Egonkortze bidean, bultza euskaltegiak!

Egonkortze bidean, bultza euskaltegiak! –

Azken urtean dena jarri zaigu hankaz gora, denok ari gara pairatzen inoiz pentsatuko ez genukeen egoera. Ziurgabetasuna da nagusi, eta normaltasun berrira egokitzen ari gara. Pandemiak utzitako arrastoak askotarikoak dira. Euskarari dagokionez, nabarmena da hainbat arlotan izandako atzerapausoa. Horren lekuko, Behatokiak duela gutxi kaleratutako txostena, 2020. urtean urratutako hizkuntza eskubideei buruzkoa, non nabarmen geratzen den azken urtean hizkuntza eskubideak ez betetzeagatik izandako kexen hazkundea.

Egonkortze bidean, bultza euskaltegiak!
Arg: MONIKA DEL VALLE / FOKU / BERRIA

Halaber, pandemiak euskararen aldeko ekimen asko bertan behera uztea edota moldatu beharra ekarri du. Zerrenda luzea da: Euskal Eskola Publikoaren jaia, ikastolen jaiak, bertso txapelketak… Eta horiekin batera, seguruenik, euskal gizartean zirrara gehien sortzen duen ekimena: Korrika. Ezbairik gabe, covid-19ak gogor astindu gaitu, osasun arloan ez ezik, euskararen eta euskal kulturaren arloetan ere.

Alabaina, arestian aipatu bezala, normaltasun berrira egokitu gara. Euskaltegietan, beste esparru askotan bezala, ikasturte berriari ilusioz beterik ekin genion. Segurtasun neurri guztiak beteta, ikasgelak bete egin ziren. Aurreikusitakoak baino ikasle gutxiago galdu dira, zorionez, pandemiak bereziki zail bihurtu duen ikasturte honetan; berriro ere agerian geratu dira jendearen ikasteko gogoa eta, nola ez, horri aurre egiteko euskaltegien beharra, bai horixe!

Hartan-horretan, aurten 55 urte dira Rikardo Arregik helduak alfabetatzera dei egin zuela Euskaltzaindira bidalitako gutun baten bidez. Zalantzarik gabe, euskararen biziberritzean motor garrantzitsua izan da euskaltegia, bertan milaka pertsona alfabetatu eta euskaldundu direlako. Urte horietan guztietan aldaketa asko gertatu dira euskaltegietan, zeren ikasleen beharretara egokitzen jakin dute eta, familia eta hezkuntza sistemarekin batera, hizkuntzaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioan hiztun gehiago sortu dituzte. Hala ere, kontuan hartuta oraindik Euskal Herriko biztanleen erdiek ez dakitela euskaraz, inolako zalantza barik, euskaltegiek beharrezkoak izaten jarraitzen dute.

Horregatik, AEK-k, Korrikak utzitako hutsunea betetze aldera eta euskaltegien beharra plazaratzeko asmoz, “Bultza euskaltegiak, bultza euskara” izeneko ekimena abiatu du azken hilabetean, eta martxoaren 28an ehun plazatik gora bete genituen euskaltegien beharra aldarrikatzeko. Ozen esan genuen Euskal Herri osoko herritarrek euskara ikasteko aukera izan behar dutela, baldintza egoki guztiekin. Baina horretarako, ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko administrazioek bultzada estrategikoa eman behar diete, behingoz, euskaltegiei.

2019ko apirilaren 14an bukatu zen 21. Korrika Gasteizen. Maialen Lujanbiok idatzitako mezu ederrak bidea markatuta utzi zuen: «Norbanakook egin, eragileek eragin eta administrazioek eginarazi». Hurrengo egunean, Korrikaren balorazioa egiteko prentsaurrekoan argi adierazi genuen: 22. Korrika etorriko da, baina negargarria litzateke Euskal Herriko euskaltegiek –euskara irakasteko– eta herritarrek –euskara ikasteko– jasotzen dituzten diru-bitartekoak orain artekoak bezain urriak izatea.

Bada, bi urte geroago, 2021ko apirilaren 14an, Jaurlaritzaren Kultura Sailak, EAEko herri ekimeneko euskaltegietarako arduradunekin batera, finantziazio sistema berria aurkeztu du, non lau urteko prozesu baten barruan nabarmen hobetuko diren irakasleen lan baldintzak. Urteetan espero izan dugun albistea, oso berri ona euskararen normalizazioan ari garenontzat. Elkarlanean egindako bidea bere helmugara hurbiltzen ari da, tunelaren bukaera argiago antzematen da, eta, azkenean, hainbestetan aldarrikatu dugun finantziazio markoa dugu esku artean.

EAEko agintariak esanetatik ekintzetara pasatu dira, eta txantxetarako ez diren zenbakiek eta epeek zehaztutako plana abiatuko dute. Bazen garaia! Bejondeigula denoi!

Asko gara euskaltegietan garapen profesionala egindakoak, eta horietako askok hemendik urte gutxira erretiroa hartuko dugu. Dena den, zalantza barik, lan baldintzak hobetzeak gazte askok euskaltegietako misio eta balioekin bat egitea ekarriko du etorkizunean. Izan ere, oraindik lan handia dago egiteke, eta horretarako euskaltegi sendoak eta giza baliabide prestu eta prestatuak behar ditugu.

EAEn horrelako proposamena adostea lortu bada, zergatik ez Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian? Hortaz, eskaera zuzena Euskarabideari eta Euskararen Erakunde Publikoari: jarrai ezazue EAEko eredua, eta aurkez ezazue zuek ere helduak euskalduntzeko finantziazio marko berri eta egonkorra. Euskal Herri osoko administrazio nagusiek dute zer esana helduen euskalduntzeko orduan; eta borondatea eta adostasunerako elkarlana baino ez dira behar hori erdiesteko. Bide luze honetan erakutsi da herritarrek euskara ikasteko edota hobetzeko gogoa badutela, norbanakook gure partea egiten dugula, alegia. 35.000 helduk ekiten diote euskara ikasteari edo hobetzeari ikasturtero; guztiek mereziko dute, bada, zerbitzu egokia jasotzea.

Nire hausnarketari bukaera emate aldera, esango dut oraindik bide luzea dagoela euskararen biziberritzean, euskararen botila betetzen jarraitu behar dugula; izan ere, euskararen ezagutza unibertsalera heltzeko lana oraindik luzea da, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko zeregin franko dago eta erabileran pauso sendoak eman behar dira.

Une honetan, baina, ospa dezagun EAEn lortutako akordioa eta, indarberriturik, aurrera egingo dugu, inoiz baino indartsuago, «bultza euskara!» ozen esanez.

Egonkortze bidean, bultza euskaltegiak!
Egonkortze bidean, bultza euskaltegiak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude