De(sde) siempre
De(sde) siempre –
Andoni Egañaren BETIDANIK (Berria, 2022.07.17koa) irakurri eta lerrook idazteko gogoa piztu zait, nik DE(SDE) SIEMPRE izenburuaz bildu nahi ditudanak.
Gaztetxoa nintzela, Karrantza Harana sorterriko La Escrita izenaz ezaguna den sarrerako portu txikiari erreferentzia egiteko, nik ESKITA entzun nuen, lehenengoz, aita nuenaren ahotik. Bitxia begitandu zitzaidan, nik «desde siempre» La Escrita zela entzuna bainuen, baina belaunaldi oso bat zaharragoko baten ahotik Eskita entzuteak zalantzatan jarri zidan nire «beti(ko)tasun» hura. Orduko herrikide lagun eta ezagunekin komentatu eta ezeini ere ez zitzaion ezaguna egin Eskita izena; aitaren kinto batzuek, ordea, baietz zioten, lehen hala esaten zitzaiola Karrantzatik eta Iturriotzeko Uribarrirako (Villaverde De Trucioserako) errepide-igarobideari. Belaunaldi oso baten, edo agian biren, kontua ei zen izendapen berria; edo betidaniko izendapenaren eraldaketa, hobeto esanda.
Gerora, euskalduntzeari ekin nion eta, nonbait edo norbaiti entzunda, Eskita hura euskarazko toponimoa ere izan zitekeela ikasi nuen. Eta, gutxika-gutxika, neure burua euskaldunago sentitu ahala, Enkarterri osoan zehar halako beste hamaikatxo kasu ere badaudela ikusi eta ikasi dut; Garapeko (Sopuertako) Las Barrietas, lehen Olabarrieta zena; Muskizko Las Carreras, garai batean Lakarr(i)eta omen zena (Gallarta Galarreta bezala); edota Trapagarango La Reineta, berez Larraineta ei dena. Bertakoek, halere, betidanik edo beti (de(sde) siempre) LAS edo LA izan direla pentsatzen dute; dagoeneko donostiar askok ere bertako hondartza bat LA Zurriola betidanikoa dela uste duten bezala.
Oso argudio indartsua izan ohi da ‘beti’ DE(SDE) SIEMPRE («beti», «betidanik» edo «betiko») adberbio edo izenlagunak erabiltzea, darabiltzatenentzat. Eta ‘betiko’ (PARA SIEMPRE) eralda dezakete paisaia linguistikoa ere, hizkuntzaz aldarazteraino eraldatu ere, inoizkoa izan ez dena betiko bilakatuz; akaso entzun beharko dugu, noizbait, oraingo ingururik euskaldunenean ere betidanik izan dela erdara (nagusi), eta betiko bihurtu erdal herri. Batek daki!
Zurekin ados nago Enkarterrietako euskal lekuizen asko zerikusirk ez duten izen erdaldunetan transformatu direla, baina alderantziz ere egin da askotan, ustezko jatorri euskalduna bilatzeko ahalegin desesperatu baten asmakizun irrrigarriak eginez. Eta honek lagundu baino kalte egiten dio euskarari. Baina euskal lekuizenen presentziak muga argia dauka Enkarterrietan. Barbadun/Mayor ibaitik mendebaldera euskal toponimioak erabat desasegertzen dira (edo ia?), toponimia erabat “montañes”ari bide emanez.