Burbuilak
Burbuilak –
Honelaxe hasten du Euskaltzaindiak burbuila berbaren definizioa: «Airezko edo gasezko esfera txikia…». Edozelan ere, ziur nago gai izango zarela burbuilaren inguruko bestelako adierak topatzeko. Segituan dituzu niri bururaturikoak.
Segurutik, askok COVID-19arekin lotuko dute berba. Hona, adibidez, osasun-langileen esanetan, burbuila zer den: «Euren artean soilik harremantzeko konpromisoa hartzen duen lagun-taldea». Era berean, bestetzuek 2008an Espainian hasitako Higiezinen Gaineko Burbuilarekin erlazionatuko dute, milaka herritar utzi baitzituen miseria gorrian. Horrezaz gain, izango da egun futbol-ligan ere burbuila badela esango duenik, argudiaturik talde askok arazo franko dituztela zorrak kitatu eta soldatak ordaintzeko. Hala eta guztiz ere, gehien arduratzen nauen burbuilak ez du zerikusirik aurreko guztiarekin.
Egia da euskalgintzako eragileen artean azken urteotan sumatzen den adostasunak itxaropena piztu duela euskaltzaleen artean, areago ikusita, besteak beste, Euskaraldia antolatzea ahalbidetu duela. Baina iruditzen zait normalizazioaren bidean antzematen ditugun ongiek ezin gaituztela baikortasun itsu batera eraman eta ezin digutela ahantzarazi euskal hiztunok han-hemenka pairatzen ari garen erasoaldia. Bestela esanda, uste dut urte larregi daramatzagula aurrerapausotxoak nabarmentzen, eta zalantza egiten dut ez ote dugun burbuila arriskutsu bat puztu: euskararen burbuila.
- Ipar Euskal Herrian, borroka bizian dihardute ikastoletako ikasleek eta irakasleek, baxoa (hegoaldeko selektibitatea) euskara hutsez egiteko eskubidea urratzen baitie Frantziako Asanbleak.
- Nafarroako Foru Erkidegoan, bestalde, gobernua euskararen aurkako zonifikazioa betikotzen ari da, eta, jarrera zapaltzaile horren adibide gisa,oposizioetan euskarari ezelako meriturik ez aitortzea erabaki berri du; bai, ostera, atzerri-hizkuntzei, hala nola ingelesari, frantsesari, alemanari eta abarri.
- Euskal Autonomia Erkidegoan ere baditugu jazoera larri ugari. Euskaltegi pribatuek 2021ean HABErekin egindako finantzazio-akordioak ez du lortu irakasleak atxikitzea, eta askok eta askok hezkuntzara jotzen dute lan-baldintza hobeak lortze aldera. Gainera, ezin dugu aipatu gabe utzi udal euskaltegi gehienek kinka larrian jarraitzen dutela, etorkizuna ezbaiz beterik ikusten baitute.
Eusko Legebiltzarrean ere ez da giro hezkuntza-itun berria diseinatu behar duen lantaldean. EAJ eta EH Bildu ez, beste alderdi politiko guztiak gogotik ari dira oztopatzen haurrak benetan euskaldunduko dituen eskola-eredua erdiesteko akordioa.
Baina, hori gutxi balitz, bada euskararen inguruko datu bat, argi gorriak oro piztu behar lituzkeena, hots, gazteen euskararekiko atxikimenduarena.
Herriko euskara-elkartean aspalditik ikusten dugu arranguraz hizkuntzaren kale-presentzia, eta, ilusioari eusten badiogu ere, adierazleek argi erakusten digute ez dugula estrategia egokirik topatzen. Batetik, aukerak ikusten ditugu kaleetan ditugulako ezagutza aldetik inoizko gazterik euskaldunenak, baina, bestetik, mehatxu arriskutsuak ere hautematen ditugu, egiaztaturik dugulako gazteen adin-tartea dela euskara gutxien erabiltzen duena, haur eta helduen aldean.
Euskaldunon iruditerian kateek erro sakonak dituzte. Baliatu izan ditugu adierazteko iraganarekin lotzen gaituztela eta horrek ahalbidetzen digula herri gisa irautea. Hala, gazteen hizkuntzarekiko atxikimenduak behea jo duela eta, zer pentsatu behar dugu? Gure belaunaldia izango dela katea apurtuko duena?
1995ean Agurtzane Elorduik, non eta Hizkuntz Heriotza eta Aldaketa Morfologikoa doktorego-tesian, xeheki deskribatu zuen hilzorian dauden hizkerek zer sintoma dituzten (ikuspegi linguistikoa) eta zerk eramaten dituen azkenetan egotera (ikuspegi soziolinguistikoa). Ikerlan hura egiteko nire eskualdeko euskara (hego-mendebaldekoa) hautatu zuen. Kasualitate hutsa?
Orain arte zer esan dudan aintzat harturik, argi dut batek baino gehiagok joko duela katastrofistatzat planteamendua. Hala ere, zerk pentsarazi behar dit Euskal Herriko gazteen hizkuntza-jokabidea aurrerantzean aldatuko dela?