Batasuneko Oldea
Batasuneko Oldea –
Euskal kulturak eta literaturak urtero Durangon egiten duten azterketa edo erromerian kopuru estatistikoen zenbakiak izaten dira esanguratsuenak; behintzat epe laburrera so. Hainbeste bisitari, hainbeste liburu berri, hainbeste disko eta DVD berri edo hainbeste eta hainbeste ekoizpen kulturalen eskaintza. Eta, horrekin batera, datu ekonomiko eta sozialak arakatu ohi dira.
Izan ere, Durangoko Azoka den gertakizun kulturalaren garrantziaz, eraginaz eta berezitasunez esana eta idatzia dago aunitz; baita nazioartetik eta ikuspegi zientifikoetatik aztertua ere.
Baina euskal kulturari, eta zehazkiago literaturari dagokionez, Durangoko Azokan ez ezik, bestelako aldaketa kultural garaikideetan garatu den fenomenoak ezaugarri bat dauka; zera, hizkuntzaren heldutasuna. Hain zuzen ere, euskal eragile kultural nagusiek, eta azkenean euskal gizarteak, elkarlan isil eta adostu gabean lortu duten hizkuntzaren heldutasuna.
Honela bada, XX. mendeko azken herenean eta XXI. mendeko lehen herenean —66 urte inguru—, bere kontraesanak kontraesan, garatu den oldea da Durangoko Azokako Erromerian aitortzen eta auto-aldarrikatzen dena urtero. Ez da bertaratzen direnen edo Durangon azaltzen diren emaitzen kopurua soilik, baizik garaikideena ere.
Euskararen heldutasuna batasuna bera baino maila bat gorago dago; eta maila hori gizarteak aitortzen dion gaitasuna da. Durangon aurten aurkeztu diren 2021eko ia mila euskal liburu, disko eta beste ekoizpenetatik %95 baino gehiago euskara post-batuan eginak izan dira. Horrek esan nahi du euskal gizarteak eta euskalgintzako eragile gehien-gehienek ontzat eman dutela batasunaren eta heldutasunaren bidea, nahiz arlo askotan kritikak merezi.
XXI. mendean literatura eta literaturari dagokiona ez da kulturaren aurpegia bakarrik, baizik baita ere kemenaren ezaugarria, bere ondorio ekonomiko eta sozial guztiekin. Fenomeno hau guztia neurtzeko, datu, ikuspegi eta konparaketa asko beharko lirateke. Baina zilegi bekit bilakaeraren zantzuak eta norabideak irudikatzeko Nafarroako datu partzialak aztertzea.
1972an literaturako idazle nafar batek idatzitako euskarazko liburu bat bakarra argitaratu zen; eta Auzitegi Nazionalaren aurrekaria izandako TOP (Tribunal de Orden Público) zelakoak bahitu egin zuen. 2021ean ehun eta hogei (120) euskarazko liburu izan dira legezko gordailua Nafarroan egin dutenak. Jakina da idazlan horien artean nafarrak ez diren idazleak badaudela; baina, aldi berean, badira euskarazko nafar idazle asko beren lanak beste herrialdeetako argitaletxeetan atera dituztenak. 2021ean jada, euskara eta gaztelera dira Nafarroan argitalpenetan lehiatzen direnak, nahiz eta euskararentzat baldintza askoz zailagoetan. Ezin da ahaztu, halere, euskarak jazarpen ankerra nozitzen duela; adibidez testu liburuetan: erdaraz 24 eta euskaraz 0; eta zergatik hori? Salaketa eta kriminalizazio etengabea egiten jarraitzen dutelako eskuin muturrekoek. Askatasun linguistikoa hizkuntzen berdintasuna eta ondoriozko aukera librea da. Zoritxarrez, euskarak gaur-gaurkoz Nafarroan jazarria, zapaldua eta oinperatua izaten jarraitzen du erakundeetan, epaitegietan eta komunikabideetan.
Eta hurrengo erronka, zein? Lehena, hizkuntza eskubideena zalantzarik gabe. Baina apustu hori irabazteko, eta horretarako oinarrizko herritarren babesa lortzeko, euskal kulturaren eta hizkuntzaren prestutasuna eta bikaintasuna azaldu behar dira. XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasierako belaunaldia Euskal Pizkundea deitua izan baldin bada, oraingoa zer? Ze ezaugarritan oinarrituko da? Ideologian, edukietan, tekniketan edo egoera soziopolitikoetan, ez. Ze izaera du orduan? Belaunaldi bat al da? Zein da bere xede enblematikoa? Ez da belaunaldia; ez da gizaldia; ez da eskola bat. XX-XXI. mendeetako euskal kultura eta literaturaren bilakaera olde bat da; agian Batasuneko Oldea deitu liteke. Eta ba al du xede zehatzik? Oldea bera da bere xedea; edo gehienez, nazioarteko literaturan gailendu litezkeen emaitzen baldintzak sortzea. Hori besterik ez eta hori guztia.
“Ezin da ahaztu euskarak jazarpen ankerra nozitzen duela… Salaketa eta kriminalizazio etengabea egiten jarraitzen dutelako eskuin muturrekoek”… eragile espainiazale gehienen laguntzaz… eragile abertzaleen erantzunik eza tarteko. Edo ez da jazarpena PSN-GBai gobernuak darabilen hizkuntza politika, EHBilduren isiltasuna lagun?
Oldea baino gehiago beharko dugu zulotik irteteko, Patxi.
Maiterekin ados niagon.
Ez da aski “BATASUNAREN OLDEAREKIN”, halako “olderik” BALDIN bada (ez dakusan halakorik kalean)
Ez dakusat inongo ez ezelako olderik dagoenik gurean, zoritxarrez.
Batetik, EZKER ORTODOXO nahiz HETERODOXO ANTOLATUAREN isilkeria zegok, egoeraren mailan ez dagoenaren seinale (ez hemengo ezkerra, ez Europa Mendebaldekoa)
Baina larriagoa deritzan “next generation” delakoaren HUTSA, HUTSALA edo absentzia.
Ez zegon 60-70 hamarkadako zirkinik, kulturgintza asmorik…
Emakumeen Ahalduntzea… bai hortik jo behar dinagu, baina ahalduntze iraultzailea behar dinagu, ez bakarrik zuri iparramerikarrena, ez don Maite?
baina horrek ere ez du izanen botere aunhitz 2.030-Agendari aurre egiteko, zeren Agenda horrek nazioak desaktibatzeko asmoa dina.
Eta erronka horri aurre egiteko ahalmena duten bakarrak, gaur egun, uste dinat, HERRI INDIGENOAK direla/garela.
Beraz, goazen aitzina, haien arrimura.