Egur zaharrak, su txarra
Egur zaharrak, su txarra –
Larunbat goiza, lanera joateko presarik gabe. Goizeko 7.30ak, eta seme-alabak esnatu naute, telebista pizteko eskatuz. Egongelara bideratu naiz, eta ETB3 aukeratu dut lehenbizi, askotan ohi dudanez, euskarazko edukiak lehenetsiz.
Nire semeak «ez ba! berriz ere Doraemon!». Doraemon orain dela 35 urte nik ikusten nuen, eta jada zaharkituak zeuden marrazki bizidunen taldean katalogatuak neuzkan. Erreakzioa: «aitatxo, hori ez dut nahi. Utziko mugikorra?». Ondorioa; marrazkiak gaztelaniaz ikusiko dituzte, mugikorrean ala telebistan. Zoritxarrez, etxe gehienetan ohitura bihurtzen ari den egoera, bihozmina sortzen didana.
Gu txikiak ginenean, kontsumitzen genuenaren gehiengoa euskaraz zen, erreferentzia euskaldunak genituen, azken joerak euskaraz bizitzeko aukera genuen. Zoritxarrez, uste dut ez naizela egun egoera berdinean ez gaudela sentitzen duen bakarra. Gure seme-alaba eta gazteek euskaraz ez kontsumitzeak barneko tristezia eragiten dit, eta nire barnean zerbaitek dio ondo ez garela ari, garik eta gazteek euskarazko edukin gehiago kontsumitzea lortzen ez dugun bitartean. Nahikoa al da gazteek eskuragarri duten euskarazko edukia? Eguneratua, erabilgarria eta erakargarria al da beraientzat?
Ez da ataza erraza esku artera iritsi zaiguna, baina argi dago etorkizuna gazteak direla eta beraien kontsumo ohiturak aldatu egin direla, beraz ez litzateke zentzuzkoa izango eguneraketa bat planteatzea? Zein izan daitezke gazteek euskaraz ez kontsumitzearen arrazoi eta batik bat, ondorioak? Gero urte batzuk barru egun batetik bestera edukiak euskaraz ikusten hasiko direlakoan gaude? Badirudi arazoak duen garrantziaz jabetzetik urrun gaudela, pertsonalki euskaraz kontsumitzen ez badugu ondorio berreskuraezinak sor daitezkenaren sentipena daukat. Joxean Artzek zioen bezala, dakigunok erabili ezean… Eta honi loturik beste hausnarketa bat; euskaldunok geure artean euskaraz jarduteari garrantzia gehiago ez genioke eman behar? Zenbat aldiz bizi izan dugu umeekin euskaraz ari eta heldu batengana zuzentzean automatikoki gaztelaniaz egitea? Jakinda gainera euskaraz badakiela? Zein da geu ere gazteei helarazten ari garen eredua?
Berriro ikus-entzunezkoetara bueltatuz, nik uste errealitate aldaketa dagoeneko mahai gainean dugula, kontuan izanik gainera Internet eta tresna digitalek sor arazi dituzten kontsumo ohiturak. Dagoeneko bi edo hiru urteko umeek youtube bezalako hitzak oso ezagun dituzte egunerokotasunean, eta helduoi dagokigu hausnarketa egin eta dagokion garrantzia aitortzea, euskarazko edukiak eskuragarri izan ditzaten, beraientzat erakargarriak. Bada garaia beraz belaunaldi aldaketaren ohitura digitalak onartu eta gazteen interesetan sakontzen hasteko, alperrik izango baita ura joan da gero presa egitea.
Gazteen arteko euskararen egunerokotasuneko erabilera sustatu nahi bada, ezinbestekoa da gure hizkuntza erabilgarria dela sentitu dezaten, baina erabilgarria beraientzat, ez eskoletan idazteko bakarrik, baizik eta hain kuttunak dituzten gailu, sare sozial eta abarretan ere. Hau da beraien benetako eguneroko interesa, belaunaldi berrien iturria. Izan ere, euskararen garra bizirik eta indarrez mantentzea nahi bada, kalitatezko egurrez hornitu beharko, ez?
Guzti honek ikuspegi aldaketa bat eskatuko du ziur aski, edukiak gazteen ikuspegitik sortuz. Kosta egiten zaigu belaunaldi berrien ikuspegia barneratzea, baina ezinbestekotzat joko nuke beraientzat erakargarria izan behar badu. Sekula ez da ogirik egin neke gabe, eta honek ere lan eta inbertsio handia eskatuko digu seguruenik.
Adibide zehatzetara joango gara. Esaterako, gure telebista kate publiko euskaldunak ez al luke lehentasuna izan behar euskaldunen etxeetan? Kate honek izan beharko luke erreferente, aurrerapausoak emango dituena, azken joerak markatzen dituena, azken finean, gure etxeetan eta gazteengan lehenengo aukera. Hala ere, badirudi gure kate publikoen artean Euskarazkoa anaia txikia dela, garrantzi gutxiago duena, gaztelaniazkoaren atzetik doana. Kontzientziaz soilik edo saio gutxi batzuk ikusteko soilik hautatzen duguna (kirolak, programa zehatzen bat…), zaharkitua geratu delarik.
Benetan euskaldunok eta, batik bat, gazteek egunerokoan euskaraz kontsumitzea nahi badugu, euskal komunikabide nagusiek eduki digitalen sortzaile izatea lortu beharko genuke, kontsumitzeko modu berriak eskainiz, eta telebistan ere eduki hauei lekua eginez adibidez. Azken joerak benetan jorratzeko konpromisoaren hautua egin beharko luke, gazteentzako eduki interesgarriak sortuz (youtuber edo tik-toker euskaldunak sustatuz esaterako). Modu honetan gazteentzako euskal ereduak sortuko genituzke, gugandik hasita noski, arestian aipatu bezala.
Eusko Jaurlaritzatik baten batek hemen idatzitakoa irakurri dezala espero dot. Eurek egoera honi buelta emateko giltza daukate.
%100ean bat egiten dut zuk esandakoarekin.
ETB3n saio errepikatuak ez ikusteko, aginduan (mandoan), sakatu BOTOI GORRIA. Hor gauza pilo daude eta aldatuz doaz. Adin tartetan duzu antolatua. Euren webgunean hainbat eduki dituzu: https://www.eitb.eus/eu/hiru3/
Nik erdarazko umeentzako kateak (eta beste hainbat) desintonizatuak ditut. Youtuben ehundaka bideo ditutuz: pottokiak, mamu-harrapariak, Irrien lagunak, Katxiporreta, Ene Kantak… aldez aurretik ezagutu behar dituzu eta bilatu, baina milaka ordutarako duzu. Nik nahiago dut Youtube ez erabili, erdarazko bideoak agertzen bukatzen dutelako eta euskara desagertzen da normalean.
Gure alaba nagusia ikastolako euskaldunenetakoa da eta hein handi batean ikus-entzunezko edukiei esker da.
Eskerrik asko, banekien eduki horiek daudela. Hala ere, kontua ez da nik jakitea, kontua gazteek erreferentzia euskaldunak izatea da, eskuragarriak eta kalitatezkoak, bestela jai daukagu.