e-HIZPIDE: euskalduntze-alfabetatzea
e-HIZPIDE
Iragarrita zegoen bezala, 87a izan zen paperean argitaratu zen azken Hizpidea, 33 urteko ibilbide oparoaren ondoren. Hala ere, hasitakoa ez da eten eta Zutabe zein Hizpide aldizkarietako artikulu guztiak Sarean jartzeaz gain, bide berriak jorratuko dira e-Hizpide aldizkari elektronikoaren bitartez.
Hau honela, e-Hizpideren 88. zenbakiaren lehendabiziko fruituak eskura daude dagoeneko. Hizpide aldizkariaren aurkezpenetan idazten zen bezalaxe, probetxuzkoak izan daitezela.
Aurkezpena
HIZPIDE aldizkariaren jarraipen digitala da e-HIZPIDE; 1995etik 2015era paperean argitaratu da HIZPIDE, eta 87. zenbakira iritsi da. Aurretik, ZUTABE izenaz izan zen argitaratua (1983-1994: 1-34 zenbakiak).
Berezko nortasuna izango du aldizkari elektronikoak; izan ere, bere ISSNa izango du argitalpen digitalak.
Urtean bi zenbaki emango dira argitara, ekainean eta abenduan hain zuzen, seihilabete bakoitzean argitaratutako artikulu guztiak bilduta.
Xedeak
e-HIZPIDE euskalduntze-alfabetatzearen aldizkaria bi eremu horietan dihardutenei edo horiekin lanbidezko loturarik dutenei zuzendua dago; helduen euskara-irakasleei, batik bat. Seihilabetekari honek berezko esparru ditu ama-hizkuntza eta bigarren hizkuntzen irakaskuntzarekin zerikusia duten zientzi arloak (Psikolinguistika, Linguistika aplikatua, Andragogia/Pedagogia, Soziolinguistika), eta helburu nagusi hizkuntzen irakaskuntzan/alfabetatze-gaietan teoria, teknika eta ikerketak ezagutaraztea.e-HIZPIDEk teoria aplikatuaren eta praktikaren arteko oreka lortu nahi du, arestian aipaturiko zientziak eta eskolen mundua uztartzeko zubi izan, aplikatua baita argitalpenaren orientabidea. Ez da lan makala informazio aberatsa eta nork bere burua hobeto prestatzeko lan-tresnak eskaintzea, eta ideiak elkarren artean trukatzeko eztabaidagune ireki, jori eta bizia izatea. Ba, horixe du e-HIZPIDEk erronka.
HIZPIDErako lankidetzak
e-HIZPIDEk gogo onez hartzen ditu helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruari behar bezala erantzuten lagundu dezaketen ekarpenak. Aldizkariaren orientabidea gogoan, bertara bidalitako lanek zerikusi handia izan behar dute euskalduntze-alfabetatzegintzak egunero eta gertutik bizi dituen gorabeherekin. Eta, nahiz eta helduen euskalduntze- eta alfabetatze-eremuei buruzko ekarpenak hobetsi, ez ditu baztertuko helduez beste gizataldeekin aritzen direnenak edota bestelako esparruetakoak, baldin eta egoera ezberdinetan aritzen direnentzat ere baliagarri bezain interesgarri gertatzen badira.
Lanak taxutzean, “Artikulugileentzako irizpideak” izeneko idazkia hartu behar da kontuan. Berau ere Irakasbil webgunean dago argitaratua.
Koordinatzaileek edota editore-taldeak ebaluatuko dituzte jasotako lan guztiak. Hala badagokie, errebisio- eta ebaluazio-prozesuak bukatutakoan izango dira argitaratuak, betiere zenbakiaren itxiera-data kontuan hartuta.
Irakasleen prestakuntza sustatzeko asmoz, irakurleen iruzkin eta galderetarako tokia izango dute argitaratutako artikuluek. Egileek ekarpen horiei erantzutea eskertuko du e-HIZPIDEk eztabaida didaktikoak gara daitezen.
e-HIZPIDEk hemendik dei egiten die, aldizkarian esku har dezaten, euskara-arloan lan egiten duten irakasleei, hizkuntz eta hezkuntza-teknikariei, euskara-arduradunei eta unibertsitate-alorreko ikertzaileei.
e-HIZPIDEren zuzendaritza ez da artikuluetan agertzen diren iritzi eta ideien erantzule.
Harremanetarako
e-HIZPIDE
Vitoria-Gasteiz, 3 20018 Donostia
Tel.: 943 022 600
Fax: 943 022 601
Zuzendaritza
HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzua
Koordinazioa
Programa Bereziak Atala
Koordinatzailea
Iñaki Murua
Programa Bereziak Atala
2016 an “euskalduntze-alfabetatzea” ja, ze arraio egin dugu 50 urtetan?
Askok lagun artean, denak euskaldunak izanik beti españolez, noizbeinka bozkatzea eta presoen bandera ta ikurriña lehioan jartzearekin ia kunplituta dute.
xas, gauza asko hobetzeke, ados! Halere, dakidanez, HABE ez da Jaungoiko ahalguztiduna; gutxienez, saiatzen da “lehio” eta “leiho” artean ezberdintzen.