Gizarte ekimeneko euskaltegien finantzaketa sistema berria

Gizarte ekimeneko euskaltegien finantzaketa sistema berria –

2021eko apirilak 14, egun pozgarria izan zen gizarte ekimeneko sektorea osatzen dugun euskaltegiontzat. HABEren elkarlanean lortu dugun akordioaren bidez, azken berrogei urteetan egindako aldarrikapena beteko litzateke, eta HABE erakundea sorrarazteko legean agindutakoa betetzetik gertu gaude gaur. Sektoreak egindako lanaren aitortza sentitzen dugu gaur.

Gure euskararekiko konpromiso militantea eta profesionalizazioa elkarrekin egon dira beti, eta halaxe erakutsi eta frogatu dugu gure etengabeko eguneratze didaktikoarekin. Horri esker, euskalduntzeaz gain, bestelako zerbitzuak eskaini ahal izan ditugu; trebakuntzak, normalizazio-planak eta goi-mailako ikastaro berezituak, besteak beste. Eta ez dugu ahaztu behar, horiez gain, euskal kultura eta erabilpena sustatzeko milaka ekimen bultzatu eta martxan jarri ditugula urte guzti hauetan zehar.

Gure lanak euskalduntzean izan duen eragina nabaria izan da. Oso zaharkiturik geratu dira berreuskalduntzea eskolatzearekin lortuko zela defendatzen zituzten planteamenduak. 40 urte hauetan frogatu da hanka bakarrean oinarritutako bankuak oso ezegonkorrak direla, eta erraz ematen dutela amore. Azken 40 urte hauek arrazoi eman digute, eta orain argi dago bankuak hiru hanka izan behar dituela, eta hirurak zaindu behar ditugula: transmisioa, eskola eta helduen euskalduntzea. Helduen euskalduntzeak hiztun berrien herenak sortu ditu zuzenean, eta ikaragarri sendotu du, zeharka, transmisioa.

Gizarte ekimeneko euskaltegien finantzaketa sistema berria
Bilboko Gabriel Aresti euskaltegia.

Euskaltegietako irakasleon lana duintzea izan da gure aldarrikapenetako bat. Gaur egun, gure irakasleek udal euskaltegietako eta lehen hezkuntzako itunpeko eskoletako irakasleek baino %27 gutxiago kobratzen dute, eta haiek baino %39 eskola-ordu gehiago ematen dituzte. Aldea ikaragarria da, administrazioetarako pagotxa gara, oso ABLE merke eta errentagarriak, eta egoera tamalgarri horrek irakasle gazteak zapuztu, eta gure sektoretik uxatzen ditu. Honek guztiak, argi adierazten du, premia handia zuela gure sektoreak normalizaziorako pausoak emateko, eta bide horretan euskaltegietako irakasleen lan-baldintzak hobetzeko. Beste zenbait ezaugarri ere azpimarragarriak dira gure sektorean:

-Sektorea oso feminizatua da. Langileriaren bi herenak emakumeak dira/gara. Hezkuntza arautuan baino %10 gehiago dira/gara emakumeak gure sektorean, eta lan-baldintza prekarioagoetan lan egiten dugu: ordutegi eta soldata kaskarragoak, eskola-ordu gehiago eman beharra, eta nola ez, aurrera egiteko aukera eskasagoak.

-Irakasle falta nabaria da sektorean. Irakasleen %90 inguru, eta laster %100, goi- mailako tituludunak gara. Horrek gure sektorea lehian jartzen du hezkuntzarekin (lehen eta bigarren hezkuntza eta unibertsitatea), eta administrazioetako euskara eta normalizazio teknikariekin.

-Irakasle gero eta helduagoak ditugu. Datozen 10-15 urteetan irakasleen erdiak baino gehiago ordezkatu beharko ditugu. Gure irakasleen %51k 50 urte baino gehiago dituzte. Beraz, irakasle askorentzat berandu iritsiko da hobekuntza, izan ere, %10 inguru parekatzera iritsi baino lehen jubilatuko da, beraz, irakasle horiekiko aitortza berandu iritsiko da.

