Desobedientzia ekintza baxoan: berrogei ikaslek euskaraz erantzun dute filosofiako azterketa

Desobedientzia ekintza baxoan: berrogei ikaslek euskaraz erantzun dute filosofiako azterketa –

Argia aldizkaritik jasoa.

Baxoko filosofiako azterketa euskaraz erantzun du Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle andanak, ikasketak hizkuntza horretan egiteko eskubidea aldarrikatu asmoz, aurrez jakinik ez direla zuzenduak izango.

Desobedientzia ekintza baxoan: berrogei ikaslek euskaraz erantzun dute filosofiako azterketa
Ikasleek Bernat Etxepare lizeoaren atarian eman dute ekintzaren berri (arg.: Euskal Irratiak)

“Ikastolak zuen baimenik gabe eraiki ziren, ehunka euskaltzaleren lan eta borrokari esker. Ez dugu zuen baimenik eskatuko eskubide berriak lortzeko”. Determinazio horrekin Baionako Bernat Etxepare lizeoko 40 ikasle inguruk euskaraz erantzun du baxoko filosofiako azterketa. Hala, azaldu dutenez, azterketaren lehen zatian euskaraz ikasteko euren eskaria berretsi dute frantsesez, eta ondoren euskaraz erantzun dituzte idatzizko galderak.

Ekintza horren bidez, Frantziako Estatuak hizkuntza gutxituen irakaskuntzan duen jarrera ere salatu nahi izan dute, esaterako, Molac legearekin harturiko erabakiak. Testuinguru horretan kokatu dute baxoa euskaraz egiteko debekua, “Ipar Euskal Herriko jendartearen gehiengo batek” azterketa hizkuntza horretan egin ahal izatea sustengatzen duen arren euren esanetan, maiatzaren 29ko manifestazio erraldoia gogoan.

Lizeoaren aurrean eman dute ekintzaren berri eta Kazeta.eus-ek jaso ditu beraien hitzak: “Batzuek halakorik uste ez duten arren, filosofia euskaraz ere egin daiteke. Gogoetatzeaz gain, ekintzetara ere pasatzen gara ikasleok”. Ikasleek badakite azterketa horiek ez direla zuzenduak izango, eta bi nota izango dituzte orain: bata azterketakoa eta bestea ikasturte osokoa, eta horietako bat hautatuko dute. “Guk pentsatzen dugu euskaraz pasatzeagatik 0 izanen dugula. Baina espero dugu 0 eliminatorio bat ez izatea”.

Ekintzarekin elkartasun mezua helarazi nahi izan diete ikasketak euskaraz egiteko borrokan ari diren ikasle, irakasle eta gurasoei. Hain justu, aste honetan Seaskako irakasle talde batek iragarri du desobeditu egingo duela, eta Brebeta zuzentzeari uko egingo diola, ikasketak euskaraz egiteko eskubidea urratua izaten ari delako. Bestalde, guraso talde batek Idauze-Mendiko eskola okupatu du bertan euskarazko irakaskuntza proiektu bat abiaratzeko eta murgiltze ereduaren alde.

Uztailaren 1ean azterketak euskaraz pasatzearen aldeko manifestazioa egingo dute Donapaleun eta hara joateko deia luzatu dute ikasleek.

Desobedientzia ekintza baxoan: berrogei ikaslek euskaraz erantzun dute filosofiako azterketa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.