Berezko hiztunik gabe, arnasgunerik ez
Berezko hiztunik gabe, arnasgunerik ez –
Berezko hiztunik gabeko arnasgunerik ez dago. Berezko hiztunak dira arnasguneen euskarri, orakarri, zutarri eta zimentarri.
Baina has gaitezen hasieratik: zer dira arnasguneak? Arnasgune hitza Mikel Zalbide euskaltzainak euskarara ekarritako hitza da, Joshua Fishman soziolinguista estatubatuarrak 1991n erditu zuen kontzeptua adierazteko: physical breathing space (Arnasa hartzeko tokia).
Arnasgunea zer den horrela azaldu zuen Estatu Batuetako Joshua Fishman euskaltzain ohorezkoak Reversing Language Shift (Hizkuntza Indarberritzea) liburuan: «Demographically concentrated space where Xish can be on its own turf, predominant and unharassed» (RLS, 58). «Demografikoki kontzentratutako espazioa, non Xish [mehatxupean dagoen hizkuntza gutxitua: gurean euskara] bere eremuan egon baitaiteke, nagusi eta jazarpenik gabe».
Mikel Zalbide euskaltzainak horrela azaldu zuen kontzeptua bere hitzekin:
«Zer da arnasgunea? (…) Euskaraz nolabait esateko, demografia aldetik euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko jaun” sentitzen den eremua. Hori da, funtsaren funtsean, Fishman-en physical breathing space edo arnasgunea. Euskaldunak euskaldunekin euskal giro sendoan bizi diren lekuetan, gurasoen hizkuntza belaunez belaun eskuratzen den lekuetan, hizkuntza-plangintzarik eta inolako interbentzio berezi (zenbaitentzat “xelebre”)-rik gabe diharduten ingurumenetan, horietan dago euskara bizien. Hor du euskarak osasunik hoberena. Hori da euskal arnasgune petoa, hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa bere betean (beste leku gehienetan baino askoz nabarmenago) segurtatzen duena. Aparteko antolamendurik gabe ikasten dute horietan haur txikiek bertako hizkuntzan. Hala ikasten dute hitz egiten. Lehenik hitz egiten eta gero, eskola eta abar lagun, irakurtzen, idazten eta bertan ahoz aho dabilen hizkuntza horren errejistro eta aldaera jaso, landu, formalizatuagoak erabiltzean. Hori da osasun oneko hizkuntzen belaunez belauneko jarraipen-bide normala, prototipikoa. (…) Lehentasuna dute, horregatik, hizkuntzari bizirik eutsi nahi bazaio eta indarberritu egin nahi bada. Horiek dira, Fishman-en eta beste zenbaiten ustean, hizkuntza indarberritzeko saioaren abiaburu natural eta baliagarrienak. Hori gabeko normalkuntza ez da normalkuntza. Ingurumen horien zaintza-ardura bigarren edo hirugarren lehentasun-mailara daramana ere ez».
Beraz, arestian adierazitakoak adierazita, arnasgunearen ekuazioan bada ezinbestean sartu beharreko elementu bat: berezko hiztuna. Horrela, arnasguneek ondorengo ezaugarriak dituzte: euskararen ezagutza eta erabilera zabaleko guneak dira, berezko hiztunen kontzentrazio demografiko handiko elkargune naturalak dira eta gune horiek berezko hiztunen sorburu eta harrobi dira, ama-hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa indartu, segurtatu eta mantentzen dutelako.
Goazen orain berezko hiztunak zer diren azaltzera:
Berezko hiztunak hizkuntza ororen hiztun naturalak dira, sorburuko hiztunak, jatorrizko hiztunak edo berbadun natiboak. Belaunez belauneko katean gurasoengandik jaso eta modu naturalean hizkuntza, gurean euskara, bere-berea eta berezkoa duten hiztunak dira. Hizkuntza horretan bizi eta pentsatzen duten hiztunak. Dakizkiten gainontzeko hizkuntza guztiekin alderatuta, berezkoa duten hizkuntza hori dute erraztasunik handieneko adierazpide. Berezko hiztunek ardatz duten hizkuntza bihurtzen dute inguratzen dituen errealitatearen ulerbide eta beren hausnarketak arrazoitzeko mintzabide, izan ere, bere-berea duten hizkuntza hori dute beren kolkorako barne-mintzo eta gogoetarako tresna.
