Kazetaritzatik politikarako joaneko bidaiaz

Kazetaritzatik politikarako joaneko bidaiaz

Kazetaritzatik politikarako joaneko bidaiaz

Kazetaritzatik politikara jauzi egin duela azpimarratzea gehiegitxo izan liteke. Ofizio guztiek dute ideologia barrenean gordeta. Gutxien sumatzen denean dute maiz karga politiko handiena. Alderantziz, kazetaritza izan liteke afera publikoarekin duen harremana ikusgarrien duenetakoa. Hortaz, jauzia baino, urratsa.

Kontua da Maddalen Iriarte EITBko kazetari ezagunak indar politiko baten aurpegia eta ahotsa izateko hautua egin duela. Bigarren izen-abizena da EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan. Itxura guztien arabera, Gasteizen legebiltzarkide izango da 2020 urtera bitartean. Albistearen ondotik apunte batzuk bururatu zaizkit.

Lehenik eta behin poztu egin naiz. Aparteko maila profesionala duen emakumeak instituzio politikoetan esku hartzea berri ona da herritar guztientzako. Bertute asko erakutsi ditu kazetaritza lanetan, eta jardun sozial eta politikoan jantzia dagoela. Baina gainera ezaugarri itzela darama soinean, salerosketa hiztegira pasata, balio erantsi bereizgarri bat: sinesgarritasuna. Ondo dakite hori EH Bildun, nola ez ba.

Bigarren ideia bezala, hain zuzen ere, sinesgarritasunaren balizko bilakaerak kezkatzen nau. Esan ohi da irabaztea asko kostatu eta segituan galdu daitekeen balioa dela. Politika ez da fidatzeko moduko jendea sortzen duen industria. Amarrua, disimulua eta taldeko diziplina dira nagusi. Aldatu daitekeen itxaropena ere tamalez ez da oso sinestekoa. Denok dakizkigu horren arrazoiak, baita salbuespenak ere, eta beraz ez da zertan horretan sakondu.

Kazetarien lehengai garrantzitsuena da sinesgarritasuna. Litekeena da kazetaria alderdi politikoen dinamikan murgiltzeak kalte sendaezinak eragitea. Ez ote da piano-jolearen eskuak arotz lanetan jartzea bezalakoa?

Politikakeriatik pasa dena ez du berdin sentitzen herritarrak (ezta lankideak ere). Akaso entzuleak estimatuko du haren esperientzia, baina zalantzan jarriko du zintzotasuna. Sinesgarritasuna ez da balio absolutu bat, zenbatu eta ranking batean kokatu daitekeena. Sinesgarritasuna batez ere iritzi bat da, ikuspegi subjektibo bat, ondorio bat.

Behin hona helduta, eranskin bat. Esateko modukoa da kazetaritzan badirela sekula alderdi batean militatu ez duten arren, nagusi politikoen esanetara makurtzen diren lagun mordoa. Urkullu lehendakariak “ideologia gabeko” irudikatuko lituzkeen klasekoak (Zaldieroa kasuaz oroitzen?). Akaso gaiztoagoa da harreman ikusezin hori, audientziari informazioa ezkutatzen zaion heinean (tertulianoen kasuan bezala). Baina gauza bat da denek jakitea honen sokakoa zarela, eta beste bat, hori baieztatzea.

Uxue Barkos, Jasone Agirre, Martin Garitano edo Letizia Espainiako Erregina bera. Kazetaritzatik politikaren mundurako bidaiak atzera bueltarik gabekoa izateko arriskua du. Itzultzekotan higadura handi xamarrarekin eginda. Edo hedabide batzuen ateak itxita. Lehen lerroan egotea garesti ordaindu liteke. Honen edo haren interesen morroi sentituko zaituzte, asko gutxi. Multinazional eta alderdi politikoen ate birakariekin gertatzen den bezala, edo, ezezagunagoak izan arren, kazetariek erakundeetako komunikazio sailetatik egiten dituzten joan-etorrien antzera.

Hau dena esanda, zorte onena opa diot Iriarteri, eta estimatzen da erabaki ausarta. Pena apur bat ere sortu dit, tarte baterako gutxienez galdu dugulako EITBko kazetari finenetako bat. Hala ere, lasaitasun mezu bat EITB egurtzeko kirol nazionalaren partaideei: hauteskunde gaua errentransmititzeko topatuko dute kazetari treberen bat. Testu hau irakurlearen iritzia jasotzeko abiapuntu izango delakoan, bukatzeko gonbita bikoitza luzatzen dizut, batetik, Berriak abuztuaren 7an argitaratu zuen solasa irakurtzeko: Maddalen Iriarte eta Monica Terribas. Bestetik, Iriartek Otegiri ETB1en egindako (azken?) elkarrizketa entzuteko.

