“The Swell Season” eta “Gimme Danger” dokumental musikalak Filmazpit katalogoan

“The Swell Season” eta “Gimme Danger” dokumental musikalak Filmazpit katalogoan –

Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean aurtengo udaran ere bi dokumental musikal gehitu dira  Filmazpit katalogora: “The Swell Season” (2011) Glen Hansard eta Markéta Irglóvaren arteko egiazko amodio istorioa kontatzen duen filma eta “Gimme Danger” (2016) The Stooges taldearen ibilbidea Jim Jarmusch-en eskutik.

“The Swell Season”, hiru urteren buruan filmatu zen zuri-beltzeko dokumentalak, Glen Hansard eta Markéta Irglová-k osatutako duoa jarraitzen du Once (2006) filma indie-an lortu zuten ospearen ondoren. Aipatu filmean ikusi genuen euren aurreneko elkarlana eta Abesti Original Onenaren Oscar saria jaso zuten Falling Slowly abestiagatik. Dokumentala inflexio puntua izan zen une horretan hasten da gero denbora eta asmoetan salto eginez, istorio indibidual nahiz familia istorioak errepasatzeko. Hasieratik, Nick August-Perna, Chris Dapkins eta Carlo Mirabella-Davis zinemagileek, abeslari bakoitzarekin bakarka egindako galdera eta erantzun sesio bat aurkezten dute. Aurrena txikitako pasadizoak eta ospearen inguruko hausnarketak egiten badituzte ere, elkarrizketa hauetan euren arteko hausturaren zantzuak nabarmenak dira.

"The Swell Season" eta "Gimme Danger" dokumental musikalak Filmazpit katalogoan“Gimme Danger”, Jim Jarmuschen dokumentala, Iggy Pop eta The Stooges taldeari eginiko omenaldi erakargarria da. Ez da inondik ere Jarmuschen ageriko estiloa duen filma eta Iggy bera ere ez da Jarmuschen ohiko pertsonaia bat (elkarrizketetan umoretsuegia eta zuzena, bere iritzia berehala helarazteko prest). Iggy, James Osterberg Jr. jaiotzez, Michiganen jaio zen eta berehala institutuko musika taldea utzi eta blues musikariekin elkartu zen. Gaztetan konturatu zen bazuela halako indar erakartzaile bat taula gainean gerriz gora biluzik ateratzen zenean. Bazituen Jagger bezalako mugimenduak edo, Jagger baino hobeak! Dokumentalaren bizkar hezurra 69 urteko Iggy Pop-i eginiko elkarrizketa sakona da, Iggyren haurtzaroko eszenak erakusten dizkigun stop-motion animazioa erabiliz apainduta.

“The Swell Season” hainbat jaialditan egon da: Tribeca Film Festival, Sail Ofiziala; Stockholm Film Festival, Sail Ofiziala; Newport Film Festival, Sail Ofiziala; edo/eta Milan Film Festival, Sail Ofiziala. “Gimme Danger” filma berriz, Zinemaldia 2016 Zabaltegi sailean edo Cannes 2016 Midnight Screenings sailean eman zen.

.

Film sorta eklektikoa

Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak film sorta eklektiko ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira. Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da. Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua www.filmazpit.eus webgunean.

“The Swell Season” eta “Gimme Danger” dokumental musikalak Filmazpit katalogoan