Hidrogeno Aroa

Hidrogeno Aroa –

Amatiñok Euskadi Irratiko Faktorian.

Rotterdameko zein Bilboko portuetan ekoiztu nahi diren erregai sintetikoek energiaren aro berri baten atarian jartzen gaituzte. Ondorio kutsakorrik izango ez duen erregai sintetiko berria nazioarteko panorama aldatzera dator. Abantailak, sekulakoak dira.

Lehen eta behingoz, erregai sintetiko hori ekoizteko bi osagai behar izango dira. Batetik, orain arte atmosferara isuri izan den CO2, karbono dioxidoa, eta, bestetik, hidrogeno berdea. Eta bien artean osatuko dute gaur egun munduan dauden erregai-mota guztietatik garbienetakoa, argindarra bera baino garbiagoa.

Horrez gainera, erregai sintetiko berri hau erabili ahal izango dute orain errepideetan dauden beribilek, hau da, gaur egun indarrean dauden errekuntza-motorrik gehienek. Beraz, ez da autorik aldatu behar izango eta oraingo gasolindegi berberetan hartu ahal izango da erregai berria.

Horretara, beste abantailarik handienetako bat izango da Euskal Herriko eta Europa guztiko automozio-sektorearen mesedetan. Alegia, europar teknologiaren arabera eta Estatu Batuetako zein Txinako bateria elektrikoen menpe geratu beharrik gabe.

Eta azkenik, beste abantaila guztiz garrantzitsu bat: industriak erabili ahal izango duela erregai sintetiko hau, orain arteko gas naturalaren ordez. Trafikoa deskarbonizatu nahi izatea ondo dago, baina industriak ere uko egin beharko die energia fosilei, 30 urte barruko ingurumen-arauak kunplituko baditu, eta erregai sintetikoa izango da alternatibetako bat.

Hau guztia entzun ondoren, edonork egin ditzake ezinbesteko galdera bi:

Aurrena. Noiz egongo da merkatuan salgai hidrogenozko erregai sintetiko hau? Erantzuna, 10 urte barru-edo.

Eta bigarrena. Zer dela-eta ekingo zaio Euskadin Europa mailako eraberrikuntza handi honi? Ba, hiru arrazoi estrategiko elkarrekin biltzen direlako hemen. Bat, sektore tekno-industrial indartsua dugulako, erronka honi erantzuteko bestekoa. Bi, egitasmo estrategikoak bultzatzeko gertu dauden euskal erakunde publikoak ditugulako. Eta hiru, hain zuzen ere, azken berrogei urteotan, gurean, eraginkorra eta emankorra izan delako lankidetza publiko-pribatua.

Hidrogeno Aroaren ekinera bertatik bertara ezagutzen ari gara. Ez gero ahaztu.

Hidrogeno Aroa

Hidrogeno Aroa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.