdera luzatu genizkien Legebiltzarreko alderdiei. EH Bilduk, PSE-PSOEk eta EQUOk erantzun ziguten.

Horra galderak, eta beren erantzun guztiak, jasotako hurrenkera berean.

  1. Kezkarik baduzue, oro har, euskararen erabilera oso apala delako gure gizartean?
  2. Irakaskuntza ez unibertsitarioari dagokionez, euskararen unibertsalizaziorako hain garrantzizkoa den 16 urte-bitarteko epealdian ereduen birmoldaketa beharrezkoa ikusten duzue, DBH amaieran, ikasleek euskararen maila on bat lor dezaten? Zein estrategia ikusten duzue beharrezko horretarako?, curriculumean aldaketarik egingo zenukete euskal gai gehiago sartze aldera?
  3. Lanbide heziketaren euskarazko eskaintzari buruz, zer diozue?
  4. Unibertsitate publiko eta pribatuez den bezainbatean?
  5. Tokiko administrazioan, autonomikoan, eta zer esanik ez estatalean, UEMAko udalerrien salbuespenarekin, gaztelania da nagusi erabilera hizkuntza gisa, eta maiz zerbitzu hizkuntza gisa ere. Zer neurri proposatzen dituzue euskararen erabilera normalizatzeko zerbitzu-hizkuntza gisa eta lan- hizkuntza gisa?
  6. Bozetan hautagai izateko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoa izatea ondo ikusiko zenukete? Zer egiteko prest zeundekete euskara ohiko hizkuntza izan dadin Legebiltzarrean?
  7. Zein urrats jotzen dituzue beharrezko ETB1ek galdua duen prestigioa eta audientzia berreskuratze bidean jartzeko? Zer egin dezake ETB2k normalizazioaren helburu horri begira? Eta Radio Euskadik? Nahikoa irizten diozue sortzaile euskaldunen lanen hedapenari EiTBn? 1982ko Euskararen Normalizaziorako Legearen III. Kapituluan, hauxe jasotzen da: “Hedabideetan euskararen presentzia areagotzera bideratutako neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino” Norabide horretan, zer neurri proposatzen duzue?
  8. Lan arloa euskalduntzeari dagokionez, lehenbizi, zenbateraino lagundu dezake administrazioak enpresa pribatuek euskaldunen eskubideak aintzat har ditzaten?
  9. Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatze aldera, zer neurri hartzea duzue pentsatua saltokietako zerbitzu-hizkuntzari dagokionez eta produktuen etiketaje kontuan?
  10. Gure mundua gero eta digitalagoa dela kontuan harturik, alor horretan euskarari benetako bultzada emateko zer duzue aurreikusia
  11. Uste duzue gaur egun EAEk dituen eskumenekin, euskararen normalizazioa aurrera eraman daitekeela aski arrakastarekin, epealdi arrazoizko batean? Zuen ustez EAEko biztanleek, euskaraz dihardutenean, gaztelaniaz dituzten [hizkuntz] eskubide berberak izan beharko lituzkete?
  12. 1982ko Euskararen Normalizaziorako Legea aldatzeko beharrik ikusten duzue?

.

EH Bilduren erantzunak

1. Bai, oso kezkatuta. Indarrean dagoen hizkuntza politikak hiztunarengan uzten du euskararen erabileraren erantzukizuna eta, horri, ez diogu zilegi irizten. Erabilera maila eskasaren erantzukizuna norberarena baino hizkuntza politikaren arduradunena baita.

2. EH Bilduk hizkuntza-ereduen sistema gaitzesten du eta, horren ordez, murgiltze-ereduaren alde egiten du. Murgiltze-eredua, beti ere, tokian tokiko egokitzapenekin ikasle guztiek derrigorrezko eskolaldiaren amaieran euskara maila jasoan bizi ahal izan daitezen. Gure ustez, behar den estrategia da hezkuntzako eragile guztiek, ikasleek, irakasleek, gurasoek, sindikatuek eta abarrek, alderdiekin batera, Hizkuntzen Erabilera Hezkuntzan berariazko legea bultzatzea. EH Bilduk uste du berariazko legea beharrezkoa dela hezkuntzan euskararen normalizazioa lortzeko. Hizkuntzaren normalizazioa, jakina, zeharbidez curriculumari lotzen zaio baina curriculumaren aldaketa soilak ez du bermatzen euskararen normalizazioa. Edozein kasutan, EH Bilduk curriculumaren aldaketa eta egokitzapena eskatzen du hezkuntzan sufritzen dugun akulturazio prozesuari aurre egiteko.

3. Aspaldian eskatzen ari gara euskaraz jardutea; eremu honetan ere hizkuntza-ereduen sistema oso kaltegarria dela iruditzen zaigu. Espainolaren nagusitasuna eskandalagarria da harik eta inposaketa izateraino. Euskarazko irakaskuntza duina eskatzen dugu. Honetarako ere, Hizkuntzen Erabilera Hezkuntzan berariazko legea beharrezkoa dela iruditzen zaigu.

4. EH Bilduk bere egiten du EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATE-BARRUTIAREN aldarria. Beharrezkoa da euskarazko Gradu eta Gradu Ondoko titulazioen mapa ahalik eta azkarren egitea. Berpiztu eta indartu behar da Euskal Unibertsitatearen aldeko mugimendua eta, bide batez, txalotzen dugu unibertsitateetako euskaltzaleek egiten duten lan itzela.

5. Gure ustez, administrazio publikoetan euskarak behar du izan KOMUNIKAZIO-, ZERBITZU- eta LAN- HIZKUNTZA. Horrek, halabeharrez, eskatzen du zehar-lerroko hizkuntza politika egitea. Sailez saileko ardurak eta ataleko normalizazio-planak baino gobernuaren goi-mailako hizkuntza-politikarako zuzendaritza orokorra ezinbestekoa da, kultura sailaren menpeko, ez hezkuntza sailaren menpeko ezta ere bestelako sailen menpeko.

