Batera jauzi

Batera jauzi –

Topaguneak bere hirugarren kongresua egin du orain dela gutxi, Batera Jauzi izenarekin. Aurreko bietan ez bezala, oraingo honetan nahiko kanpotik jarraitu dut kongresua, baina, hala ere, ponentzia irakurri nuen. Azpimarratu nituen kontu batzuk eta gaur horiekin honelako nahaste bat ekarri dut artikulura.

Batera jauziHasi aurretik, nonbaiten hartu nuen aipu bat ekarri gurako nuke: ideia berririk ez dago, ideiak sentitzeko modu berriak baino ez daude. Hori izan zen txostena irakurritakoan izan nuen sentsazioa (eta horrek ez du gura esan txarra denik, inondik ere).

Tokian toki euskaltzaleak batu, saretu, antolatu eta aktibatzea da euskara elkarteen eta Topagunearen helburu. Baita honako hauek ere (ez daude guztiak, nik azpimarratutakoak baizik): eragilera ardatz duten ekimenak eta egitasmoak antolatzea; norbanakoak ahalduntzeko, motibatzeko eta aktibatzeko ekimenak, tresnak eta formazio soziolinguistiko eta ideologikoa garatu eta zabaldu.

Eta hori zelan egiten da ba? Ba, elkartegintzako egungo egiteko moldeak garai berrietara egokituta, ikuspegi intersekzionala eta sistemikoa kontuan hartuz, gasolina ideologikoa hizkuntza-ekologiatik hartuz eta sozializazio komunitarioa ardatz.

Eta beste hainbat kontzeptu azpimarratu nituen: imajinarioa, hiztun-komunitatearen kontzeptua hizkuntza eskubideekin zelan lotu, euskal identitate askotariko, ireki eta inklusiboa, euskaldun eta euskaltzaleak ez direnak zelan erakarri (hau irakurtzean, gogoratu nuen lagun batek aipatzen dituen hizkuntzaren apostatak, hau da, euskara jakin arren, egunerokoan uko egiten dioten lagunak), …

Amaitzeko, bi ohar egin nahiko nituzke. Batetik, uste dut euskara elkarteen mugimenduan gobernantza eta berrikuntza toki mailakoak izaten jarraitu behar dutela, uste dut hori dela mugimendu honen ekarpenik nabarmenetakoa. Era berean, hori lotuta joan behar da beste kontu batekin: ezagutza, sustapena eta abar nazio mailakoak izan behar dira edo nazio mailan kudeatu behar dira. Eta, bestetik, txostena irakurritakoan euskara elkarteen eta mugimenduaren agenda propioa zein izan beharko litzatekeen etorri zitzaidan burura. Ez dut erantzunik, jakina, baina iruditzen zait horri ere garrantzia aitortu beharko diogula.

(Ekarpen hauek kongresua amaitu ostean ekarri ditut blogera, aurretik eginda izan arren. Ezin nuen parte hartu kongresuan, hainbat arrazoirengatik, eta iruditu zait mugimenduarekiko errespetu falta litzatekeela kongresua egin aurretik hauek publikoki plazaratzea. Mila esker kongresua gidatu duten guztiei eta orain lanera, esandakoak gauzatzera. Mugimendu osasuntsu eta indartsu bat ezinbestekoa dugu aurrera egin gura badugu).

Batera jauzi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude