Begiratu, eskatu… Aldatu!
Egunero ikusi behar dugun hori aldatzeko nahia. Euskaraz egon zitekeen hori, baina ez dagoena. Geure buruari galdetu, zer egin, nola egin… aldatzeko?
Zer egin, beste aldean dagoen horrek gure hizkuntzari garrantzirik ematen ez badio? Eta benetan, sikiera erreparatu ez badio? Zenbat denda, zenbat dendari… egin lezakete zerbait gehiago euskararen alde?
Gure amorrua, ezinegona edo dena delakoa ezin da gure barruan utzi. Kanporatu behar dugu. Dendariarekin hitz egin, edo jabearekin akaso. Erabakia hartu behar duenarekin. Koakzioa ez da bidea. Konbentzimendua bai ordea. heart&mind, heart&mind diote amerikanuek. bihotz eta arima diot nik. Bonba lehertaraziz zaila da bestea konbentzitzea. Konbentzitzea lan pazienteagoa, sotilagoa da. Nekezagoa. Adimena eta enpatia eskatzen duena.
Oraingo honetan, enpresa batekin egindako lana kontatzera natorkizue.
“Usubiaga” 1967 urtean sortutako enpresa da. Usubiaga jaunak okindegi batean lan egiten hasi zen langile xume bezala, oso gaztetatik. Ekintzaile izanik, bere enpresa propioa sortu zuen. Lana gogor egin zuen, okindegi sarea sortu arte. Krisiak eta gorabeherak jasan ditu. Lehia handia da. Baina aurrera atera zuen eta enpresa bizirik dirau bere ondorengoen konpromisoaz.
Nik neuk okindegi asko ditut lantoki eta bizitoki inguruan. Baina okindegi-kate honetako denda batean erostea erabaki nuen, euskaraz egiten zidaten bakarrenetarikoa delako eta arreta atsegina delako. Ez da merkeena, baina berdin zion. Euskararai dagokionez, zirrikituren bat uzten zioten. Aurretik aipatu bezala, ordea, nabarmen gehiago egin zitekeela pentsatu nuen.
Duela 2 urte jabeekin harremanetan jarri nintzen, kezka honetaz ohartarazteko. Familia-enpresa zela azaldu zidaten eta bai, bazutela euskararekiko kezka eurek ere (hura poza hori entzutean!). Euren jarduera esparrua, ordea, ez da oso euskalduna. Enpresa barruan askok ez dakite, gazte edo zaharrenak izan ezik. Bezeroek ez dute sarritan horrelako eskaerarik egiten gainera. Ez dute azaleratzen behintzat. Kontua da produkturen bat edo errotuloren batean egiten ziotela euskarari hutsunerik. Baina asko zegoen egiteke.
Adibidez, ogiarekin batera paper poltsak edo biltzeko papera ematen dute. Baina hor euskararen aztarnarik ere ez zegoen. Urtean milaka poltsa ematen dituzte bezeroek kaletik eraman ditzaten, baina euskararen presentziarik ez.
Nire laguntza eskaini nien, inolako itzulpenik behar izatekotan. Erabat doan jakina. Eurek eskertu zuten laguntza, zinez. Baina poltsa horiek egiteko eskaera bobinetan egiten da. 100.000 inguru eginak zeuden eta urteak behar ziren berritzeko.
Euskaldunok burrugogorrak gara, eta ni, euskaldun legez, harremanetan jarraitu nuen. Okindegian erosten jarraitu nuen eta baita ikasleak bertara eraman “erosikasi” ariketak egiteko. Tira, ba garaia heldu zen bobinak berritzeko eta denok (enpresakoak eta nik neuk) elebiduntze prozesuari ekin genion.
Maketazio eta proba lanak bukatuta, esker ona adierazi nahi izan nien. Opari trukaketa eta dena izan genuen.
Orain, milaka zirrikitu gehiagotan euskara helduko da kaleetara, etxeetara, lantokietara. Tantatxo bat itsas handi batean. Baina tantatxo ezinbestekoak. Bihotz eta arima. Bihotz eta arima. Denak bereganatu behar, kemen eta grinaz. Denon esku dugu, gure eguneroko denda horietan eskaera egiteko. Irribarre batez, lan eginez, temati eta setati. Arduradun askok bultzadatxoa baino ez dute behar. Txikiago edo handiago, baina denek behar dute.
Animatu nahi zaitut, irakurle, zuk zeuk zer alda dezakezun, pentsa dezazun. Begiratu, eskatu… aldatu!
* Oharra: gure lanari babesa eman nahi badiozu, harpidetu kanalera (doakoa da eta ez dizugu ezer bidaliko).