6. EH Bilduk horrela eskatzen du. Gure ustez, Euskal Herriko berariazko hizkuntzaz ez dakienik edo alfabetatu gabekoa denik ezin izan zitekeen herri-ordezkari. Beraz, hautagaia ere ez. Legebiltzarrari dagokionez ahaleginak eta bost egingo dugu euskara Legebiltzarreko KOMUNIKAZIO-, ZERBITZU- eta LAN-HIZKUNTZA izan dadin.

7. Gure ustez, ETB1 eta Euskadi Irratia, biek ahal biek, berariazko antolakunde eta aparteko aurrekontua (duina) beharko lukete. Euskaldunen hedabideak, euskaraz egin eta hedatzen direnak, ezin egon daitezke erdal hedabideen mendean. Euskaldunen hedabideek askatasuna lortu eta Euskal Herriko erdal hedabideetan euskararen normalizaziorako planak egitea eskatzen dugu (ETB2, Radio Euskadi eta abar). EH Bilduren ustez 1982ko Legea zaharkiturik dago eta euskararen normalizazio lagundu baino oztopatu egiten du. Gogorarazi nahi dugu lege horretan, adibidez, EITB “Espainiako Irrati Telebista” dela. Lege zahar horrek ez du ezagutzen EiTB existitzen denik ere, lege berria behar dugu.

8. Zenbateraino? Akaso, zerbait egiten du? Hasteko adibidez erakunde publikoen hornitzaileak diren enpresa askok, gehienak esango genuke, euskaldunen hizkuntza-eskubideak urratzen dituzte eta erakunde publikoek horrela onartzen diete. Hortik hasita, erakunde publikoek enpresa-hornitzaileei hizkuntza eskubideak errespetatzea exijituko balie, enpresa pribatu askok serio hartuko luke euskararen erabilera, eremu publikoko bezeroak galdu nahi ez baditu, bederen. Beste aukera izango litzateke Hizkuntza Politikaren Sailburuordea Kultura sailetik kendu eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean sartu. Serio jarrita esan dezagun, Hizkuntza Politika Kultura saileko eginkizun ikusten dugun bitartean jai daukagu lantokietako euskararen normalizazioa.

9. X. legealdian EH Bildu saiatu zen kontsumitzaileen legea aldatzen euskaldunen hizkuntza-eskubideak babesteko eta eskubideen urraketak zigortzeko. Bide horretatik jo behar dugu.

10. Galderaz galdera, badirudi, atal bakoitzerako erantzun jakin bat izan behar dugula. EH Bilduk ez du hizkuntza politika horrela ulertzen. Ikuspegi orokorra ezinbestekoa da hizkuntza-politika eraginkorra izango bada. Teknologia berrietan, unibertsitateetan eta sektore euskaltzale aurreratuetan sekulako lana egiten ari dira. Horiei jarraitu.

11. Oinarrian, gure ustez, eztabaida bestelakoa da. Hizkuntza-eskubideak hiztun elkarte bakoitzaren egoerari lotzen zaizkio. Erdaldunen hizkuntza-eskubideak urratzen al dira? Kontua ez da erdaldunen adina hizkuntza-eskubide izatea, gu ere erdaldunak baikara, kontua da euskararen hiztun elkartea, bere osotasunean, eta elkarteko kide guztiei eskubideak aitortu eta errespetatu daitezela.

12. Galdera honi erantzun diogu.

.

PSE-PSOEren erantzunak

  1. Azken urteetako erabilera datuak ikusita, euskararen arazo larrien artean erabilerarena dela uste dugu. Etorkizunera so, erabilera sustatzea eta horren inguruan politikak indartzea ezinbestekoa da.
  2. Bere garaian Hezkuntza Saila kudeatu genuenean sustatu genituen erreformak gaur egun daukagun egoera ikusita egokiak izan zirela argi geratu da.
  3. Lanbidek ematen dituen zerbitzuetan euskara bermatu egin behar da, eta, horrekin batera, euskarak duen garrantzia lan merkatuan sarrera izan dezan, langabezian dauden eta Lanbidera joaten diren pertsonei euskarazko heziketa eskaintzea egokia iruditzen zaigu.
  4. Legearen arabera, eta Jaurlaritzak dituen eskumenak kontutan hartuta, unibertsitate pribatuei euskarak duen lekua bere ikasketen eskaintzan behar garrantzia ematea gomendatuko genieke.
  5. Gure programan euskararen erabilera administrazioan sustatzeko neurriak ditugu, batez ere, egunerokoan, gisa baliabideak jarriz eta funtzionarioen artean erabilera zabalduz.
  6. Legearen arabera ezin da derrigortu edo inposatu. Logikoki, euskararen ezagupena balioan jartzen dugu. Legebiltzarreko egunerokoan badira gure taldekideak euskara erabiltzen dutenak. Alde horretatik, ahal hainbeste erabiltzen dugu.
  7. ETB1eko audientzia jaitsieran ez dauka inolako eraginik hizkuntzaren erabilera, baizik eta edukien kalitatea. Horren inguruan, euskarako edukiak kalitatea irabazi beharko dute. Ezinbestekoa da edukien kalitatearen inguruan apustu tinko bat egitea gizartean telebista publikoarekiko interesa berreskuratzeko.
  8. Gure programan liberazio sistema bat proposatzen dugu Euskadiko langileriak euskara ikasteko eskubidea bermatuta izan dezan.
  9. Gai honen inguruan, udaletxeekin batera egiten den sustapen lanarekin jarraitzearen aldekoak gara.
  10. Administrazioaren aldetik eduki digitalak elebidun daude jada, hala era, enpresa digitalekin hitzarmenak bultzatzearen aldekoak gara.
  11. Eskubidea bermatu egin behar da eta horretarako administrazioak dituen tresnak eta politikak sustatzen dira. Hala ere, euskara askatasunez bizitzearen aldekoak gara, erabiltzeko orduan, errespetatzeko orduan; inork inposizio bezala sentitu barik.
  12. Urteak pasata egoerak aldatzen dira, baita erronkak ere. Legealdi honetan Legebiltzarrean bertan Euskararen Normalizazioaren Legea berrizteko beharra manifestatu dugu.

.

EQUOren erantzunak

1. Bai, kezkatzen gaitu erabilera txikia izateak, baina, batez ere, ezagutza-maila hazten dihoan bitartean, erabilera-maila bide berdina ez jarraitzeak. Ziur gaude erabilera dela euskararen biziraupena ziurtatzen duena, ez euskararen ezagutza-maila.

2. Argi dago derrigorrezko hezkuntzako ereduen sistema zaharkituta dagoela, eta eredu bakar batean bateratu behar direla, eskola-adinean dauden biztanle guztiek euskara ikasiko dutela bermatzeko, ikasle etorkinentzako errefortzu-klaseen laguntzaz. Euskal gaiak (kultura, bertsolaritza…) garrantzitsuak dira oso, ez bakarrik euskaraz hitz egiteko edota ulertzeko, geure bizitzaren zati bat dela barneratzeko ere bai. Dena den, adituek eurek egin behar dituzte aldaketak curriculumean, hezkuntza-komunitatearen iritzia kontuan hartuta. Politikaren alorretik, gure zeregina izan behar da laguntzea, ez aldaketa horiek zuzentzea.

3. Lanbide Heziketa ikaskuntza-etaparen parte da eta, beraz, derrigorrezko hezkuntzako gainerako etapetan bezala jokatu behar du euskarak. Edonola ere, euskaldunek lanbide heziketa euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatu behar da.

4. Unibertsitateko hezkuntza gainerako hezkuntza-etapetako ikuspegietatik kanpo bideratu behar da. Zergatik? Unibertsitateetan jatorri askotako pertsonak bizi direlako (irakasleak, ikasleak, ikertzaileak), giro dinamikoan eta etengabeko bilakaeran, non arauak ezin diren zurrunak eta mugiezinak izan. Beraz, unibertsitatean oreka bilatu behar da Euskadiko hizkuntza ofizialen eta beste lan-hizkuntza batzuren artean. Oreka horrek ez du oztopo izan behar ikasle euskaldunek irakaskuntza beren hizkuntzan jasotzeko dituzten eskubideak bermatzeko, baina ez du eragotzi behar euskal unibertsitateak munduari irekitako gune bihurtzea, non gure herriak gizarte gisa aberasteko behar ditugun ideiak, talentua eta ezagutza aurkituko dituen.

5. Gainerako euskal administrazioetarako ezarri diren arau berberak aplikatu behar dira, eremu geografikoari dagozkion euskararen ezagutza-ratioak aplikatuz.

6. Euskara ohiko hizkuntza da Legebiltzarrean, eta bertan euskaraz hitz egiteko eta entzuteko eskubidea bermatuta dago jadanik. Ezagutu beharrak ez du bermatzen nahitaez erabili behar denik, pertsonek hautatzeko eta hautatuak izateko duten oinarrizko eskubide baten aurkakoa izango litzatekelako. Boto-emaileei dagokie erabakitzea ea hautagai batek betetzen dituen kargu publiko bat izateko bakoitzak beharrezkotzat jotzen dituen baldintzak.

7. ETBren audientzia arazoak ezin dira soilik hizkuntzaren erabilerari egotzi, independentzia ideologikoa eta politikoa bermatuta ez egoteari baizik. Audientzia haziko da hedabideak herritarren aurrean duen sinesgarritasuna handitzen denean. ETBk euskal sortzaileen lanak zabaltzeko laguntza hobetu dezakeela uste dugu, baina euskal kulturaren bultzada ez da kantitate kontua bakarrik, kalitate kontua baizik. Gainera, kontuan hartu behar da ere euskal sorkuntza guztia ez dela euskaraz egiten. Hizkuntza ofizialen erabilera berdintze aldera, etorkizunean ETB1 eta ETB2 bat egitea plantea daiteke, euskara ezagutzen duten baina erabiltzen ez duten biztanleen artean euskararen erabilera areagotuko duen programazio elebiduna emateko. Hala ere, neurri hori ez da eremu politikotik planteatu behar, irizpide linguistiko eta komunikazio irizpide hutsekin baizik.

8. Administrazioak lagundu dezake lan-esparru pribatuan euskararen erabilera handitzeko, baina pertsonek dute zeregin erabakigarria euskaraz hitz egin ala ez, eta zein eremutan egiten duten erabakitzeko orduan.

9. Etiketazio eta errotulazio elebiduna neurri posiblea da, baina ez du arazo nagusia konpontzen. Enpresetan gertatzen den bezala, merkataritzan ere kontsumitzaileak dira establezimendu bat edo bestea aukeratzen dituztenak, beraien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituzten ala ez kontuan hartuta.

10. Mundu digitala eremu etsaia da hizkuntza gutxituentzat bereziki, baina ahaleginak egin behar dira aurrera egiteko eta herritarrentzako erakargarriak diren lan-bideak planteatzeko, euskara ahozko esparrura eta komunikazio-bide tradizionaletara mugatuta gera ez dadin.

11. Hizkuntza-normalizazioa eta eskubide-berdintasuna defendatzen ditugu. Hala ere, gaur egun euskararen biziraupena ez dago hitz egiten dutenen esku, ezagutzen dutenen eta hitz egiten ez dutenen esku baizik. Hor jardun behar du Jaurlaritzak lehentasunez, bere eskumenak erabiliz eta bere politikak errealitate horretara egokituz

12. Aurreko galderan aipatu dugun bezala, euskarak 2020an duen egoera 1982koaren desberdina da. Hala ere, 1982ko Legean proposa daitezkeen aldaketek aurretiko hausnarketa-prozesu bat izan behar dute, non eragile politiko eta sozial guztiek parte hartu ahal izango duten, eta aldaketa horien helburua izan behar da herritar gehienek euskara ondare komun gisa ulertzea.

