Euskara, beharrezko izapidea edo bizitzako hizkuntza?
Euskara, beharrezko izapidea edo bizitzako hizkuntza?
Titulua behar ez izan eta “titulitis” delakoraren kontra egon arren, neure burua eta nire euskara maila neurtzeko asmoz, HABEren B2 azterketarako eman nuen izena.
Azterketa egunean, goizeko zortzietan, Algortako metro geltokian beste larunbat batean baino askoz jende gehiago zegoen (gehienak gazteak), eta ez gaupasatik bueltan, ohi legez.
Haieatako askok apunteak errepasatzen edo beste azterketariekin probari buruz hitz egiten eman zuten BECeraninoko bidaia dirauen denbora. Hizketak euskara azterketari buruzkoak ziren, baina denak gaztelaniaz: – “¿en la fecha de la carta cómo se pone: 2016ko o 2016ren, 22n o 22an?” Eta antzeko gauzak.
BECeko atarian, artean ateak itxita, jende-saldo ederra bildu zen eta sorturiko murmurioak Salamankako Unibertsitateko azterketa baten aurrekoa ematen zuen, berriro dena gaztelania hutsean.
Azterketa ordua baino hamabost minutu lehenago zabaldu zituzten ateak. Komunera joateko eta kafea hartzeko parada, ederto. Han, kafetegian, nire alboko neska batek: – “Hiru kafesne, mesedez”. Kontxo, goiz hartan euskaraz entzundako lehen hitzak!. Baina segidan zerbitzariak (hogeita hamar bat urteko mutila): – “Por favor, en castellano, que no te entiendo”.
Azterketan, arduradunen azalpenak, noski, euskaraz, baina kalean, jendearen azterketa ondorengo iruzkinak, gaztelaniaz, jakina.
Nahiz eta gehienek euskara behartuta ikasten dutela aurretik jakin, hain modu gordinean egiaztatzeak tristezia handia eragiteaz gain hartaz hausnartarazi zidan.
Administrazioan eta enpresa batzuetan lanpostu bat lortzeko nahitaezkoa da euskaraz jakitea, gehiago edo gutxiago, postuaren arabera, eta nire ustez horrela izan behar da. Euskal Herrian bizitzeko, ordea, ez da beharrezkoa eta izan beharko luke, baina ez beharrezkoa inposatze zentzuan baizik eta eguneroko bizitzako hizkuntza euskara izateagatik. Hori lortzeko euskaldunok euskaraz egin behar dugu, etxean hasiz, lanean, aisialdian, erosketetan, tabernetan…, bizitzaren arlo guztietan.
Ekin euskarari !
Iñigo, zure adinean ez zenuke holako aingerukerietan erori behar. Oraindik ez zara konturatu, antza, espainolaren eta euskararen arteko diferentzia nagusia ez dela ergatiboa, hitz ordena, aditza edo deklinabidea. Ez, funtsezko ezberdintasuna da bata beharrezkoa dela legez inposatuta dagoelako eta bestea ez, eta hortik datozkigu gainerako komeria guztiak. Euskara inposatu nahi ez duzuenoi entzun nahiko nizueke espainola ere ez dela inposatu behar.
Pat Garret, Billy Haurra hil zuen polizia, argi esaten dut Euskal Herrian bizitzeko euskara beharrezkoa izan behar dela. Ez dago “inposaketa” handiagorik. “Bizitzeko” hitzean den-dena sartzen da. Lan-elkarrizketetan edo oposizioetan ez da euskara ezagutzeari punturik eman behar. Elkarrizketa edo oposizioa euskaraz izan behar da, eta kito. Hor daukagu Ondarroaren kasua: kanpoko jende asko heltzen da eta denek ikasten dute euskara, ez dago beste erremediorik. Hor eguneroko bizitza euskaraz egiten da eta horrek edozein lege baino eragin gehiago du.
Badakit esatea oso erraza dela eta lortzea oso zaila. Ea bidea aurkitzen dugun.