Beharrak beharra ereiten du
Beharrak beharra ereiten du –
Duela egun gutxi, EITB-ko zuzendari jaunaren elkarrizketa bat entzun nuen; bihotzean min sentitu nuen. Euskal Irrati Telebistako zuzendari jauna jardunean, eta euskaraz aritzeko nahiko lan. Nire aburuz, euskarak egun ikus-entzunezkoetan duen lehentasuna neurtzeko guztiz esanguratsua.
Poza eman zidan duela bi aste politikari bati entzun nionean euskara zela euskaldun egiten gintuena. Berehala, ordea, otu zitzaidan agian etxean bertan hasi beharko lukeela argitzen bere tesia.
Oraintsu bete berri ditu 40 urte EITBk. Ospakizuna ikusi ahal izan dugu; hari buruzko ika-mikak ere bai: etxean bertan oso entzutetsuak izan diren langile ezagun batzuk, guztiz erreferentziazkoak, sareetan kexu azaldu dira ospakizunak izan duen kutsuagatik. Nire zalantza da ospakizuna bakarrik ote den sumindura horien arrazoi. Norberak egin dezala interpretazioa.
Gogoratzen naiz, nire belaunaldikoentzat ETBko euskarazko katea zela erreferente, telebista eta kate hori sinonimo zirela. Pentsaezina egiten zitzaigun marrazki bizidunak edo telesailak erdaraz ikustea, eta egokituz gero, guztiz arrotz egiten zitzaigun. Egun, jakitun naiz gazteen artean errealitatea bestelakoa dela, baina, askotan otu izan zait ia behar duen lehentasuna ematen ari garen gaiari, hurrengo belaunaldiek nahikoa erreferente euskaldun izan ditzaten. Oker egon naiteke, baina irakurri eta ikusten dudanaren arabera, badirudi gero eta erreferentziazko film, telesail, marrazki bizidun…gutxiago ekartzen direla euskarara. Egun, ez al luke alderantziz izan behar? Egun, dugun eskaintza zabala kontuan izanik, gure kate publikoan ez al luke izan beharko lehentasuna eduki gehiago, eguneratuagoak eta kalitatezkoak eskaintzea, gazteek euskaraz kontsumi dezaten?
EITB bere lehen pausuak egiten hasi zenean, helburuetako bat, denon kate publikoa izateaz gain, euskararen ezagutza eta erabilera hedatzea zen. Gaur egun, ez nago ziur pausuak aurrera edo atzera egiten ari den. 40 urteren ondoren, euskarazko kateari benetako lehentasuna emateko pausuak ematen hasi beharko genukeela uste dut. Esango nuke, gaztelaniazko euskal kateari baliabide eta garrantzi gehiago eskaintzen zaizkiola. Eta hori, audientziaren izenean? Agian egon litezke beste arrazoi batzuk ere. Imajinatzen al duzue egoera berdina Katalunian? Ezinezkoa, han jada bertako katea guztiz katalanez baita. Badirudi gainera, bertako kate erreferentea izaten jarraitzen duela, nahiz eta guztiz katalanez izan. Nahiz eta esan beharko nuke, edo agian horixe da benetako arazoa? Beharra bezalakorik ez omen dago ikasteko.