Berako liburuzain lanpostuko deialdia errepikatu beharko du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Auzitegi Gorenak hala ebatzita
Berako Udalak eta UEMAk balorazio gazi-gozoa egiten dute, sententziak arrazoia emanda ere, ez baitu bermatzen euskara derrigorrezkoa izatea.
Nafarroako Gobernuak Berako liburuzain lanposturako euskara ezagutzarik ez eskatu izana auzitara eraman zuen Berako Udalak. 2013ko urrian jakinarazi zuen epaitegiak sententzia, Nafarroako Gobernuak hura errekurritu zuen, eta behin betiko sententzia ezagutzera eman du Nafarroako Auzitegi Gorenak. Neurri handi batean Berako Udalari eman dio arrazoia, eta auzian pertsonatzeko legitimazioa duela ebatzi du, Nafarroako Gobernuaren iritziaren kontra. Epaiak argi adierazten du liburutegiko arduradun lanpostua Nafarroako Gobernuarena izanda ere, zerbitzua Bera eta bertako herritarrei ematen dien neurrian, udalak baduela legitimazioa horrelako kasuetan errekurtsoak paratzeko.
Epaiak Nafarroako Gobernua behartzen du liburuzain lanpostua berriz ere oposizio-lehiaketara ateratzera, eta euskara jakitea merezimendu gisa baloratu beharrekoa dela dio. Horren irakurketa gazi-gozoa egiten du udalak, izan ere, argi geratzen baita Nafarroako Gobernuak ez zuela ongi jokatu euskararik ez zuenean eskatu lanpostu horretarako, baina Nafarroako Euskararen Legeak dioena erreklamatzera ez da heldu, euskara derrigorrezkoa izatea, alegia. Berako Udalak eskatua zuen lanpostu horretarako derrigorrezkoa izatea euskararen ezagutza, Bera eremu euskaldunean dagoelako, eta beraz, administrazio publikoak bermatu egin behar dielako herritarrei arreta bi hizkuntzatan. Epaiak ez ditu ase Berako Udala eta UEMA, zerbitzua euskaraz eman ahal izateko ezinbertzean administrazioko lanpostuetan euskararen ezagutza meritu baino derrigorrezkoa izan behar baita, bertzelakoan nekez berma baitaiteke herritarren eskubideak errespetatzea.
Epai honek Berako liburutegiari baino ez dio eragiten, eta ez du ondoriorik lehiaketara ateratako gainerako 13 lanpostuetan.
Berako Udalak eta UEMAk Nafarroako Gobernuari oroitarazi nahi dio ez duela bere legea ere betetzen, eta hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dituela. Euskara Nafarroako hizkuntza den neurrian, aberastasun horretaz jabetu, eta hizkuntza politika aurrerakoiak abian paratzera deitu dute erakundeok Nafarroako Gobernua. “Epai-bidea utzi, eta herritarren zerbitzura egonen den hizkuntza politikak, behingoagatik, garatzen has dadila”. Bide horretan, elkarlanerako eskaintza egina dute UEMAko udalerri euskaldunek, azken urtean Parlamentuan zein Gobernuko atalekin izandako bileretan.
Auzi honen kostak Nafarroako Gobernuaren gain joanen dira.