Hasieran esan bezala, egun pozgarria da guretzat, aipatutako sektorearen egoera normalizatzen hasteko pauso garrantzitsua delako, baina hau, abiapuntua besterik ez da. Datozen urteetan izango ditugun erronkei heltzeko euskarria.

Lehenengo erronka irakasle, zuzendaritza eta didaktika taldeak berritzea izango da. Esan bezala, 10 urte ditugu irakasleak trebatzeko eta urte hauetan guztietan metatu dugun esperientzia bereganatzeko aukera izango dute irakasle gazteek. Sektorea kinka larrian zegoen, eta akordioak bizirauteko kezka samurtzen eta erronka berriei heltzen lagunduko digu. Akordioak erakargarriagoa egiten du gure sektorea, eta ikasle helduekin lan egitea nahiago duten irakasleek aukera gehiago eta hobeak izango dituzte gure sektorean jarraitzeko.

Ikasle berriei gure eskaintza didaktikoa egokitzea ere gure erronketako bat izango da. Kontuan hartu beharko ditugu Euskal Herrira etorri berriak direnak, eta datozen urteetan etorriko direnak. Baita jubilatuko direnak ere. Akordioak lagundu egingo du giza baliabideak horretara bideratzen, dena den, ez dugu ahaztu behar, bestelako baliabideak ere beharrezkoak izango direla.

IKTen ekarpenak gure eskaintza didaktikoan txertatzea ere garrantzitsua izango da. Ikasle berri asko natibo digitalak dira, gure irakasle gehienak, ordea, ez. Gainera, baliabide eskasiak behartu gaitu, neurri handi batean, esparru hori alboratzera. Irakasle berriak gure sektorera erakartzeak neurri handi batean hutsune hori estaliko du, eta baliabideak bideratu ahal izango ditugu didaktika-lan horietara.

Eta azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiago duena, kalitatea handiagotuko dugu. Baliabide gehiagorekin, babes eta berrikuntza didaktiko handiagoarekin, eta irakasleen asteko eskola-ordu kopurua nabarmen murriztuz, gure ikasleek arreta hobea eta bereiziagoa jasoko dute.

Akordio honek beraz, nabarmen hobetuko du sektorearen egoera, baina arestian esan bezala, akordioak oinarria jartzen du, abiapuntua, eta aipatutako erronkei aurre egitea egokituko zaigu, eta horrez gain, adierazi nahi dugu, gizarte ekimeneko euskaltegion ustetan badirela datozen urteetan landu beharreko ildo nagusi batzuk.

1. Matrikula-prezioen auzia: akordioak irakasleen lan-baldintzak hobetzen ditu. Erregularizatzen ditu soldata-aldeak eta lanaldien arteko aldeak, baina ez dio heltzen euskaltegiok proposatzen genuen hirugarren erregularizazioari: gure ikasleek zerbitzu bera jasotzeagatik bere gain hartu behar duten matrikula-prezioa sobera puztua dagoena; izan ere, gure ikasleek udal euskaltegietan baino %100 gehiago ordaindu behar dute, bikoitza, alegia, zerbitzu bera jasotzeagatik. Beraz, ez dugu ahaztu behar lan-ildo hau. Akordio honetan ezin izan diogu heldu; areago, aldeak, gutxi badira ere, handiagotu egin dira, dirulaguntzak jasotzeko formula egokia ezin topaturik ibili gara, baina espero dugu akordioaren hurrengo epealdirako irtenbide egokia aurkituko dugula.

Auzi hau doakotasunarekin lotuta dago. Egia da azken urteetan aurrerapausoak norabide egokian eman direla. Gaur egun, EAEn erroldatuta dauden ikasleek B2ra arte dirua berreskuratu ahal dute euskaltegion kalifikazioak kontuan harturik, azterketetara aurkeztu eta titulu ofizialik eskuratu beharrik gabe. Baina gure ustez, kontua ez da dirua berreskuratzea, dohainik ikastea baizik. Konponbideak aurkitu behar ditugu: akordiorako bilatu dugun formula hobeturik edota administrazioko erakundeen arteko elkarlana sustatuz.

