Diskurtso arriskutsua

Diskurtso arriskutsua –

Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoaren Nafarroako emaitzak argitaratzean ikasi genuen: 2011tik hona, Foru Komunitatean indartu egin da euskararen erabilera sustatzearen kontrako jarrera, eta ahuldu, berriz, aldekoena. Euskal txio herrian, jendea ez da posible-ka ikusirik, xalo-xalo menturatu nuen azalpen bat: “Nafarroako soziologia aldatzen ari da emigrazioaren eraginez. Kanpotik etorriek, nagusiki, bat egiten dute historikoki euskararen aldera arroztasunean bizi eta –80ko hamarkadaz geroztik– hezi izan den populazioaren zati handiarekin. Gure natalitate ahulak gainerakoa egiten du”.

Diskurtso arriskutsua
Arg: Pixabay

Erran banuen, erran nuen. Eztien hartu ninduenak “diskurtso arriskutsutzat” jo zuen nire ekarpena. Bertzeren batek, iraina: “Arrazista zikina”.

Ez du ospe onik euskararen egoera eta emigrazioa ekuazio berean sartzeak. Ezta aldagai gisa ere. Ulertzekoa. Nahikoa zama ekartzen duenari orban gehiago eranstea ez da gizalegea.

Bistan dena, alferrikakoa da emigrazioaren kontra egotea. Gu aberatsak eta haiek pobreak diren bitartean etortzen segituko dute, gu kontra egon ala ez. Guk estatu bat eratu ala ez. Emigrazioak on egiten digu ekonomikoki eta sozialki. Ordainean –izan gaitezen zintzo– maldatsuago bilakatzen du euskararen biziberritzea.

Nafarroan legeriak, erakunde nagusien jarrerak eta gizartearen sektore handi batek etorkinei bidaltzen dieten mezuan euskara traba bat gehiago da haien herritartze ekonomiko eta sozial berrian

EAEn berriki argitaratutako inkestak nabarmendu du hango etorkinek euskararen aldera duten jarrera ona. Hiru probintzietan, irakaskuntzak euskararen ezagutza unibertsala bermatzen du. Euskara (zerbait) ikasiko dute Boliviatik, Marokotik edo Bulgariatik etortzen direnen seme-alabek; ez dira oztopo izanen haien gurasoak.

Nafarroan, berriz, ez dago toki guztietan bermatua ez euskarazko ez euskararen irakaskuntza. Gainera, bertako betidaniko bizilagun aunitzek begi txarrez ikusten du euskararen garapena. Foru Komunitatean ez dugu oraingoz inkestarik. Ez dakigu etorkinek zehazki zer pentsatzen duten. Badakigu, aldiz, non matrikulatzen dituzten seme-alabak, eta ez ohi da D ereduan izaten. Batzuetan, eskaintzen ere ez zaielako. Bertzetan, aukeran nahiago izaten dutelako euskararik gabeko eredua.

Euskaltzaleok integraziorako tresna gisa saltzen diegu euskara. Nafarroan, ordea, legeriak, erakunde nagusien jarrerak eta gizartearen sektore handi batek etengabe bidaltzen dieten mezuan euskara traba bat gehiago da haien herritartze ekonomiko eta sozial berrian. Ez gintuzke hainbertze harritu behar ikuspegi hori gailentzeak gero eta gehiago diren etorri berrien artean ere.

Betidaniko nafarrak gureganatzeko soka-tiran irabazle gertatu gabe etorri zaizkigu nafar berriak. Balantza are gehiago desoreka ez dadin, betikoari eustea baino zerbait gehiago pentsatu beharko da noizbait. Kontuak hausnarketa behar du. Histerismorik gabe. Apriorismorik gabe. Antiojo ideologiko gehiegirik gabe.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Diskurtso arriskutsua Diskurtso arriskutsua

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

5 pentsamendu “Diskurtso arriskutsua”-ri buruz

  • Zer den, oso boladan dagoen hizkuntzaren manipulazioa. Betidaniko nafarrak? Nafar berriak? Orain dela 50, 60 urte etorri ziren espainiarrak nafarrak al dira, ala kolonoak? Zenbait geronen herriaren parte dira, baina Toledoko Garcia Adanero nafarra al da? Europako estatu ustez demokratikoen parametroetan ez. Eta nafar berri horiek, oka, izatekotan espainiar berriak dira, ez beste. Eta gezur handiena, geronen ekonomiari eta gizarteari ez diote inolako ekarpenik egiten. Horrek testu luze bat beharko luke.

  • Zer etorri berri horiek beren herrialdeetan hizkuntza gutxitu anitzen berri badute, eta badakigu zer tratu ematen dieten. Bestalde, etorri berri asko, daramaten zama! klase ertainekoak dira, gogoan dirua baino ez dutenak, kontsumista erabatekoak, eta asko evangelistak. Jai daukagu!

  • Benat Castorene 2023-10-13 22:11

    Pentsatzeak beti arrisku bat dakar eta ez baduzu arriskurik hartu nahi, sustut ez ezazula pentsa!
    Beraz diskurtsu aerriskutsu bat egin izana, izan daiteke marka ona zuretako.
    Aldiz marka txarra “arrazista zikina ” irain klasikoa leporatu dizunarentzat! Zeren gizaki horrek ixilarazi nahi nahi baitzintuen eta horrelakoek hausnartzerik ez dute nahi.
    Zu arrazista bazara asko gara arrazstak !
    Segi aitzina,arriskua hartzen Aingeru!

  • “Inmigrazioak on egiten digu ekonomikoki zein sozialki”. Benetan Aingeru? Esaldi honetan aipatzen duzunarekin bat zatoz??? Sentitzen dut, baina nik ez dut horrela pentsatzen.

  • Benat Castorene 2023-10-14 14:54

    Tximino arratsalde on,
    Iduriz “…on egiten digu…” horren ulertzean dago koska.
    Egia da inmigrazioaren parte batek betetzen dituela hemengoek egin nahi ez ditugun lan batzu (lantegietan ostatuetan, zahar isolatuen zaintzan eta abar), zailak edo gaizki ordainduak direlako baita duela hogei urte ez ditugulako ume aski egin ere.
    Zentzu horretan uler daiteke “on egin digute ekonomikoki ” hitz horiek. Aldiz “sozialki” hori gaizki dator, zeren lan “txarrenak” arrotzei eginaraztea ez da inorentzat soluzio sozialki justua gainera soluzio horrek nahitaez ahultzen duelarik gure hizkuntzaren eta barne kohesioaren egoera larria.
    Beharbada Aingeruk senez nahi izan du bere burua “arrazista” irain gaizto bezain “estupido horretatik nunbait pixkabat “zuritu”, eta hori baldinda erabat natural litzateke.
    Adeitasunez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude