Bingen Zupiriaren asmoak
Bingen Zupiriaren asmoak
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ez darama denbora asko bere karguan, eta jada titular indartsu bat eskaini digu euskal herritarroi: “2020an 25 urtetik beherakoen %75 euskal hiztunak izatea nahi du Jaurlaritzak”.
Lehenik eta behin, eta Zupiria jauna kokatzen ez duenarentzat, laburpen txiki bat: “Bingen Zupiria Gorostidi (1961, Hernani) kazetaria da. Filosofia eta Letretan lizentziatu zen. 22 urterekin ETBn kazetari gisa lanean hasi eta 1983-1989 bitartean eguneroko albistegietako editorea ere izan zen, ETB1eko Gaur Egun eta ETB2ko Teleberri albistegietarako. 1989 eta 1999 bitartean Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prentsa eta Komunikazio zuzendaria edo arduraduna izan zen, handik Andoni Ortuzarren eskutik 2008an EITBko zuzendaria izatera iragan zen. 2012 urteaz geroztik Deia egunkariko zuzendaria da, ordura arteko Iñigo Camino zuzendaria ordezkatuta; egun Iñaki Gonzalez da egunkariko zuzendaria”.
Bi neurri azpimarratu ditu hernaniarrak anbizio handiko helburu horiek lortze aldera: batetik, euskara ardatz izango duen hizkuntza anitzeko hezkuntza sistema bultzatzeko asmoa; bestetik, adin nagusikoen euskalduntzea sustatu eta babesteko borondatea daukala esan du, eta helduei B2 mailarainoko agiriak eskuratzeko prozesua debaldekoa izan dadin urratsak ematen saiatuko da. Titularretik at geratu den bigarren neurriak arreta deitu dit.
Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema bikain iruditzen zait; hezkuntza sistemaz luze eta zabal eztabaida dezakegu, eta ziurrenik ez naiz ados egongo puntu askotan Zupiriarekin, baina euskaraz bada ageri da adostasun gune indartsu bat. Ez da gutxi.
Zalantza gehiago sortzen dizkit ikasketa prozesuaren doakotasunak, eta ez nazazue gaizki ulertu. Euskara ikasi nahi duen edonori bidea ahalik eta gehien erraztearen aldekoa naiz, zalantza gabe. Baina iruditzen zait, hein handi batean, betiko akatsa errepikatzen dela planteamenduan; ez doakotasuna txarra delako, zama norbanakoaren gainean jartzen delako baizik.
Euskara ikasten dutenen gehiengo handiak lanpostu baterako behar duelako da, behartuta eman du pausu hori; horrek ez du esan nahi azkenean euskara bere sentituko ez duenik, edota ez dituenik bere umeak euskaraz heziko behin ala ikasita, kasuan kasu. Borondatez gutxi batzuk ikasiko dute, beharrezkotasuna da sortu beharrekoa. Norbanakoaren hautu pertsonala erraztea baino gehiago da hori. Beharrezko bihurtu eta bidea erraztu bai, baina aukeraz uzten dugu, eta hori ez da posible.
Bitartekoak sortzen eta egoerak eraikitzen joan behar gara herri honetan, bertan bizi garen herritarrontzat ezinezkoa bilakatu dadin egunerokotasuna bertako hizkuntza menderatu gabe. Horrek anbizio gehiago eskatzen du.