Tunelean argia

Tunelean argia –

Tunelean argia

Nafarroako zenbait jendek nahiago gintuzke tunel batean sartuta: estaldurarik gabe, ikusezin eta isilik. Badira urte batzuk Yolanda Barcinari Madrilgo telebista kate ultraeskuindar batean denek genekiena eskapu egin ziola. Etxean bezala zegoen, eta irribarrea ahoan bota zuen ingelesaren bidez D ereduaren zabalpena gelditzen ari zirela.

Barcinaren ondorengoek eta haien lagun leial sozialistek ziriarekin jarraitu nahi dutela dirudi. Euskararen eskaintza murriztuko dute Iruñeko haur eskoletan, eta ingelesarekin nahastu. Murgiltzea oztopatzea, ez dute beste asmorik.

Hala ere, gurasoak aurrera ari dira, tunel iluna alde batera utzi nahian. Gaur 18:00etan kalera ateratzeko dei egin dute, adibidez. Bada baikor izateko motiborik: Erreniegako tunelaren bestaldetik heldu da argia. Gurasoen borrokari esker, heldu den ikasturtetik aurrera Mendigorriko haurrek D ereduan ikasteko aukera izanen dute herrian bertan.

Euskarazko eskaintza zabaltzea oinarrizkoa izan arren, hori ere ez dago bermaturik. Hor ere, herritarrek egin behar dute bultza. Beraz, ez ditzagun gutxietsi tunelean sartzen diren izpi txiki horiek. Garaipen txikiak ospatzeak ekar dezake argia.

Zorionak Mendigorria!

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urtarrilaren 29koa]

Tunelean argia

BARDO GORRI NAFARRA