Beldurraren beldur
Beldurraren beldur –
“Nork dio otsoari beldur? Niik ez, Niik ez!” Zeinek ez du gogoratzen gure haurtzaroko ipuin eder hau? Ziurrrenez, nik bezala, zuetako askok ere ezin izan duzue kantatu gabe irakurri.
Ipuineko hiru txerritxoek ez omen zioten beldurrik otso beltz, gaizto eta gosetuari. Baina, nola aldatu diren gauzak, adiskide! Gaur egun, beldur batean bizi gara; edo hobe esanda, beldur artean bizi gara. Inoiz pentsatu duzue zenbat beldur mota ezagutzen ditugun? Gainera, jakin badakizu izena duen orok izana baduela. Erreparatu dut eta beldur mordoa topatu ditut, zein baino zein bitxiagoa: xantofobia (kolore horiari beldurra), crematofobia (diruari beldurra), omfalofobia (zilborrei beldurra), Papafobia (hau ulertzen dut), fagofobia (jan-edanei beldurra)…
Horiek guztiak, dena den, testuinguru edo egoera jakin batzuetan ulertzera irits ninteke. Baina inoiz ez dut ulertuko hizkuntza baten beldur izatea. Eta, tamalez, EUSKARAFOBIA aurreko beldur horiek baino askoz ugariagoa da gure Nafarroa honetan. Bereziki larria da agintean dauden askok pairatzen dutelako gaitz hori. Horren adibide dira azken egunotako zenbait albiste: Osasunbideko zeladoreek Parlamentura jo izana euskara (gutxienez) atzerriko beste hizkuntzen pare jarri eta meritu gisa onar dezaten Administrazioko lehiaketetan; Iruñeko haur eskoletan euskarazko plazak hutsaren hurrena direlako salaketa, Gobernuak eta Euskarabideak D ereduan matrikulatzearen aldeko kanpainarik egin nahi ez izatea, ezta etorkinak A eta D ereduetan matrikulatzera gonbidatzekoa ere (azken hau guztiz ulertezina zait, horrela, ikasle horiek Nafarroako berezko bi hizkuntzak ikasteaz gain, konpontzeko bidean jarriko bailitzateke etorkin gehienak eredu eta ikastetxe jakin batzuetan pilatzeko gaur egun dagoen joera).
Beste hainbat kontutan bezala, Europak hamaika ohar eta jakinarazpen egin dizkio Nafar Gobernuari azken urteotan euskara zaindu eta babes dezan. Gobernu aldaketak gertatzen diren arren, baina, gaitza (birusa ote hau ere?) agintari guztiek pairatzen dute, ez baitu inork indarrean den euskararen legea baztertu, eta zonifikazioa gainditzeko eta nafar guztion eskubide linguistikoak errespetatzeko baldintzak ezarriko dituen lege berri bat egiten. Gotortuta ote dago eritasuna Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusian? Nafarroako Jauregia hustu, berrogeialdian jarri eta goitik behera desinfektatzea izango ote da irtenbide bakarra?
Egoera honetan, gauza bakarra dut argi: fobiek ez dakarte ezer onik, ez pairatzen dituenarentzat, ez ingurukoentzat, ez mendekoentzat. Hori dela eta, fobien beldur naizela esan liteke; orokorrean, edozein fobiak sortzen dituen ondorioen beldur eta, bereziki, euskarafobiak sortutakoen beldur. Horiek gainditzeko bide bakarra, berriz, aurre egitea da.