EH Bildu, PSE-PSOE eta EQUO euskarari buruz

EH Bildu, PSE-PSOE eta EQUO euskarari buruz EH Bildu, PSE-PSOE eta EQUO euskarari buruz EH Bildu, PSE-PSOE eta EQUO euskarari buruz

25 pentsamendu “EH Bildu, PSE-PSOE eta EQUO euskarari buruz”-ri buruz

  • Ohar bat: lehenbizi, EHBilduk erantzun zigun. Bigarren, PSEk, eta duela oso gutxi Equok. Horregatik hurrenkera hori.

  • Izugarria da gainerako alderdiek erantzun ez izana, bereziki EAJk. Mespretxua da euskarari eta euskaltzaleei.
    Bestalde, oso zehazgabea da EHBilduk ETBri buruz dioena. Hor sar daiteke dena edo deus ez. “ETBn fikzio guztia euskaraz” zehatza da. “Kirol guztia euskaraz, ETB2n” zehatza da. “Mariatxi, bilbainada, euskal koru eta abar guztiak ETB2n” zehatza da.

  • Legebiltzarreko hizkuntzaz galdetuta (6. galdera), alde handia dago EH Bilduren erantzunetik, PSE nahiz EQUOren erantzunetara. Azken hauek euskara “aukerako” nahi dute, inolaz ere ez halabeharrezko. Aldiz, gaztelania derrigorrezkoa izateak ez die minik egiten, noski.

  • 6. puntuan EHBilduk dio:
    “Legebiltzarrari dagokionez ahaleginak eta bost egingo dugu euskara Legebiltzarreko KOMUNIKAZIO-, ZERBITZU- eta LAN-HIZKUNTZA izan dadin.”

    Baino zergatik ez dute gaur egun beti euskaraz egiten ba? Maddalen Iriarte bezalako euskaldun peto bat Legebiltzarrean espainolez entzuten dudan bakoitzean nire barnean zerbait hiltzen dela sumatzen dut.

  • EH Bilduren erantzunak irakurrita, pentsatzen dut ez dutela Eusko Jaurlaritzak normalizazioan egindako lana ezagutzen edo ez dutela aitortu nahi.

    1980-1990 hamarkadetan eta gaur egun euskararen egoera zein zen ikusi baino ez da egin behar aurrerapauso nabarmenak egin direla ohartzeko, ahaztu gabe hizkuntza baten normalizazioa prozesu luzea eta geldoa dela, beraz emaitzak ez direla epe laburretan ikusten. Bai, egin dira euskararen erabilera enpresetan sustatzeko planak (Eusle Plana, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana…).

    Agian ez dira konturatu, baina gaur egun hizkuntza politika KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA izeneko sailaren barruan dago. Hau da, ez dago kulturaren menpe, zuzendaritza orokor autonomoa baitu bere izena daraman sailaren barruan. Edozein sailetatik kanpo egon beharra azpimarratzen dute lehenik (5. galdera), eta gero Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean sartzea proposatzen dute (8. galdera)?

    1. galderaren erantzunean Jaurlaritzaren hizkuntza politikari erabileraren erantzukizuna hiztunengan jartzea leporatzen diote, eta erabilera eskasa jaurlaritzaren politikei leporatzen diote. Baieztapen hau hizkuntza politikaren arloan ezagutza eskasa duen norbaitek egin duela iruditzen zait. Hizkuntza politika eta plangintzan aditzen diren adituek aspaldi ikusi zuten erakundeetako lana ez dela nahikoa hizkuntzaren normalizazioan, eta hiztunek ere rol aktiboa izan behar dutela. Azken urteetan ildo horri jarraitu diote bai Jaurlaritzak, bai EH Bilduk askotan babestu dituen euskalgintzako talde edo ekimenek (Euskaraldia, adibidez) ere bai.

    Nik ere uste dut Eusko Jaurlaritzak gauzatutako hizkuntza-politikak ez dituela nahi bezain emaitza onak eman, seguruenik garai bateko bultzatzaileek ere emaitza hobeak nahiko lituzkete, baina 1980ko hamarkadan hasi ziren lanean eta orduan dena zegoen egiteko, euskararen egoera kaskarra irauli nahi bazen. Ordutik eman diren aurrerapausoak garrantzitsuak izan direla eta gauza askotan asmatu dutela ukaezina da nire ustez.

  • Gailurrek:
    “Hizkuntza politika eta plangintzan aditzen diren adituek aspaldi ikusi zuten erakundeetako lana ez dela nahikoa hizkuntzaren normalizazioan, eta hiztunek ere rol aktiboa izan behar dutela”

    Hiztunen rol aktiboa ezinbestekoa da. Ados.

    Baina hizkuntz politikaz eta plangintzaz arduratzen diren adituek eta erakundeek aski ongi jakin beharko lukete hiztunen rol horiek aktibatu ere egin daitezkeela. Eta lozorrotik atera eta aktibatu ahal izateko, lehen baldintza dela gauzak liberalismo hutsaren menpe ez uztea. Horretarako aski dugu egungo merkatuen jarioekin.

    Hemen, dena dela, oso liberalak gara hizkuntza plangintzetan, baita alderdi ekonomikotik begiratuta ere. Adibbide neoliberal hori dugu ETB1: merkea baino merkeagoa, kalitaterik gabea, zeharo partidista eta euskogubernamentala, irakurlea erakartzen ez duena, euskaraz ez dakienari ere toki amultsua eskaintzen diona, eta azken batean gure hizkuntza bost axola zaiola dirudiena.

    Hamaika aldiz errepikatu izan da ETB1ek ARNASGUNE BIRTUALA eta euskaldunon erreferentzia izan beharko lukeela, baina etengabe ikusten ari gara zertan ari diren eta nondik nora hizkuntza politika eta plangintzan aditzen diren adituak eta erakundeak.

    Bigarren adibidea: EUSKARALDIA. Pentsatzekoa da besterik ere bururatuko zaiola Jaurlaritzari gizarte-plangintzaren arloan, baina komenigarria litzateke ez lezan pentsa koronabirusaz kutsatutakoek gorde behar izan duten HAMABOSTALDI moduko batekin konpon daitekeenik egungo hizkuntz erabilera minimizatuaren drama. Eta are gutxiago aurreko Euskaraldiko ikur patetiko hura errepikatzen bada: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua, zer eta “belarri prest” agertu zitzaigun euskaldunei eredua emateko.

    Hiztunen rolak egunero aktibatu behar dira, eta ez bakarrik azaroko jardueratxo batera mugatzen den ekitaldi batekin. Nola aktibatu behar den? Interesik izanez gero, ZUZEUko eztabaidetan begiratzea baino ez dute: politikariek euskara baloratzen eta erabiltzen dutela erakutsiz, hauteskunde-kanpainan ere hori bera islatuz, euskara jasoa prestigiatuz, euskal irrati-telebistetan kalitatezko programazioak aurkeztuz eta euskara era normalean erabiliz, euskara hizkuntza nazionaltzat (Ipartarrak eta nafarrak barne) nahi dugula esplizituki aditzera emanez, erakundeekin sinatutako hitzarmenak betearaziz (bankuak, enpresak, eab.), euskara ikasteko bideak eta bitartekoak erraztuz, euskaraz sortutako kultur ekoizpenak sutsu sustatuz, denda, taberna eta gainerako zerbitzuetan euskara barneratzen lagunduz, normalizazio-legeak zorroztuz, Jaurlaritzako azpiegitura juridikoaren atal bat hizkuntza hegemonikoek bilatzen duten monopolizazio faktikoen kontrako borroka legalean jarriz eta hori egiten ari direla erakutsiz, sailburuak ere euskarazko klaseren batera bidaliz…

    Gehiago?

  • Kontuan hartzen badugu Jaurlaritza sortu zenean euskararen markagailua hutsean zegoela, orduan esan daiteke infinituraino egin duela, eta harago. Baina egin litekeenaren eretzean, egindakoa hutsaren hurrengoa da.

    Hasteko, ez dira zuzendu, ezta saiatu ere, euskararen kontrako genozidio historikoaren emaitza bere horretan mantentzen duten hainbat kontu: espainolaren derrigortasuna, euskararen ezagutzak leku askotan (hiri handienak barne) duen prortzentaje eskasa, enpresa pribatuek euskarari muzin egin ahal izatea, euskaldunen eskubide linguistikoen urraketak zigorrik gabe uztea, euskaldun askok espainola geure hizkuntza ez dugula ez errespetatzea…

    Azken batean, hizkuntza politika diseinatzen dutenek pentsatzen badute espainolaren inposizioa zeozer naturala balitz bezala onartu behar dela, espainol hizkuntzak euskaldunoi egiten digun kalteari ezikusi egin ahal zaiola eta espainola ere geure hizkuntzatzat besterik gabe onartu behar dugula, orduan normal-normala da erakundeen lana nahikoa ez izatea euskara aurrera ateratzeko. Eta ez da inoiz aski izango, ezpada alfer lana eta dirua eta baliabideak lotsagabeki xahutzea. Egoera horren zama hiztunon lepoan jartzea gutaz barre egitea da. Baina guri jada ez digu grazia izpirik egiten.

  • Gilenekin ados, beste behin ere. Azken pasarteak oso ondo islatzen du EAJren asmoa, hizkuntz politikari dagokionez. Horri gehitzen bazaio PSErekin adostu dituela hizkuntz politikaren ildo nagusiak hainbat urtetarako, kontuak atara…
    Gailur, badut zuretzako galdera-sorta bat:
    Zenbat enpresetan egin dira euskararen erabilera planak?
    Eta enpresa horiek zein proportzio osatzen dute kopuru osoarekiko… %1?
    (Askotariko) plan horien ezaugarriez edota emaitzez ez noa galdetu ere egitera…
    Hizkuntza Politika sailburuordetza batetik eramaten da aurrera. Bestela esanda, ez dauka aginterik bere sailetik kanpora. Uste duzu “kokapen” hori egokia eta eraginkorra dela?
    Uste duzu erabileraren zama, gero eta gehiago soilik hiztunen gain uztea egokia dela?
    Erakundeetako lanaz ari zarenean, zein erakundez ari zara? Ez baitu zerikusirik Eusko Jaurlaritzak garatzen duen hizkuntz politikak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, edo Ondarrukoak garatzen dituztenekin. Ezta hauek euren artean ere. Esan gabe doa, erakunde askok ezer gutxi egiten dutela euskararen erabilera sustatzeko.
    Ez duzu uste ETB1ek %1eko ikusleria badauka eta españolezko ETB2k %10ekoa, ETB euskararen alde barik, espainieraren alde ari dela?
    Badakizu Eusko Jaurlaritzan bertan ere, sail bakoitzak bere hizkuntz politika garatzen duela, eta sailetik sailera sekulako aldeak daudela? Eta gehienetan ezer gutxi aurreratu dela?

  • Meredith:
    Ados, azken urteetako ETBren zuzendaritzan lehentasuna bideragarritasun ekonomikoak du, ez euskararen arnasgune izateko nahiak. Nire ustez gauza onak ere egiten dira (bakoitza bere esparruan: Euskadi Irratia, Gure Kasa, Gaztea, haurrentzako Goazen…), baina izan beharko lukeen proiektu indartsutik urrun dago.

    Zalantzan jarriko nuke ETB1 benetan hain merkea ote den, saio propio gehienak (ibilbide laburra izanda ere) bertan egiten baitira (ETB2n Conquistador dute, baina ez dago primetimean Gure Kasa, Barre Librea, Herri Txiki, Goazen etab.-en parekiderik. Eta hala behar du.) Haurrentzako katea ere badago. Niri ez zait iruditzen euskara bost axola zaiola EITBri edo euskaraz ez dakitenek presentzia handia dutenik ETB1en. Arazoa eskaintzaren erakargarritasuna. Hau da, audientzia lortzeko gaitasun falta. EITBren zuzendaritza ohartu beharko litzateke ezin duela audientziak izan gidari soila ETB1i buruzko erabakietan.

