Boto eskea, zortzi hizkuntzatan

Boto eskea, zortzi hizkuntzatan –

Sua eta mina piztu dizkigu PSNren hauteskunde kartel eleaniztunak. “Barrenak behar dira Nafarroan 2023. urtean botoa zortzi hizkuntzatan eskatzeko, euskara baztertuta. Putakumeak. Urdeak. Ezta itxura egiteko ere”.

Boto eskea, zortzi hizkuntzatan
Arg: Angela Roma

Halako purrustadak irakurri dira egun hauetan Euskal Txio Herrian, zorioneko kartelaren kontura. Behin berriz, sozialistekin koleratzeko motiboak ez zaizkigu falta. Zintzoak izan gaitezen, dena dela. Hauteskunde txartel batez ari gara. Euskara gehitu izan balute ere, botoa emanen genien?

Aurten, mota guztietako datu soziologikoak argitaratu dira bozketen bezperetan. Inoiz baino gehiago. Inoiz baino ugariagoak. Izan da euskararen ezagutza ere gurutzatu duenik boto asmoarekin. Horren arabera, Nafarroan, euskaldunen %60k EH Bilduren txartela zeukaten prest hautetsontzian sartzeko. Bertze %40aren gaineko informazioa ebasten zigun delako albisteak. Hala ere, ez da uste izatekoa PSNrendako bazka handirik zegoenik aska horretan.

Ez da alde batera uztekoa gisa horretan moldaturiko kartel batean itxurakeriak zenbaterainoko karga duen. Euskaldunen aldera hain hotz dagoenak zertaz izan behar du berotasun handiagorik arabiar edo errumaniar hiztunen aldera? Hemen ez da sentiberatasun konturik, ordea, kalkulu hutsa baizik. Eta garbi dago PSNri, bere ikuspuntutik, errumaniera edo arabiera errentagarriak zaizkiola, euskara ez bezala. Garbi gelditu da hasieran: sozialista espainiarrak jende doilor eta mespretxagarria dira. Ez, ordea, ergelak.

Nafar berriak Erresuma Zaharreko biztanleriaren %20 izanen dira luze gabe. Hala ere, zer begi-kliska guti egiten zaien gure mundutik. Zein keinu guti hauteskunde hauetan ere

Euskal abertzaleei, jakina, ez zaie halakorik gertatzen. Euskal abertzaleak ez dira segurki ez doilorrak ez mespretxagarriak. Azkarragoak ote diren, aldiz, hori ez dago hain garbi.

PSNk atera du zortzi mintzairatan ondutako afixa, ez “gureek” alemana-edo kendu eta euskara sartuta. Javier Esparza (UPN) ikusi dugu egun hauetan Sanduzelaiko meskita bisitatzen, ez Uxue Barkos. Podemoseko zerrendaburuak bildu dira etorkinen elkarteekin, ez Joseba Asiron.

Horiek ere kalkulu hutsez ari zirela? Bistan dena. Zer da politika, bada, kalkulu hutsa ez bada?

Nafar berriak Erresuma Zaharreko biztanleriaren %20 izanen dira luze gabe. Herrialde honetan sortzen diren hiru haurretarik batek estatutik kanpo jaioa du aita edo ama; gehienetan biak. Hala ere, zer begi-kliska guti egiten zaien gure mundutik. Zein keinu guti hauteskunde hauetan ere. Zein arrotz ditugun. Zein arrotz gaituzten. Gero ikastoletan eta D ereduetan nahi ditugu. Baina, hara, ez dira etortzen.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Boto eskea, zortzi hizkuntzatan

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

7 pentsamendu “Boto eskea, zortzi hizkuntzatan”-ri buruz

  • Horrelako jendailarekin ez dago etorkizuna eraikitzerik. Arlo sozialean nahi dutena saldu dezakete, baina jarreran euskalduntasunaren etsai irmoak direla, behin eta berriz erakusten duten. Nire esku balego, horrelakoak ahalik eta urrutien!!!

  • Artikulu hau geure burua kulpabilizatzeko dugun joera kristau zuriaren argibide argia da. Horregatik goaz goazen bezala

  • Benat Castorene 2023-06-02 18:17

    Ulertu dudanez nahigabetua zarelako galdatzen duzu: “Zer da politika, bada, kalkulu hutsa ez bada?”
    Baina ezda politikaren kalkulua edo errua baizik eta partidu politikoen eta kudeatzen dituzten politikari guzien kalkuluak boterera iristeko. Baina tira, azkenean berdin da eta. Naturaren legeak bezala da. Boterera iristea bilakatzen da haien helburu azkena eta horretarako ahal bezainbat boz arrastelatu behar dituzte eta kito. Deitzen diren demokrazietan ere, ezin da bakarrik politikaren gainean kontatu nahi dugunaren alde aritzeko. Baina erresistentzia antolatzeko hobe hala ere hemen Errusian baino.

  • Beti ere, Ruiz de Alda, Falangearen sortzailea eta amaren abizena ezkutatzen duena.

  • Aingeru Epaltza 2023-06-03 08:53

    Zuk, Nagore, aitarena, amarena eta espiritu santuarena.

  • Eta Ruiz de Alda alkate andrea. Ura bere bidean.

  • Mikel Haranburu 2023-06-20 10:37

    Bai, ur uherra, alafede.