Barkatu lehendakari, baina ez dizut sinesten

Barkatu lehendakari, baina ez dizut sinesten

BARKATU LEHENDAKARI, BAINA EZ DIZUT SINESTEN.
Batez ere, euskarari buruz diharduzunean. Aurrekoan Euskararen Aholku Batzordearen bileran izan zinen, “Eta orain zer” agiriaren aurkezpenean. Bertan emandako hitzalditik deigarri gertatu zaizkit hainbat pasarte. Adibidez: “Elkarlanaren aldekoa naiz… hizkuntza politikan. Horretan ahalegintzen da gure Gobernua: herri erakundeen arteko elkarlanean, eta herri-erakundeen eta gizarte-eragileen arteko elkarlanean… baina elkarrekin, lankidetza eraginkorrean.”
Eusko Jaurlaritzatik kanpora izango da, ze Jaurlaritzan bertan, elkarlana ez baitugu ezagutzen. Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak langileen eta sindikatuen parte hartzerik gabe diseinatzen dira. Areago, Euskara Planen Jarraipen Batzordean sail guztietako agintariak daude, baina langileen ordezkari bakar bati eskaintzen zaio lekua. Ez zait iruditzen “lankidetza eraginkorra” denik hori. Emaitzak ere halakoak dira, esan gabe doa.

Barkatu lehendakari, baina ez dizut sinesten

.Beste honek ere harritu ninduen:
Aipatzekoa da Euskararen Adierazle Sistema, Batzorde honek balioetsia. Hizkuntza plangintzarako tresna baliotsua. Azpimarratzekoa da euskararen lurraldetasunari egiten dion ekarpena. Izan ere, euskararen lurraldeetako herri aginteek adostasunean eraikitako tresna da.
Bila arituta, EAS (Euskararen Adierazle Sistema) 2008ko bertsio zaharkitu bat, eta EAS berri bat osatzeko deialdia eta esleipena, 2015ekoa, aurkitu ditut. Ez dakit besterik ba ote den.

Bestalde “euskararen lurraldeetako” herri aginteak aipatu zenituen.
Ez zen errazagoa, jatorragoa eta errotuagoa, Euskal Herriko herri-aginteak aipatzea?
Non dago arazoa?

Aurrerago berriz: “Euskara biziberritzeko ahaleginean herritarren atxikimendua da faktorerik ezinbestekoena. Hori sendotu ezean, alferrik arituko ginateke sustapenean edo araugintzan. Zorionez, gure herriak argi asko erakusten du elebiduna izan nahi duela… Gure aurrekoek esaten zutenez, atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu. Atzera begiratzea nahikoa da ohartzeko euskal gizarteak egin duen ahalegina”
Euskara biziberritzeko ahalegina ez da gizarte osoarena baina, gizarte horretako parte batena baizik. Alderdi guztiena ez den gisa berean, alderdi batena edo besterena baizik. Gizartearen beste parte batek ahalegin hori lagundu du esparru batzuetan (hezkuntza, aisia). Azkenik, bada gizartearen parte bat euskararen aurka agertzen dena. Herritar askok ez dute elebidun izateko ahaleginik egin nahi, eta beste batzuek euskaldunoi bizkarra erakusten digute erdeinuz eta nagusikeriaz.

Euskara biziberritzeko ahaleginean murgildu den gizarte eremuak, erakunde publiko gehien-gehienek baino askoz ahalegin handiagoa egin du beti eta egiten du egun ere. Eta ez ahaztu, Lehendakari, herri-erakundeek herritarron diruekin burutzen dutela sustapena, sustatzen dutenean.

Gehiagotan ere esan omen duzu: “Euskarak gizarte mobilizazio berria behar du. Zein da mobilizazio horren mamia? Euskara gero eta gehiago erabiltzea.” Aurreak atzea nola dantzatu erakusten duela ere esana duzu, beraz, Legebiltzarretik eta EAJtik bertatik hasi zaitezkete mobilizazio horri ekiten, ezta? Atzeari nola dantzatu irakasten, alegia. Izan ere, Legebiltzarrean hizkuntzak honela erabiltzen baitira: PPtarrek eta Maneirok beti españolez. PSOE-PSEtarrek ia-ia beti españolez. EAJtarrek gehien-gehiena españolez, euskara apaingarri gisa erabiliz hasieran, pasarteren bat tartean, eta akaso “despedidean”. Beti ez erabili arren, Legebiltzarrean euskara gehien erabiltzen duen taldea, alde handiz, EHBildu da.