    EUSKARALDIAri buruz, ez da Jaurlaritzaren ekimen soila izan, euskalgintzaren zati handi batek (osotasunak ez esatearren) bultzatutako ekimena izan zen. Hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakera da, ez da hizkuntza plangintzaren ardatza. Zupiriari dagokionez, nik ez nuen “Belarriprest” keinu hori oso ondo ulertu hasieran. Esan zuenaren arabera euskara ikasten ari zirenei egindako keinua zen, eta bere bizilekuan (Bilbon) beti euskaraz aritzeko zailtasunak ere aipatu zituen. Beraz, euskaraldiak hasieratik erakartzea zail izango lukeen jendeari begira egindako keinu gisa ulertzen dut nik; eta bide batez koherentzia puntu bat ere ikusten dut (Ahobiziren papera betetzeko gai izango ez zarela baldin badakizu, ez zaitez ahobizi izan). Ados egon naiteke zenbaitetan honelako keinuek jarrera otzanegi baten irudipena eman dezaketela (esaterako, Zupiria izan zen EAJren sailburuetatik sailburu zina elebitan egin zuen bakarra), baina txanponaren beste aldeari ere begiratu behar zaio.

    Ondo dago hizkuntza politika idealista bat proposatzea, baina errealista ere izan behar da: ipartarrak eta nafarrak barne, diozu. Argi dago gaur egun hiru administrazioen elkarnan zuzena ameskeria dela, eta zoritxarrez galga ere izan daiteke Nafarroa edo Iparraldeko egoera makurra EAEn egindako aurrerapenentzat.

    JJ:
    Ez dut uste EAJk PSErekin adostu duenik hizkuntza politika. Gobernuan koalizioan daude, baina PSE bazkide txiki eta otzana da, EAJk darama Hizkuntza Politika Saila. Hala izango balitz ere, norekin adostuko luke EH Bilduren balizko lehendakari batek hizkuntza politika? Elkarrekin Podemos eta PSE maltzur horrekin?

    Ez naiz aditua Jaurlaritzak gauzatu dituen planetan, beraz ez dut galdera horientzako erantzunik. Adierazi nahi nuena zen EH Bilduk ez duela orain arteko lana ezagutzen, eta hizkuntza politika aldatu edo indartu nahi bada nahitaezkoa iruditzen zait aurretik egin den lan guztia ezagutzea eta jarraikotasun bat mantentzea.

    Egokiagoa iruditzen zait Hizkuntza Politikarako sailburuordetza Kultura eta Hikuntza Politika Sailaren barruan egotea, EH Bilduk proposatzen (?) duen moduan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren barruan egotea baino.

    Hiztunok ERE bultzatu behar dugu euskararen erabilera. Hori da hizkuntza politikaren helburua, erabilera handitzea. Beste guztiak (Hezkuntza, ETB, kultura…) ez du ezertarako balio ikastoletako kuadrillek erdarara jotzen badute. Begiratu irlanderaren kasuari bestela.

    Ez ditut aipatu dituzun erakunde guztien lanak ezagutzen hizkuntza politikari dagokionez. Eusko Jaurlaritzaz ari nintzen, bera baita EAEn hikuntza plangintza martxan jarri zuena.

    ETB1 eta ETB2ren audientzia potentziala ezin dira parekatu. Irakurri Meredithi gorago ETBri buruz erantzun diodana.

    Bai, badakit sail bakoitzak bere politika garatzen duela. Ez ditut bakoitzaren datuak eta emaitzak sakontasunean ezagutzen.

    AZKENIK:
    Niri ere etsigarria iruditzen zait euskararen panorama egunerokoan. Eusko Jaurlaritzaren politikek badute zer hobetu, baina alde onak ikusten saiatzen naiz. Iruditzen zait askotan gai honen inguruan botatzen diren/ditugun iritziak gaia beharrezko sakontasunean ezagutu gabekoak direla, benetan gai konplexu eta zabala baita. Edonola ere, uste dut erabakiak administrazioko “adituen” eta funtzionarioen esku geratuko direla beti eta EH Bildu edo beste edonoren gobernu batek ez duela jauzi handirik egingo aurrerantz.

  • PSEk ez dio galdera guztiari erantzuten. EQUO, berriz esaten Etb 1 eta ETB2 elkartu behar direla eta Gizarte guztiarentzat emankizun elebiduna emateko, ba, kontutan izanda iparraldean ere Etb ikusten dela elebiduna izan beharrean elehiruduna izan beharko luke.

  • Aupa, Gailur
    EAJk PSErekin adostu du hizkuntza politika. Horren emaitza dira ESEP edota Euskara 21 egitasmoak. PSE ez da otsana euskara kontuetan, otsoa baizik, euskararen erabileraren mugatzaile eta españolaren sustatzaile. Disimulurik gabe gainera.

    Nik uste dut EH Bilduk ondo antzean ezagutzen duela orain arte garatuko hizkuntz politika, nahiz eta ez dion, nire ustez, jarraipen esturik egin, ez eta salatu ere, egungo hizkuntz politikaren atal gehienak gogor salatzekoak izan arren. Utzikeria da EAJ-PSEren hizkuntz politikaren ezaugarri nagusia.

    Hizkuntza Politikak zeharlerro behar du. Inon izatekotan, Lehendakaritzan behar du, eta hortik, goitik behera neurriak ezarri, eta ez sailen eta zuzendaritzen esku utzi bere garapen(eza), egun gertatu bezala.

    Hiztunok ERE bultzatu behar dugu euskararen erabilera. Jakina. Baina horretarako baldintza egokiak behar dira, eta euskaldun gero eta gehiagorentzat, zailagoa bilakatu da egunetik egunera euskaraz jardun ahal izatea, besteak beste EAJk PSErekin Hezkuntzan, ETBn, edota kulturan adostutako politiken ondorioz.
    Ikastolek ezer gutxi egin dezakete, ikasgelatik irten orduko euskarazko baliabideak hutsaren hurrengoak direlarik, gaztetxoek erdaren itsasoan murgiltzera behartuta badaude.

