Burundako alkateak euskararen alde

Burundako alkateak euskararen alde

Burundako alkateak euskararen alde
Guaixetik hartutako argazkia

Euskal Herrian lehenengoz elkartu omen dira eskualde bateko alkateak, euskararen aldeko agiri bat sinatzeko. Gertakari honen “errua”, alkateona baino askoz gehiago, Koldo Zuazo hizkuntzalariarena izan da. Gizon hau euskararen (euskalkien eta batuaren) alde egiten ari den jardun bikaina merezi bezala sustatu eta sarituko ote dute (herritarron diruak ondo kudeatzeko baitira) bateko eta besteko agintari abertzaleek egunen batean?

Kasua da ze, ondoko gutxi gorabeherako puntuak adostu eta sinatu dituztela Ziordi, Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaikuko alkateek:

1. Euskara da gure kulturaren ezaugarri nagusia, eta bidezkoa deitzogu gure ondorengoei ondasun hau transmititzea.

2. Burundan egoera larrian dago bertoko euskalkia. Ziordin, Olatzagutian, Altsasun… erabat galduta, eta galbidean Iturmendin edo Bakaikun. Soilik Urdiainen heldu da bizirik. Egoera honen aurrean, ezinbestekoa iruditu zaigu, bere aldeko neurriak hartzea.

3. Hainbat gaztek, gure arbasoen euskalkia berreskuratzeko erronkari ekin berri dio. Hortaz, bide horretan laguntzeko, gure esku dagoena egiteko erabakia hartu dugu. Ibarreko hiztegia osatzea izango da horretarako lehenbiziko urratsa, hiztegia ezinbestekoa baita hizkuntza ikasteko eta irakasteko.

.

Burundako euskararen hiztegia

Burundako euskararen hiztegia sustatuko dugu herritarrok, aipatutako euskaltzaleen eskariari gure ordezkari nagusiek emandako babesaren ondotik.

Koldo Zuazo bera, Mikel Agirre eta Mikel Galartza arituko dira horretan buru-belarri, zenbait urdintarren laguntzaz gainera.

Hiztegi horri baina, hauspoa eman beharko zaio ondotik, ahaleginak mereziko badu, eta horretan ere oso garrantzitsua da alkateon jarduna eta jardun horren nolakoa.

Beste alkateen jardunaz ezer gutxi dakidanez, nire herrikoari luzatuko dizkiot eskari zenbait, hiztegiari atarramendua ateratze aldera.

Lehenik, alkate jauna, oso onuragarria litzateke zure jardun publikoan sikiera (gizarte sareetan, hedabideetan, eta abar), euskarari, erdarari eskaintzen diozun beste leku (edo gehiago, amets egitera jarrita) ematea. Horrek sinesgarritasuna emango lioke agerraldian parte hartu izanari.

Altsasun ohitura zahar bilakatzeko bidean dago kultur eskaintza oso nagusiki españolez osatzea, bertoko españolkiari lekua eginez gainera, antzerkilari euskaldun ospetsuenak ere, Vasconiako españolez jardutera ekarriak baitira sarri.

Badakit hau ez dela zeuk ezarritako ohitura zaharra, oso aurretik datorren jokabide bat baizik, baina aukera polita duzu orain berrikuntza batzuk egiteko eremu horretan ere.

Altsasuko toki izenak ikusteko moduan seinaleztatzea ere, ekimen interesgarria litzateke. Izen horiek gainera, Burundako euskalkira garamatzate zuzen-zuzen.

Haurrak eta gazteak omen dira gakoa euskararen berreskurapenerako, besteak beste EAJ-k ere behin eta berriro azpimarratu ohi duenez. Alabaina, Altsasuko haur eta gazteek egiazko aukera oso gutxi dituzte euskaraz jarduteko. Horretarako, hiztegia eskaintzea (hori ere bai) baino hobe litzateke euskarazko aisialdi egitaraua berreskuratzea, kirol jardueretan euskarari arnasa ematea, zure alderdikideekin hitz egitea ETB1-ek programazio duin oso bat eskaini dezan edota ETB2-k euskaldunei españolez egiteko ez diezaien eska, eta abar, eta abar.

Beste ekimen asko bultza litezke udaletik, neuk baino hobeto dakizun bezala, euskarak, batuak nahiz euskalkiak, arnasa har dezan gure herrian, behar gorria dugu eta. Hiztegiarekin edo gabe, jardun horretan tematu zaitezen eskatzera natorkizu, inork pentsa ez dezan, Burundako alkateen agerraldiak itxurakeriatik izan duela gehiago, euskararekiko eta euskaldunekiko sentiberatasunetik baino.
Eutsi gure kulturaren ezaugarri nagusiari, alkate!

Burundako alkateak euskararen alde Burundako alkateak euskararen alde Burundako alkateak euskararen alde

Oinezkoa

4 pentsamendu “Burundako alkateak euskararen alde”-ri buruz

  • Argazkia badago, edozerren alde juntatzen dituk politikariak. Adi egon.

  • Alde eta antzekotasun erabakigarriak daude ordezkari abertzaleen eta unionisten artean. Antzekotasunik agerikoena: unionista guztiak españolez edo frantsesez bizi dira, salbuespenik gabe. Eta ordezkari abertzale asko eta asko españolez edo frantsesez bizi dira, unionsitak bezalaxe.
    Alde nabaria: unionista ia guztiek bultza egiten dute euskara baliogabetzeko eta euskaldunak bazterrean jarrai dezagun, nahita. Zinegotzi unionista ergelenak ere badu euskararen aurkako oinarrizko hiztegi bat, zeinaren arabera, euskara zerbitzu publikoetan edo hezkuntzan eskatzea inposaketa den, batetik, euskara oso jende gutxik erabiltzen duela esango dizute bestetik, eta beraz, ezertarako balio ez duela.
    Ordezkari abertzale gehienek ez dakite zer esan ere, euskararen defentsan. Ezta euskaldunak izanik ere. Salbuespen dira euskararen inguruko diskurtso erdi-egituratu ta duina daukaten ordezkari abertzaleak.
    Horregatik gaude gauyden bezala.
    Horregatik egiten digute eraso egunero eta nonahi, unionistek. Izan zitalak, edo izan indokumentatu ergelak.

  • Esan nahi nuen horrekin, ordezkari abertzale asko, gehienez ere euskara-hiztegi bat sustatzera heltzen direla. Ez eskatu gehiagorik, ez baitira prest egongo, “erdaldunak ez baztertzeko” aitzakia lotsagarria emanda. Bestela esanda, ez daude baztertzen gaituztenak molestatu ere egiteko prest, baztertzaileen aldean baitaude praktikan.

  • Euskararen aurkako nafarren pentsamoldea oso ondo adierazten du Diario de Navarraren irakurle honek:
    “Pasar de la Zona Mixta a la Zona No Vascófona es respetar la REALIDAD de Cizur (donde el 99% de los habitantes tiene al español como lengua materna) y respetar la IGUALDAD en el empleo público.
    Pero la igualdad y Navarra son dos cosas que el nacionalismo odia.
    Os quedan 20 meses.
    Dejad de odiar a Navarra.
    Dejad de odiar a los navarros.”

    Bien bitartean, politikari abertzaleak hiztegiak sustatzen, hori kristona bailitzan. Ba ez da nahikoa, jaunok.