Diezazkizueten
Diezazkizueten –
Naffarrera:
Bada guiçonéc çuey eguin dietzaçuen nahi dituçuen gauça guciac, eguin ietzeçue çuec-ere hæy halaber: ecen haur da Leguea eta Prophetác.
Mattheo 7:12 Leiçarraga
.
Euskara Batua:
«Honela bada, besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia.
Mateo 7:12 EAB
Leizarragak erabilitako dietzazuen eta ietzezue horien ordez, euskara batua deitzen den Akademiaren euskalki berri samarrean diezazkizueten eta iezazkiezue edukiko genituzke, zeinak guztiz eta zeharo inpraktikableak baitira, hainbat non goiko adibidean erabili ere egin ez baitituzte.
Irakur iruzkinak, otoi!
Diezazkizueten
diezazkizueten adizkia adieraztekotz dietzazuen erabili zuen Leizarragak, hau da, “iezazki” artizkiaren ordez “ietza”, eta “zueten” bukaerakoa “zuen” modura:
iezazki = ietza
zuete = zue
Honetara lortzen da ahoskagarria den adizkia, eta beraz praktikagarria.
Adeitsuki
Arratsalde on Josu
Ba nik herabetuki proposatuko nuke erdipurdiko soluzioa:
“gizonek zuei egin dietzazueten nahi ditutzuen guziak…”
Ene iduriz “ten” horrek hobekiago iradokitzen baitu haiek sujeta Leizarragaren “n” bakar horrek baino. Ezda?
Gero egia da batuan “zuei egitea nahi zenuketen guztia”esaldian ikusten den bezala “zuei egiteak” errazten du.
Berriki ikasi dut “nomilazizioa” deitzen dela eta oso modan dela eta gomendatua.
Zalantzan nago alde batetik errazten dugu eta bestetik aditz forma batzuk ahantziko ditugu ez aski erabiltzeagatik.
Zer deritzozu?
Arratsalde on, Beñat
Zuzen zaude!
diezazkizueten da impraktikablea guztiz. Nominalizationea ere erabilia da, baina adizki jokatuak edota konjugatuak ere behar ditugu.
Naffarreraz dietzaçueten da forma standarda. Leiçarraga baithan dietzaçuen forma laburtua.
Batuerazcoa da onartezina!
iezazki hori tartekatzen dutenek erakusten dute argiro ez dakitela ezer ezertaz ere. Horrela eta horrelakoekin euskara’ pikutarat doa, daramate, irremediableki.
Adeitasunez
Nominalizazio famatuari buruz interesgarria litzateke pundua egitea. Konjugazioa errazten omen du beharbada baina bera ere ongi erabiltzea ez da hai aisa. Ulertu dutanez erabiltzen da dago eta daukat aditzekin baina erraz da gaizki erabiltzea.
Egitea daukat… ez dago egiterik… badago egitea… ez dago zer ikusia… ez dago zertan erran eta abar
Ni nahasten naiz oraindik eta horretrako guti erabiltzen.
Gainera emaiten du guk baino askoz erabiltzen duzuela Bizkaian gaindi.
Beñat,
Nominalizazioaren bidez, edozein subjunktivo sinplificatzen ahal da. Adibidez:
Liburuak eman diezazkiodala eskatu dit = Liburuak emateko eskatu dit
Baina kuestioa da subjunktivoaren beraren forma ahoskaezinak. Euskaltzaindiak erabakitako formak ahoskaezinak dira eta beraz inpraktikable eguneroko bizitzan.
“diezazkiodan” bat, adibidez, ezin da erabili lagun arteko elkarrizketa batean. Hori esateko “dietzodan” forma literarioa hartu balitz, desberdina litzateke:
Liburu bat eman diezodan
Liburu batzuk eman dietzodan
Singularreko Zren ordez TZ pluralean.
Euskara ezin da zaila izan euskaldunontzat, zeren hau baita barkaezineko anomalia suizida.
Adeitsuki
Alta nominalizazioa ez da beti subjontiboa kentzeko.
Adubidez “orai ez dago ezer egiterik” edo ” liburuak badu zer ikusia gerlarekin” edo ” ez da zertan hasarretu” edo ” hau ere daukagu egitea ?”
Adibide horietan guzietan nominalisasioak ez du subjontiboaren tokia hartzen eta erabil daitezke neurri gabe. Ezda?
Gero zuk aipatzen duzun adibidea, hau da, “Liburu batzuk eman dietzodan eskatu dit” askoz errazagoa eta politagoa dela “Liburuak eman diezazkiodala eskatu dit” baino iduritzen zait nabarmen dela. Gainera iduritzen zait mintzaia herrikoan ere aditzen zela Nafar -lapurteraren ingurune hauetan.