    ETB1 eta ETB2ren audientzia potentziala ezin dira parekatu… gaur egun.
    ETB1ek ikusleriaren %14 ere harrapatu zuen garai batean. Egun desagerpenaren mugan dago… EAJk hiltzen utzi duelako. Ikusten duzu ETB1, Gailur? Eta hala bada, normala iruditzen zaizu kirol emanaldi zaharren kate monotematikoa bilakatu izana? Zenbat herritarri interesatzen zaio Tolosa eta Retegi IIaren arteko joan den mendeko finala 50.ez ikustea? Edota binakako duela hamar urteko eztakit zein… Edo erremontean eta zestan ere berdin? Eta horrela orduak eta orduak…
    EAJk EiTBrekin egin duenak (oposizioaren oposiziorik gabe apenas) hamaika dimisio eragingo zituen duintasun apurrik daukan edozein herritan.

    Eusko Jaurlaritzaren azken hamar urteetako hizkuntz politika negargarria da, Gailur. Edonondik begiratuta ere. Eta benetan gertutik jarraitu duen baten iritzia da hau.
    Azkenik, erabakiak ez daude administrazioko “adituen” eta funtzionarioen esku, politikarien esku baizik. “Adituak” aholkulari hutsak dira kasurik onenean, eta gehienetan agintariek ez diete kaso pitorik egiten (interes asko baitaude jokoan, besteak beste). Eta funtzionarioak agintzen zaiena egiteko daude, beste ezertarako ez…

  • Badugu Euskal Herrian hizkuntz erabileraren normalizazio-kasu ezin arrakastatsuago bat, benetan eredugarria. Izan ere, erabateko ezarpen linguistikoa lortu du. Halere, ez da erraza izan, mendeak behar izan baitira, bitarteko ekonomiko eta politiko guztiak alde edukita ere, helburura heltzeko. Baina hor dugu emaitza ezin eztabaidatuzkoa, administrazioetatik hasi eta azken hiztunarenganaino: denak erdaldun. Erdaren inposizioak bidea erakusten digu. Azter ditzagun haren estrategiak, bada. Bide batez, badut pare bat galdera, erantzun nahi duenarentzat: Egon al da hiztunen aktibaziorik erdaren normalizazioan? Eta, egon baldin bada, zein fasetan eta formatan gauzatu da eta zer rol izan du prozesuan?

  • Peru_Gabiriko 2020-06-30 21:01

    Apa gilen

    zure galderei erantzun baino lehen jakin nahiko nuke ea besteetan -gilentxo-izenarekin sinatzen duzun pertsona berbera zaren ala ez.

    Izan ere, hala balitz, biok testuinguru beretsuan biziko ginateke, hau da, Bilboko Ezkerralde zabalean.

  • Peru_Gabiriko, Concepción de Tillitu zenaren herrikoa naiz jaiotzez.

  • Peru_Gabiriko 2020-06-30 22:36

    Bai, ok.

    Eta zuk uste duzu horrenbeste kale izkina, milaka espaloi gurutzatu, eskaratz ilun, eta sukalde zoko dituen herri galant horretan deskolonizazio prozesua aurrera (edo kasu honetan atzera) eraman ahalko litzatekeela, galtzerdi bati buelta ematen zaion bezain erraz??

    Trump bezalako agure mutur handi bat beharko litzateke agintean, prozesu guztia berriz atzera bihurtzeko, “to make this town great again”

  • Ez, nik euskal eremu bat sortuko nuke non euskara bakarrik izango litzatekeen ofiziala. Periferiako herri eta hirietan (Ezkerraldean, kasu) bilinguismo reala ezarriko nuke (edo horretaranzko bideak hedatu, plangintza serio baten bidez), gaurko espainoltasun euskal ukituz pintarrakatuaren ordez, zu eta ni bezalakook egunero marginatuak eta eskubidez gabetuak izan ez gintezen.

  • Gilenekin erabat ados; arazoa prepolitikoa da, ondo dago beste herrialdeko eskubide urraketak (adibidez EEBB, emandakoak) salatzea, baina deigarria egiten zait nola gure herrian, momento honetan, eguneroko bizitzan, milaka eta milaka eskubide urraketak ematen direnean, ia inork ez ditu salatzen; esan dezagun argi, Euskal herrian, eguneroko bizitzan euskaraz bizi edo behintzat euskaraz bizitzen saiatzen diren hiritar guztiak, bigarren mailako hiritarrak dira/gara gure herrian, eta ez zara Mississipi edo Tenessira joan behar. Sumisio linguistikoa jasaten dugun eskubide urraketa bortitzenetakoa da. (Edozein denda/taberna batera joaten garenena, euskaraz eskatu eta “no te entiendo, háblame en español” esaten digutenean, automatikoki eskubide gabeko hiritar batean bihuurtzen zara)
    Sumisiotik intsumisiora pasatzen garenean, “Osaba Tomen”rola suntsitzen dugunean, orduan izango gara libre, bitartean bigarren mailako “beltz linguistiko” batzuk besterik ez gara izango.
    Ez dakit non irakurri nuen euskaraz bizi/saiatzen diren euskaldunen kopurua ia 500.000 milakoa dela. Ondorioz bigarren mailako 500 mila euskaldun daude, Han duzu masa kritikoa, Lortuko bagenu hauek aktibatzea, aukera bat edukiko genuke, Arazoa da nola….

  • Kaixo Prezz… Ados zurekin: “Sumisiotik intsumisiora pasatzen garenean, “Osaba Tomen”rola suntsitzen dugunean, orduan izango gara libre”.
    Zer egin behar dugun euskaltzaleak aktibatzeko? Ez dakit… antolatu eta saiatu bai, sikiera. Euskalgintza antolatuaren geldoaldiaren aurrean, batzuok elkartu eta ekiteko urrats hori eman dugu (ez gara bakarrak ere). Plazara! ekimena horretarako dago. Gonbidatuta zaude.

  • JJ, sinatu nuen Plazara! ekimena, eta oso gustora gainera.

  • Benat Castorene 2020-07-01 17:45

    Gilenen erantzuna laburra izanagatik haren ezpiritua gustatzen zait. Egoera linguistiko diferenteak sailkatu eta banaka analisatu beharko dira orai, oraiko marko politikoan eta bihar ere beharbada beste marko politiko hobe batean. Egia da gure alderako ere.
    Euskaraen etorkizuna sobera zemaitua da ametsetan ibiltzeko edo gure indarrak debaldetan xahutzeko.
    Bainan bi egoera bakarrik aipatzen duzu Gilen, falta da hirugarren bat beste zuzeukide zintzo bat aipatzen zuena berriki, alegia duela hainbat eta hainbat mende deseuzkaldundu.
    zenarena eta nun euskaldun berri bakar batzu dauden ozeano erdaldun egonkor batean murgilduak.
    Zer irudika daiteke arrazoigarririk eta orobat gizatiarrik 3garren motako toki horietan?
    Ezdakit foro hau egokiena den horretaz elkrrizketatzeko bainan ene iduriko ez da beste nehun egiten.

  • Beñat, Ezkerraldearen eta Bilbo hiriaren egoera justuki dagokio zuk diozun 3. talde horri. Aipatu gabe utzi ditudan eremuak, berriz, dira 2.a (adb. Eibar, Durango) eta 4.a (adb. Enkarterri, nafar Erribera). Iparraldeko herri-hiriak zein taldetan kokatu zuk esan zenezake nik baino hobeto.

  • Benat Castorene 2020-07-02 17:04

    Beraz lau zonatan zatikatzen duzu hegoaldea. Hemen ezdakit guk horrenbeste behar dugunik egoera sinpleagoa bainan berrikiago eta lasterrago txartu da. Babes murrurik ez dudu eta!
    Jakin beharda .mendearen hastapenera eta kasik erdira arte hiru probintzi tradizionalak euskaldunak ziren masiboki Biarritze eta Anglet izan ezik. ( mistoak gaskoi euskaldun luzaz egon baziren orduan jadanik frantses petoz inbadiatuak eta itoak ziren)
    Azkenean Bonaparten kartatik oso hurbil ginen oraindik
    Orai denek jakingo duzuen bezala, gure probintzietan ez dut kondatzen baiona nun euskaldunak beti danik izan dira gutiengo imigratu bat. Beraz zonatan zatikatzen atrebi banendi erran nezake:
    Zona elebidun bat Kostako Lapurdin eta Nafarroa behereko Zuberoako iparraldean. (2.zona)
    Zona bat euskalduna barneko Lapurdin nafarroa behereko eta zuberoako parte haundienean. (1zona)
    Beraz 2 zona nausi baizik ez dut ikusten dut kontuan hartuz BABan euskararen presentzia oso marginala izanen den.(3. zona?)
    Amets egitearen kontra naiz eta hortako nago ez naizen ametsetan ari jadanik.
    Bistakoa da estatuaren naturatik eta egoera politikotik dependitzen dela bainan kasu hizkuntza mailan ez dira guziahaldunak. Gainera ezin da estatu aldaketa bat goitatu.
    Euskaldunen ( eta erdaldunen) konbatibitatea erabakigarria da.

  • Pello Santxez 2020-07-04 14:34

    PSOEk dio: “Bere garaian Hezkuntza Saila kudeatu genuenean sustatu genituen erreformak gaur egun daukagun egoera ikusita egokiak izan zirela argi geratu da”.
    Bai. Bete-betean asmatu zuten. erdarazko eskolen ordu lektiboak gehituz eta euskarazkoenak gutxituz, lortu dute bilatzen zutena: eskolatze-garaia bukatutakoan EAEko gaztetxoek euskara maila kaxkarragoa izatea, eta euskara erabiltzea deserosoagoa eta desatseginagoa bilakatzea. Unionistak ez dira galtzen.

  • Peru_Gabiriko 2020-07-04 15:16

    Txalo bero bat, Pellosanchez. To beste “ZANGILADA” bat

  • Honela diozu, Gailur:

    “Niri ez zait iruditzen euskara bost axola zaiola EITBri edo euskaraz ez dakitenek presentzia handia dutenik ETB1en”.

    Irudipena dut ETB1eko albistegiak entzutea besterik ez duzula inpresio onbera hori deuseztatzen hasteko, salbuespenik gabe aurkituko baituzu gaztelaniazko albistegietan agertzen ez den eskema “hispano-bilinguea” bertan.

    Alegia, egunero izango duzu ETB1eko pantailan koronabirusari buruzko madrildar Illa-Simonen kalkoa den sailburu basko bat murga ematen. Zein hizkuntzatan? Gaztelania puruan.

    Albiste arruntak direla eta, egunero ekarriko dizute telebistara gaztelania baizik ez dakien hiztun sorta bat inora ez doazen iritzi hutsalak botatzen (gaztelaniaz, noski), eta euskaldunen batek jadanik esan duena edo esango duen gauza bera errepikatzen.

    Eta kirolen atalean? Lasai egon, beti aurkituko baitu gure euskal ETB1ek lazkaotarren bat bere kirol negozioei buruz hitz egiteko prest… espainol net distiratsuan, eta are inportanteago dena: gaztelaniaz dioena euskaraz ezin inolaz ere esan daitekeela agerian utziz. Hain baita pobrea euskara kirol kontuak kontatzeko!

    Horrela jokatzen du gure ETB1 honek euskaldunon informaziorako izan beharko luketen albistegietan.

    Hizkuntz hibridazio planifikatu horrekin jokatzen du ETB1ek euskaldun izaten segitu nahi genukeen ikusleokin. Gaztelaniaren penetrazioa “normaltasunez” sustatzen eta euskararen kalterako den kode bikoitz hori ohikoago oraindik bilakatzen. Errukirik gabe.

    Jokamolde horren aurrean koronabiruseraino bukatzen ez duen euskaldunak, beraz, pentsatzekoa da oker samar duela hizkuntz sentsibilitatearen iparrorratza.