Kazetaritzatik politikarako joaneko bidaiaz

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

10 pentsamendu “Kazetaritzatik politikarako joaneko bidaiaz”-ri buruz

  • Denok ez dugu onartzen Espainako autonomia bat izatea.
    http://www.babintonpip.com/hamabost/bost/index.html

  • “Aparteko maila profesionala duen emakumeak instituzio politikoetan esku hartzea berri ona da herritar guztientzako”
    Gure instituzioak balira,…zoritxarrez gure aurka eraikitako horietan arituko da.
    Olinpiadetan bezala, euskal kirolariak espainiaren ordezkari.

    • Nik ere nahiago propioak edukitzea baina daudenak hor daude eta alde edo kontra erabil daitezke. Eta biziki pozten nau Maddalen bezalako pertsona bat bertan egongo dela jakiteak.

  • Kasu honetan ez duzue galdetzen ea hautagai egokia den, Pili Zabalarekin egin den bezala? Harrigarria. Ez zait justua iruditzen.

  • Barkatu, artikulu hau irakurri dut eta ikusten dut kritikoak izateari ez diozutela utzi. Horrela segi

  • Ezker abertzaleak ikusi du Otegirekin ez zegoela plusa ateratzerik eta orduan bildots saindu itxura izango zuen pertsonai publiko bat aukeratu nahi izan dute Uxue Barkosen efektua errepikatu nahirik bere interesetarako. Maddalen loreontzi bat izango da Bilduren taldean edota arkumetxo bat Otegi artzaiak ondo gidatua. Lortuko ahal du Podemosen Pili Zabalaren efektua emetzea?

  • Naizen gaur berriz Victor Morenoren artikuloa euskararen kontra. Eta Otegiren artikuloa ere, nola ez, gaztelaniaz. Antieuskalduntasuna dagoeneko ezker abertzalearen ildo ofizialtzat hartzen dut honekin. Eta etzazue aipatu “besteek baino gehiago erabiltzen dute euskara” mantra, logika horrekin PNV bozkatu genezake, PP baino euskaldunagoa omen da. Edo ilegalizaziopean PNV edo Aralar bozkatu genezake ere. Gaitz txikienak ziren.

    Mugimendu duin bat ordezkatzen duen mugimendu saldu bat ez da gaitz txikiena, traizioa baizik. Herria saltzen duten bitartean norbait gure defentsan dagoela sinetsiarazi behar gaituzte, bestela guk gure mugimendu propioa sortuko genuen. Limosna emateak ez ditu salbatzen.

    Bitartean beren egunkarietan bozgoragailu feminista jartzen dute, jaietan egon diren gizonen aurkako erasoak eta lan istripuak estaliz. Helburuak ordezkatu dituzte, ezin zuten euskara, independentzia eta komunismoa bapatean kendu masei jostailu berria eman gabe.

    Hau nazio txikien aurkako gerra da, gizona jopuntuan jarriz. Nazioaren defentsan gizonak hooligan hutsak dira, onerako batzutan, txarrerako bestetan. Indar supranazionalek kontrola hartu nahi badute lehenik gizona zokoratu behar dute, ikus Sorosen filtrazioak. Urteak Hilary Clinton egon da laguntzen feminismoa eta arrazismoa sustatzen eta Europa ekialdean morroi politiko egokiak bilatzen. Errusiako (atsegin ez dudan) kultura familiarra suntsitzeko helburuekin dirua botatzen ibili da kabroi hau. Gero diote Berria eta Garan Hilary Donald baino “gaitz txikiagoa” dela… ba Trumpek behintzat ez ditu Libia eta Siria inbaditu.

    Hau gelditu behar da. Gure muturren aurrean saltzen ari dira gure herria. Euskal Herriak mugimendu abertzale bat behar du. Epe laburrean saldukeriaren aurka gaudenok elkartu behar gara.

  • Eskubiak dirua du jainkotzat eta ezkerrak taldelana. Aurrera egiteko beharrezkoa dugu taldelana eta berau bultzatu ahal izateko nahitaezkoa norberaren “purutasuna” apur bat “zikintzea” taldearen mesederako. Hori oso ongi ulertu du Iriartek eta ondo ulertu beharko genuke geuk, helburu komun batean aurrera egin nahi dugunok: gizarte justuago bat sortu, Euskara bultzatu, migranteak lagundu eta aberastasuna banatu nahi badugu.