Baina orai zer egingo diogu ba? Petizio bat euskalzaindiari buruz?
Bai, Euskaltzaindiari petizio bat egin behar diogu. Eskaera bat eta bakarra: Autodisolba dadila eta behin betiko desager.
Egin beharreko lan bakarra zeukaten: euskara batua sortzea, alegia.
Eta lan hau hagitz gaizki egin dute, ezin gaizkiago, sekulako kalte kolateralak eraginik.
Euskal gazteek ez dute euskaraz egin nahi. Euskara batuak ez die deus ere aportatzen. Ezer ere ez. Ez naiz harritzen euskaraz ez badute egin nahi. Logikoa.
Ezin naiz mintzatu argirokiago.
Adeitsuki
Josu, ene ustez Euskaltzaindiak lan bikaina egin du eta egiten ari da. Ez dela perfektua? Argi-ilunak daudela? Jakina! Euskara Batua estandar ederra eta ongi egina da. Denok begiratu behar dugu, alde batera edo bestera oker ez dadin. Gazte euskaldun askok ez dutela euskaraz egiten? Egia biribila! Baina ene ustez, hori ez da euskara batuaren errua, bizi garen egoera kolonial eta globalizatuarena baizik.
Hori da euskaldunon erronka, erabilera! Bide berriak bilatu behar ditugu hori konpontzeko. Ez da erraza baina… Euskara Batua eta euskalkiak behar-beharrezkoak ditugu den-denak, batek ez ditu besteak ukatzen, eta alderantziz. Euskara Batua itsasoa da, eta euskalkiak ura ematen dioten ibai-errekak. Horien arteko kalapitak bilatzea txorakeria galanta da, inora ez doana.
Euskara Batuaren zenbait gauza aldatu beharko direla, eta aldatuko direla, gauza jakina da, gure mintzaira bizi-bizirik dagoelako eta aldaketa bizitzearen seinalea delako.
Lerro hauetatik nire esker ona Euskaltzaindiari egin duen lana bihotzez eskertuz.
Adeitasunez, Josu, segi pixkor!
Joseba,
Oxala zuzen bazeunde!
Zure euskaran behin ere ez dut nabaritu neuk batuari egozten dizkiodan akatsetarik batto ere.
Ikus dezagun beste adibide bat Leizarragarenik:
Beguirauçue nehorc eztieçón gaitza gaitzagatic nehori renda:
1 Thessalonicarrei 5:15
Anglesez:
See that none render evil for evil unto any man;
Gaztelaniaz:
Mirad que ninguno dé a otro mal por mal;
Euskara Batuan:
Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde.
Oharrak:
begirauzue. Leizarragaren baitan = begira ezazue = see = mirad
Zer esaten digu Euskaltzaindiak bere hiztegian? Hona hemen:
begira-
(Aginterako begirauk/n, begirauzu(e) formetan erabiltzen da, ‘kontuz ibil, kontu eduki’ adierarekin). Begirauk eriari erratetik xahu dela. Begirauzue nagikeria eta luzamenduetarik.
Honaino. Euskaltzaindiak “begirauzue” forma onartzen du, baina ez “begira ezazue” esannahi orokorraz. Hortxe dago tranpa. Hortxe iruzurra.
Hurrengo iruzkinean gehiagoxe esango dut.
Adeitsuki
Joseba,
Leizarragaren aipua:
Beguirauçue nehorc eztieçón gaitza gaitzagatic nehori renda:
Euskara Batuan eman liteke hitzez hitz honetara:
Begirauzue nehork ez diezaion gaitza gaitzagatik nehori errenda.
Guztiz zuzena euskara batuan, nahiz gehienek uste duten inork eta inori batuagoak direla nehork eta nehori baino. Eta errendatu ( = eman) erdi erdarakadatzat jotzen da maiz askotan, nahiz frantsesez eta anglesez ere erabiltzen den.
Beraz, honela ere euskara batua litzateke:
Begirauzue inork ez diezaion gaitza gaitzagatik inori eman.
“Benetako” batuan gutxigorabeherismoa maiteago dute eta honetara ematen dute itzulpena:
Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde.
Hurrengoan amaituko dut.
Adeitsuki
Joseba,
Ikusi dugu Leizarragaren DIEZON (dieçón) horri euskara batuan DIEZAION dagokiola.
DIEZEN formari DIEZAIEN legokiokeen bezala.
Silaba bat gehiago, ezta? Garrantzirik ez, ezta?
Eta objektua plurala denean?
Batuan bi silaba gehiago euskara klasikoan baino:
dietzon = diezazkion
dietzen = diezazkien
DBHn dagoen ikasle batek zenbat aldiz entzun dizkio irakasleren bati diezazkion eta diezazkien adizkiak eskolara hasi zenetik?
Behin ala behin ere ez?
iezazki-dun artifizial hauek mahukatik aterata daude. Naturalak ietza-dunak dira.
Ez dut orain besterik esateko.
Adeitasunez
Bada guiçonéc çuey eguin dietzaçuen nahi dituçuen gauça guciac, eguin ietzeçue çuec-ere hæy halaber: ecen haur da Leguea eta Prophetác.
Leizarragaren aipu honetan ere “ietzezue” ikusten ahal dugu ezin ahoskatuzko “iezazkiezue” adizkiaren ordez.
Erabaki hauek kalte izugarria egin die euskarari eta euskaldunei.
Adeitsuki
Josu, onartzen dut aditz horiek zail eta luze samarrak direla, agintera hori gehienbat, eta nire ustez, noizbait aldatu beharko dituzte, ez baititu inork erabiltzen.
Jendeak eman iezadazu erran beharrean, eman idazu, edo emaidazu bezalako formak erabiltzen ditu. Eman iezaizkiezue erran beharrean, eman izkiezue, edo emaizkiezue. Hauek dira, niri modu naturalean ateratzen zaizkidanak.
Euskara batua gaur ezinbesteko erraminta dugu, ezin uka, baina hobetu beharra dauka, horrelako aditzetan batez ere, guztiz ados.
Beste arazo bat da euskalkiena, zuk bizkaiera aipatu duzu zenbait aldiz.
Ene ustez, eredurik onena da Zuberoako ikastolan erabiltzen dutena, lehen mailetan, ama-ikastolan eta kolegioan, eta zuberera ongi menderatu arte, bertako euskaraz ematen dituzte jakintzagai guztiak. Lizeora edo institutura pasatzean, batua erakusten diete. Horrela biak ongi ikasten dituzte.
Hegoaldean, horrelako zerbait egin beharko litzatekeela uste dut, batez ere, mendebaldeko euskararen eremu zabalean.
Adeitasunez agurtzen zaitut, Josu.
Bat nathor çurequin, Joseba.
Bihar cerbait guehixeago erranen duquet.
Adeitsuqui
Joseba,
Ondokoa idatzi duzu:
“Eman iezaizkiezue erran beharrean, eman izkiezue, edo emaizkiezue. Hauek dira, niri modu naturalean ateratzen zaizkidanak.”
iezaizkiezue idatzi duzu standarda hori delakoan. zaie/zaizkie nor-nori denez eta honen eraginez, iezaizkiezue idazten dute askok IEZAZKIEZUE normativoaren ordez.
Berdin gertatzen da beste adizki askotan ere:
*diezaizkien diezazkien idatzi ordez,
*diezaizkieke diezazkieke idatzi beharrean
i bat kolatzen da.
iezazki pluralgilea hautatu izana katastrofikoa izan da adizki hauen erabilera normala eragozten duelako.
Baina orain aldatuko dute euskaltzainek arrapaladako erabaki hori? iezazki pluralgilearen ordez ietza klasikoa onartuko?
Ez dirudi.
Adeitsuki
Euskara Batua izena usurpatu du Euskaltzaindiak.
Euskaldunok ez dugu euskara batua, hori bera, behar.
Euskaldunok euskara batu BAT behar dugu:
deraukot, deutsot & diot
+ deraukat & deutsat
Adeitsuki
Eta ihardesten çuela Iesusec erran ciecén, Çoazte eta conta ietzoçue Ioannesi, ençuten eta ikusten dituçuen gauçác:
Mattheo 11:4 Leiçarraga
Batua deitzen duten horretan:
Jesusek erantzun zien: —Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena:
Mateo 11:4 EAB
Zer da hau, baina?
Gutxigorabeherismoa! Ez besterik!
Goiko conta ietzozue hori konta iezazkiozue litzateke eta ez “esan” triste hori!
Euskara Batuaren filosofia eta mundu ikuskera murritza da oso. Ez da praktikan hizkuntza minimoki serio eta fidatzekoa! Gazteek eta hain gazte ez direnek ihes egiten diote, nola edo hala, mesfidati. Bluffa!
Euskal “politika” (ezker zein eskuin) ere sekulako eragin nefastoa izan da honetan guzti honetan.
Noiz espabilatuko gara, bada?
Adeitsuki