Euskara gero eta gehiago erabiltzeko bidean, errotonda batean bezala gaude kateatuta. Gune berean bueltaka, aurrera garbi ezin eginda. Batetik, balizko nazio foralak bigarren mailakoak direlako; nazio-estatuen menpekoak alegia. Eta espainiar estatu-nazioak, frantsesak bezala, estatu-hizkuntza ez direnak akabatzea duelako helburu sorreratik. Bestetik, unionistek guztiek, baina EAEko agintari abertzale gehienek ere, bigarren mailakotzat duzuelako euskara. Apaingarri gisa erabiltzen duzue gehienbat. Legebiltzarrean gertatu bezala, aldi bereko itzulpenak, laguntzaileak eta baliabide ugari eskura izanda ere.

EUSKO JAURLARITZAN ERE, BURU ZAITUEN ENPRESAN BERTAN, ERDARAZ EGITEN DA LAN sail guztietan ia, atal jakin batzuetan izan ezik. Eta ohiko jardunean, Lehendakaritza bera da sail erdaldunenetako bat gainera. Azken emaitza itzulita txukuntzen ditu itxurak EAEko herri-erakunde nagusiak, “etxeko” hedabideen laguntza paregabearekin batera, noski.

ELAN PREST GAUDE EUSKARAREN NORMALIZAZIOAREN ALDE ELKARLANEAN ARITZEKO. Koherentziaz eta itxurakeriarik gabe jarduteko bada, beti ere. Euskara bazterretik atera eta erdigunean jartzeko bada. Egoera ez baitago dominak banatzen ibiltzeko, lanari gogoz ekiteko baizik.

Euskararen lurralde nahi dugulako Euskal Herria, itzulingururik gabe.

.

Ziortza Bocanegra Larrauri
Arabako ELAren Administrazio Autonomoko arduraduna
Barkatu lehendakari, baina ez dizut sinesten / Barkatu lehendakari, baina ez dizut sinesten

4 pentsamendu “Barkatu lehendakari, baina ez dizut sinesten”-ri buruz

  • Itxurakeria eta isiltasuna dira Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz politikaren ezaugurririk agerikoenak. Itxurakeria Jaurlaritzaren aldetik, eta isiltasun ozena, euskalgintzarena.
    Ez dago euskalgintza antolatuan ahots kritikorik, EHErena ez bada. Beste erakunde guztiak gozo-gozo, HPSren itzalean.
    Agintariek edozer esan eta edozer eginda ere, ez dago erakunde euskaltzalerik kritikarik luzatzeko adorerik daukanik. Horra Urkullu, dominak banatzen, baita bere buruari ere, bere jardunean erdarari erabateko lehentasuna ematen dion arren. Inon aurkitzen ez den adierazle sistema bat goraipatzen, eta abar, eta abar. Edozer. Inpunitate osoz.

  • Larrua behar da Lehendakariaren eta konpainiaren aldetik.
    Baina Kontseiluak, AEK-k, Behatokiak, Topaguneak, EHEk, etab, ez dute ezer esateko? Ezer ere ez? Kanta zaharra moldatu beharko degu ba:
    (Aitorren hizkuntza zaharra)
    Aitorren hizkuntz zaharra,
    nahi genun zabaldu,
    munduaren aurrean gizaki azaldu.
    Baldin gure zainetan,
    ortxata badegu,
    euskaldunak isilik jarraituko degu…

  • Fede ariketa handia egin beharko litzateke, bai.

  • Gaur “FLIPATUTA” geratu naiz, egia al da OteGUI jaunak “LOBBY ABERTZALE” hitzak erabili dituela?????
    Egia bada OteGUI, zoaz beingoz PSOE edo PODEMOS era.