Bikoizketa eta literatura
Bikoizketa eta literatura –
Juan Luis Zabalak Berria egunkarian.
«Gai korapilatsua da, ez da erraza», erantzun zion Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Maite Artola kazetariari, joan den azaroaren 22ko Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan (Nahieran atarian jasotako grabazioaren amaieran dago entzungai). «Nik ulertzen dut kalitatezko bikoizketa bat egon dadin ordu asko bikoiztu behar direla, eta ikusten dut merkatuak ez duela eskakizun hori planteatzen. Eta sumatzen ditut joera berriak, eta joera horiek uste dut lotuago daudela azpidazketarekin bikoizketarekin baino. (…) Nik susmoa daukat hori datorrela, ikusten baitut gero eta gehiago sartuko zaizkigula etxean batez ere ingelesez sortutako edukiak, eta gure gazteek gero eta zailtasun gutxiago daukate hori jatorrizko hizkuntzan ulertzeko».
Dudarik gabe, bikoizketarekin alderatuta, ekonomikoki merkeagoa izateaz gain, kulturalki aberatsagoa ere bada azpidazketa, jatorrizkoaren soinua errespetatzen duelako eta hizkuntzak ikasten laguntzen duelako. Baina uste dut Zupiriak gutxietsi egiten duela kalitatezko bikoizketa batek hizkuntza bati ematen dion indarra; edo, alderantziz esanda, bikoizketa ahultzeak, merkatuaren eskakizunik ezaren aitzakian bikoizketa ezerezaren mugetaraino murrizten uzteak, hizkuntza baten indarrari egiten dion kaltea.
Hizkuntza idatziari dagokionez, ahalegin handiz lortu da euskarak presentzia izatea hedabideetan, eta literaturan ere aurrerapauso handiak egin dira azkeneko hamarkadetan, hala jatorriz euskaraz idatzitako liburuei nola itzulitakoei dagokienez. Hizkuntzaren ahozko erabileran, ordea, egindako aurrerapena ez al da herren geratzen fikzioaren arloan, eta bereziki itzulitako —bikoiztutako— fikzioaren arloan? Hedabideetan euskarazko albisteak, erreportajeak, elkarrizketak eta iritziak entzun nahi baditugu, eskaintza nahiko zabala dugula esan daiteke, eta antzerkian ere… tira, hainbestean gabiltza, nahi duenak badu aukera, neurri batean behintzat… Baina zinemara joaten garenean, telebistan pelikula bat ikusten dugunean edo Interneten legez zein legez kanpo telesail bat deskargatzen dugunean, erdaraz sortutako edo bikoiztutako lan bat kontsumitzen dugu hogeitik hemeretzitan gutxienez (haur eta gaztetxoek gutxixeago akaso, baina horiek ere jabetzen dira helduek zer ikusten duten). Mundu osoko eta era guztietako pertsonaiak entzuten ditugu noiznahi erdaraz —ingelesez baino sarriago «bertako» erdaraz— mintzatzen, eta estralurtarrak ere ez gutxi, kasu askotan horren bila joan beharrik gabe ere, eta hori jada Iratiko basoko pagoa edo Olasagastik sudurzulotik botatako karkaxa bezain «naturala» iruditzen zaigu. Euskaraz, aldiz, asko jota, geure inguruko fikziozko pertsonaiaren bat edo beste entzuten dugu noizean behin, euskal zinemagileen ahalegin suharrari eta ETBk eskainitako fikziozko saio bakanei esker batik bat, eta kanpoko ia-ia alerik ere ez. Auskalo noiztik ez den entzun estralurtarrik euskaraz hitz egiten!
Horrek ez al du zerikusirik euskara erdaldun askorentzat hain arrotz izatearekin, eta are zerikusi argiagoa, bai nire ustez behintzat, euskaldun askorentzat euskara batua «artifiziala», «plastikozkoa», «graziarik gabekoa» eta abar izatearekin?
Ahozkotasuna bertsolaritzarekin lotzen dugu, euskalkiekin, esaera zaharrekin, hiztun zaharren altxor gordeekin… Baina ez al dugu ahaztuegia euskara batuaren ahozkotasuna? Eta ahozkotasun hori indartzeko eta erakargarri egiteko funtsezkoa dela ikus-entzunezko fikzioa, euskaraz sortua zein bikoiztua? Eta euskarak sekulako hutsunea duela ikus-entzunezko fikzioaren arloan; oso handia euskaraz sortutako fikzioarenean, siderala bikoiztutako fikzioarenean?
Honaino iritsita, akaso irakurleren bat hasi da galdezka ea zertan ari naizen bikoizketaz hitz egiten literaturari eskainia beharko lukeen zutabe batean, baina ez al da begien bistakoa? Ez al dugu esaten ba euskara guztiak bat direla? Konbentzituta nago kanpoko pelikulak eta telesailak euskaraz bikoiztuta ikusten ohituko bagina, euskaraz bikoiztutako fikziozko ikus-entzunezkoen eskaintza erdarazkoen parera iritsi edo gutxienez gerturatuko balitz, irakurle askok aiseago egingo luketela euskarazko liburuen aldeko hautua, eta neurri handian leunduko litzatekeela gaur egun euskarara itzulitako liburuek irakurle askori sortzen dieten ikara.
Susmo hutsak dira nireak, ez bainaiz ez soziolinguista ez antzeko ezer, baina nik kontu hauetan ardura zuzenik banu aztertu egingo nuke. «Gai korapilatsua da, ez da erraza», esan zuen Zupiriak, ezer baino lehen, gaiari buruz mintzatu zenean, eta horretan bat nator, baditut neuk ere neure kontraesanak. Aitortu behar dut, adibidez, gustura eta suelto barre egiten dudala ETB1en Irrikitown saioaren enegarren errepikapenean Asier Hormazak Euzkitzeren hizketa moldea irrigarrikeriaraino imitatzen duenean, nahiz eta uste dudan, sakon aztertuz gero, Euzkitze pedante irrigarritzat jotzen jarraitzen dugun bitartean herri honek jai duela, bere buruari eta bere kulturari ari zaiolako burla egiten.
Bikoizketa eta literatura
Manifestuan dago gauza agiria, euskaraz mintzatzeko euskara entzun eta entzun behar dela, “zer entzun, hura esan”. Eta zinema dela horretarako baliabide bikaina.
Zinema literatura izan zein ez izan, erdia bederen hizkuntzan oinarritzen da.
Hoiriek guztiak badazki Zupiriak, baina kontrarioa uste izan balu bezala ari da, bere aspaldiko perpaus leunaz.
Helburua zer du?…
Euskaran erdarazko esapideak, juntagailuak eta lexikoa behin eta berriz txertatzearen arazoak gai honekin lotura zuzena dauka. Erdarazko baliabide linguistikoak etengabe entzuteak euskarazko adierazkortasuna kaltetu eta erdararekiko dependentzia eta beharra handitzen du.
Euskara pobre eta desitxuratu hau telebistaren eta irratiaren bidez kontrolik gabe hedatzen ari da, ez baitago hizkuntza zuzentasunez erabiltzeko kontzientziarik.
Gaztelania bihurtu da euskara informalaren oinarria. Penagarria.