Hizkuntza dugu eta hizkuntzak gaitu. Hizkuntza orok bizirik eta osasuntsu iraungo badu, berezko hiztunak behar ditu, hizkuntza bizi duten eta hizkuntzak berak bizi dituen hiztunak. Berezkoa duten hizkuntza hori barne mintzo eta barre mintzo duten hiztunak; azken batean, etengabeko elkarrekintzan, berezko eta betezko duten mintzoa biziz biziarazten duten hiztunak.
Berezko hiztuna da hizkuntzaren funtsezko bizigaia, izan ere, berezko hiztunek hizkuntzaren zuhaitza erro-errotik izerdi berritzen, kimu berritzen, hosto berritzen eta arnas berritzen baitute, giza komunikaziorako lanabes zorrotz eta zehatz izan dadin. Berezko hiztunek sorberritzen dute hizkuntza, mendiko iturri zaharretik etengabe berritzen den ura bezalaxe edota sutatik txingarra eta txingarretatik sua gar-berritzen den bezalaxe. Berezko hiztunak baldin badira, hizkuntza izango da.
Berezko hiztunen arteko gizarte harremanak edo harreman-sareak sortzen direnean, berezko hizkuntza ardatz duten gune, espazio, leku edo giza egiturak sortzen dira. Hain zuzen ere, berezko hiztunen hizkuntza ardatz duten gune horiek hizkuntzaren arnasguneak dira, hots, hizkuntzaren nagusitasun-guneak.
Gizartean ditugun arnasgunerik funtsezkoenak berezko hiztunez osatutako familiak ditugu. Horrelako familiak ditugu euskararen gotorleku, batez ere, arnasgune horiek —askotan isolatuta— erdal eremuetan bizi badira.
Berezko hiztunez osatutako giza egitura eta harreman-sareak —familiak, lagunak, ikaskideak, lankideak, auzokideak, herrikideak— elkar lotu, saretu, ehundu eta trinkotzen direnean, orduan sortzen dituzte arnasgune geografikoak (baserri-etxe, baserri-auzo, herribildu, kale-auzo, herrigune, herrixka, herri eta herriburu).
Gaur egun, ordea, euskaraz egiteko aukera ematen duten gune guztiei arnasgune esateko joera nagusitzen ari da, baina dena, jakina, ez da arnasgune.
«Euskararen arnasgida ez-perfektua» osatu berri dute joan deneko otsailaren 25ean Aiaraldeko Ekintzen Faktorian. Bertan euskararen babesguneak eta arnasguneak izan zituzten aztergai.
Babesguneak euskaraz egitea ziurtatzen duten guneak dira. Euskararen babesguneak, estres linguistikorik gabe, euskaraz eroso hitz egitea ahalbidetzen duten guneak dira. Giza komunikaziorako euskara erdigunean duten guneak dira baina —gune erdaldunetan batik bat— euskara ez dakitenek bertan erdaraz egitea ere ohikoa izaten da. Babesguneak konszienteki sortzen dira, pentsatuak eta planifikatuak dira, sorburuan berariaz hartutako erabaki bat dute, erabaki adostua, Euskaraldiko ariguneak bezalaxe. Babesguneak esplizituak dira eta ikusgarritasuna daukaten aldetik, erreferentziazko gune izan ohi dira, batez ere, euskaradun hiztunen artean.
