Dena Francoren erruz

Dena Francoren erruz –

Etorkizunaren ortzi mugan egun zoragarri bat ikusten dut. Berogailuan aurreztearren neguan zehar erabili ditudan zortzi mantak berriro gordeko ditudana. Egun euritsuetan paretik datorren aterkidun horri pasatzen uzteko kale bazterreko aterpetik irten behar izango ez dudana. «Euskaraz umorea egitea zaila da» berriro entzungo ez dudana.

Baieztapen horren jatorria zein den ikertzen aritu naiz, baina, ez dut ondorio garbirik ateratzerik lortu iturriaren arabera aldatzen baita. Batzuek diote euskara desagertzeko Francoren trikimailu bat izan zela. Edozer espero genezake jeneraltxo horren partetik, agian artifizio hori ere bai. Jatorria edozein dela ere, euskal gizartean erraietaraino sartzea lortu zuten.

Gaur egun, inkesten arabera, jende askok umore mutua egitea euskaraz egitea baino errazagoa dela dio. Hitzik gabe geratu nintzen hori irakurtzean. Ondo etorri zitzaidan, horrela umorea egitea errazago nuen eta.

Baieztapen hori egiatzat jotzen duenarentzat galdera: zergatik uste duzu euskaraz umorea egitea zaila dela? Euskaldunon errua da ala euskararena?

Nere iritzia jakin nahi? (erantzuna baiezkoa bada besterik ez jarraitu irakurtzen).

Dena Francoren erruz
Mikel Irazusta umoregilea. (Argazkia: Hiru Damatxo)

Guztiaren errua esaldiak berak dauka. Beno, guztiarena ez. Txapata ogiaren prezioaren igoeraren errua ez bota baieztapenari. Baina ulertu nauzue. Edo hala espero dut behintzat. Hainbeste aldiz entzun dugu «umorea euskaraz egitea zaila da» halabeharrez egia dela sinesten amaitu dugula.

Onartuko dizuet, nik neuk ere sinetsi nuen garai batez. Ez zidan luze iraun. Burua altxa eta ingurua begiratzea besterik ez nuen egin behar izan eta. Euskaraz umorea lantzen duten antzerki sorta bat plazaratzen da urtero; EITBren sorreratik makina bat umorezko saio egin dira, nahiz eta duela urte batzuk formula non utzi zuten ahaztu zitzaien; bertsolariek ere umorera jotzen dute gaiak hala eskatzen duenean; lehenago zirtoan arituak zirenak ere bazeuden.

Oraindik zalantza baduzu Karkakar stand up probalekura joatera gonbidatzen zaitut. Beno, edo zuk ni. Sarrerak lortzen dituenaren arabera, azkenak hamar minutuan gastatu baitziren. Saio bakoitzean, bost bakarrizketalarik norberaren testua jendaurrean probatzen dute. Batzuk arituak dira lehenago, besteek bertan egiten dute bizitzako lehen bakarrizketa. Inork ez du pentsatzen «zer zaila euskaraz egitea».

Barrexerkan ere bost urte daramatzagu umorea euskaraz egiten. Ez dugu esfortzu gehigarririk egin behar euskaraz sortzeko, besterik gabe, natural irteten zaigu.

Euskal umorean olatu berri bat hasten ari dela iruditzen zait. Agian olatu hau izango da hondarretan sakon idatzita dagoen «euskaraz umorea egitea zaila da» esaldi malapartatua behin betiko ezabatuko duena. Agian ez. Eta dena Francoren erruz.

Irutxuluko Hitza

Dena Francoren erruz

Barrexerka Polainak jantzita

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude