Pablok Polonian preso jarraitzen du

Pablok Polonian preso jarraitzen du –

Joan da 2022a, eta heldu 2023a, eta ze berri, zaharrak berri, amorragarri. Besteak beste, Pablo Gonzalez kazetariak Polonian preso jarraitzen duelako, eta minak luze dirauenez, #FreePabloGonzalez elkartea osatu da.

 

Pablok Polonian preso jarraitzen du

Oihana Goiriena –kazetariaren bikotekidea– da elkarteko lehendakaria, eta Maribel Martinezek eta Gabino Martinezek osatzen dute zuzendaritza batzordea. Bozeramailea, bestalde, Gonzalezen lankide izandako Juan Teixeira fotokazetaria izango da. Kazetariaren egoerak sortzen dituen gastuei aurre egitea da elkartearen helburu nagusienetako bat. Otsailaren 28an atxilotu zuten, eta hamar hilabete daramatza zelda txiki batean gatibu, bere bikotearen bisita bakar bat izanda, bere hiru seme-alabak ikusi ezinik, ia erabat inkomunikatuta, osasun arreta eskasa jasoz eta gaizki elikatuta.

Gobernu espainiarra ez dabil gaiaz oso arduratuta, kontutan izanda preso dagoena kazetaria dela, eta gainera ez dutela fundamentuzko frogarik aurkeztu bere aurka.

Poloniak ez du baimendu Gonzalezen defentsaz poloniarra ez den abokatu bat arduratzea, bere esku dauden oztopo guztiak jarri ditu eta horren ondorioz familiak hiru lan-talde legal kontratatu behar izan ditu. Pablo espetxean izateak 300-400€ko kostua da familiarentzat, hilero (janaria, arropa…).

Familiaren egoera ez da samurra, kostu horiez gain kontutan izan behar baita Gonzalezek jada ez duela dirurik sartzen etxean. Orain arte ingurukoen laguntzarekin egin dute aurrera, baina gizartearengana jotzeko unea dela baloratu dute.

Hemen duzu kontu korrontea, ekarpenik egin nahiko bazenu.

KUTXABANK – ES31 2095 0043 1091 2213 9880

Kazetaritzak aske egiten gaituelako, Pablo askatu!


P.D.- Euskarak ere aske egiten gaitu. Komunikazio osoa gaztelania hutsean egitean agian pentsatuko duzue jende gehiagorengana iritsiko zaretela, baina asko baztertuak eta ahaztuak sentitu gara, beste behin. Ea 2023ak euskara zuen komunikaziora eta Pablo etxera ekartzen dituen. Urte berri on.

Pablok Polonian preso jarraitzen du