2. Irakasleen araututako hezkuntzarako jauzia. Datozen urteetan irakasle berriak erakarri behar ditugu. Horretarako, akuilu ederra da lan-baldintzak parekatzera jotzea, akordio honekin lortuko den moduan. Baina gure sektorera hurbiltzeko bestelako akuiluak behar ditugu: ezinbestekoa da, esaterako, Administrazioak herri- ekimeneko euskaltegietako irakasleen jarduna lan-eskaintza publikoetan aintzat hartzea, itunpeko eskoletakoa onesten duen neurri berean.

3. Finantziazioa: Hainbatetan aipatu dugun moduan, aurrerapauso Itzela da, historikoa, baina ez nahikoa. Ulertzen dugu, eta halaxe bultzatu eta proposatu izan dugu, lan-baldintzak normalizatzea zela lehentasunik behinena. Baina gogoratu behar dugu, euskaltegiok lan-baldintza horiek txukuntzeko urteetan bazterrera utzi behar izan ditugula bestelako inbertsioak, hala nola, lokaletan, teknologian, didaktikan, eta kalitatean, besteak beste. Eta beraz, honi ere heldu beharko zaio. Akordioaren epealdi honetan ez bada, hurrengoan.

4. Administrazioekiko lankidetza. Orain arte, esan bezala, administrazioetarako ere lan egin dugu oso prezio merkean, eta kontratazio irizpide oso zorrotzei men eginda. Lehengo planteamenduaren lekukoak dira, eta moldatu beharko dira eredu berrira. Izan ere, euskaltegiok, jada, ez gara administrazioaren beharretara egokitutako baliabide merkeak, ez gara haien zerbitzura lan egiten dugun ABLEak.Beraz, eskaintzen ditugun zerbitzuen prezioak (eta lan-baldintzak) egokitu beharko dira marko berrira. Trebakuntzak, normalizazio-planak eta goi-mailako ikastaro bereiziak hori dira, alegia, goi-mailako zerbitzuak, eta halaxe aitortuak izan behar dute.Beste neurri batean, komeniko litzateke hizkuntza eskakizunak lortzeko ikastaroen helburuak, moduluak eta planteamenduak berraztertzea, eta areago, Administrazioan sartzeko euskara baloratzeko modua birplanteatzea.

Aipatutako lan-ildo hauek guztiak HABEri proposatu izan dizkiogu, eta hizketan ari gara. Espero dugu horiek guztiak laster posible izatea. Hasieran esan bezala, azpimarratu nahi dugu guretzat egun pozgarria dela gaurkoa, urte askotan aldarrikatu dugun sektorearen normalizaziorako bidean pauso handia eman dela, eta eskertzekoa dela, oso, administrazioaren aldetik egindako esfortzua. Eskerrak eman nahi dizkiogu, gaur, bereziki, Iñaki Unibaso, urteetan egindako lanaz gain, akordio honi bultzada emateko egin duen saiakera eta lan guztiagatik.

Bide batez, gogoan izan nahi ditugu gaur euskaltegietako ikasleak, egiten duten esfortzua izugarria da, eta bereziki itzela izan da pandemia hasi zenetik egin duten esfortzua, euskara gurekin ikasten jarraitzeko hautua egin dute, eta hori ere eskertu behar dugu gaurko honetan. Beraz, ikasleak animatu nahi ditugu, hemendik aurrera ere, euskaltegietara etor daitezen!

.

Sektore osoaren izenean idatzia sinatu dute bost ordezkarik: Patxi Agirregomezkortak (Batuz sarea), Joxemi Reguerok (IKA), Iñaki Urkijok (AEK), Laida Beristainek (Lazkao eta Zornotzako barnetegiak) eta Isabel Isazelaiak (Elkarlan sarea).

Gizarte ekimeneko euskaltegien finantzaketa sistema berria Gizarte ekimeneko euskaltegien finantzaketa sistema berria