Babesguneen aldean arnasguneak —bereziki arnasgune geografikoak— natural sortutakoak ditugu, planifikatu gabeak, pentsatu gabe sortutakoak, nahiz eta, gaur egun, azken hauetan ere, hizkuntza planifikazioa ezari-ezarian ari den bidea egiten. Arnasguneen dinamika linguistikoak euskararen erabilera elikatzen du, izan ere, arnasguneetan euskara erabiltzeko hizkuntza jokabidea edo arau soziala nagusitzen da eta harreman-sare horretan murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, ahalegina egingo du egoerak sortzen dion behar natural horretara egokitzeko eta gehiengoak duen hizkuntza jokabidera moldatuko da. Beharbada, moldaketa edo egokitzapen hori ez du egingo nahi duelako, ezta horretarako borondatea duelako ere, baizik eta jokabide sozialaren aurka ez joateagatik, azken batean, sistema horretan euskara erabiltzeko dagoen arau soziala ez urratzeagatik eta gatazka ez sortzeagatik. Arnasgune baten dinamika linguistikoan murgilduta dagoena, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, euskaraz egiten ohitzen joango da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen eta, azken batean, euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio, izan ere, praktika etengabeak ekarriko baitu hizkuntza barneratzea eta erraztasunez erabiltzea. Arnasguneetan arraroa, ez ohikoa da norbait erdaraz entzutea, izan ere, harreman-sare horietan berezko hiztunen kontzentrazio demografikoa erabat nagusi izaten baita. Arnasguneak hizkuntzaren bizindar handiko guneak dira: «Ez euskaraz eta ez gaztelaniaz ez dakien familia bat Ondarroan edo Azpeitian jartzen baduzu (magrebiarra, txinatarra edo alemaniarra, adibidez) dinamika logikoa da beren seme-alabek 12 urterako errazago egingo dutela euskaraz gaztelaniaz baino eta hizkuntza horretan biziko direla. Jartzen baduzu familia bera Donostian, zer esanik ez Bilbon edo Tuteran, erdaraz hobeto egingo dute euskaraz baino eta hizkuntza horretan biziko dira nagusiki. Arnasguneetan zaila da erdaraz bizitzea, ahalegina egin behar duzu. Ia ezer egin gabe geroz eta euskaldunagoa zara. Geroz eta hobeto erabiltzen duzu hizkuntza, euskaraz bizi zara, denborak horretara eramaten zaitu. Donostian kontrakoa da» (Iñaki Iurrebaso).
Babesguneak hizkuntzaren oasiak dira, batik bat euskaldunak gutxiengo diren gune soziolinguistikoetan. Baina arnasgune geografikoetan ere babesguneak behar-beharrezkoak ditugu euskarazko gizarte bizitza gehiago ehuntzeko, saretzeko eta trinkotzeko. Besteak beste, arnasgune geografikoetan ere premia gorria dago lantegi-fabrikak eta lan-bizitza oro har euskararen babesgune bihurtzeko euskarazko bizierari hauspo handiagoa eta sendoagoa emateko.
Urepelgo Xalbador handiak esan zigun: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza». Eta bihotza tauparazteko, behar-beharrezkoak ditugu zainetatik gorputz osora odol berria eta bizi-indarra daramaten berezko hiztunak, izan ere, horiek gabe, euskararentzat eta herriarentzat ez baitago arnasgunerik, ezta etorkizunik ere.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea)
Berezko hiztunik gabe, arnasgunerik ez
Milesker Patxi.
Baina ba ote dira oraindik definitzen duzun bezalako arnasgune esanguratsurik? jadanik diglosiak jota ez denik?
Iparraldean familia euskaldun isolatuak badira, nagusiki euskaraz bizi direnak, eta “babesgune” zure izena merezi dutenak baina etxetik atera orduko gehienetan beraiek ere nagusiki erdaraz egin behar dute; beraz dagoeneko “arnasgune” seriorik ez dut ikusten.
Beraz hemen galdera da ian gelditzen zaizkigun arrastoekin irudika daitekeen oraindik arnasguneak sortzea.
Nik ere, ez dut ikusten arnasguneen bertute apartekorik, honez gero… sare sozialetan, kasu, ez da horrelakorik amesterik. Arnasgune ez bada, honetaraz gero, hondarreko euskaldun gune isolatu, mendi artean galdu… baina udatiar bisitariz bete ohi duguna…
Bai, artikuluaren borondate ona ezin da ukatu; eta kontzeptu gisa, balio dezake. Nire ikuspuntutik, berriz, uste dut soziolinguistikari dagokion kontzeptua dela, eta akatsa dela bera “herriratzea”, edo “herritarrenganatzea”. Hiztunoi hitz egitea dagokigu, hizkuntzaz baliatzea, eta soziolinguistei beste maila bateko gogoetak egitea, eta “a posteriori”. Ez dezakegu irudikatu “goazen arnasgune bat egitera hemen”.
Kualitatiboki, gainera, hiztun osoak, Euskaraz naturalizatuta daudenak, umetan edo heldutan euskaldundutakoak, ez dira ematen elkarren ondoan (zoritxarrez; komunitatearen trinkotzerako beharrezkoa edo komenigarria dena). Arnasguneetako euskaldunek artikuluan aipatzen direnetarik asko dukete, baina PFEZ aitorpena Euskaraz egiterainoko euskaldunak izanen dira hizkuntzaren arnasa luzatuko dutenak.