Azpitituluak, ezinbestekoak euskara bultzatzeko. YouTube-n egin daitekeena

Azpitituluak, ezinbestekoak euskara bultzatzeko. YouTube-n egin daitekeena.

Azpitituluak edo subtituluak*, normalean, atzerriko hizkuntzekin jartzen ditugu harremanetan.

* Batzutan CC bezala ikus ditzakezu, hots,  Close Captions.

Baina entzuten dugun hizkuntza ondo menperatzen ez badugu, ezinbestekoak dira. Eta euskara “dakitenen” artean, askok ez dute ondo menperatzen, gabezia asko dituzte. Hau da, nahiz eta euskaraz entzun, euskaraz ere entzundakoa irakurtzeko aukera ezinbestekoa da. Baita zuretzat ere, beherago erakutsiko dizudan bezala.

Adibide batzuk dituzue hemen: Harpetarra filmearen trailer-a. Azkar hitz egiten dute, eta nekez ulertzen da. Bideo bera gaztelaniaz, niri behintzat, askoz gutxiago kostatzen zait. Eta zuri? Eta umea zinemara eramaten duen guraso euskaldunberriei?

Eta, zuk, euskaraz “ondo” dakien horrek, nola ulertzen duzu euskalki itxiaz egiten dutenean?

Hortaz, zergatik hobetsi behar ditugu azpitituluak?

  • Audientziak handitzeko. Ulermena errazteko.
  • Ikasten dutenei edo maila baxua dutenei laguntzeko.
  • Entzumen arazoak dituztenei laguntzeko (gorrak, nagusiak…).

Gaur egun,  erdarazko azpitituluak ikusteko aukera dago TB, DVD eta YouTube-n. Baina, zein da egoera euskararen kasuan? Non eta nola entzun eta irakurri ahal dugu euskaraz, aldi berean?

  • TB: gutxitan aktibatu daitezke. ETBko edo tokiko kateetan gutxitan aktibatu daitezke azpitituluak. Beste hizkuntzetan, normalean, bai, egoten da aukera.
  • Zinemak: gure herriko zinemetan inoiz ez dira ageri. Beste hizkuntzetan, normalean Bertsio Originalean hitz egiten badute, azpititulak gaztelaniaz/frantsesez dira.
  • DVD: ingeles eta gaztelaniaz ia beti daude. Euskarazko film gutxitan aktibatu daitezke.
  • Youtube: bideo sortzaileen artean ia inork ez ditu jartzen (erdaraten ez da oso ohikoa, baina euskaraz baino gehiago bai).

Youtube-k azpititulua errazago sortzeko baliabideak ditu: Ahots errekonozimendu teknologia bidez, automatikoki sortu ditzake. Jakina, askotan ez da ulergarria. Esaldiak ez ditu puntuazioarekin ezberdintzen (puntu, koma, parentesiak…), zarata badago ez du ondo transkribitzen, edo hitz berriak agertzen badira… Baina oro har oso lagungarria da gehienetan. Gainera, azpititulu zuzenak jarri nahi badira, automatikoki egindako lanean oinarritu zaitezke, eta lana izugarri arintzen eta errazten du. Arazoa zera da, Youtubek ez duela euskarazko ahots errekonozimendurik eskaintzen (berez, ahots errekonozimendua euskaraz garatua dago). Azpitituluak jarri nahi badira, banan banan jarri behar dira.

Zer egin egoera aldatzeko?

  • ETB: kontuan hartu beharko luke programak egitean. Eusko Legebiltzarrari galdera eta eskaera egin behar zaio. Behar hau helarazi.

  • YouTube-k ahots errekonozimendu aukera martxan jartzea.

  • Youtube-ko eduki-sortzaileak:  norberak jar ditzake. Gidoia jadanik idatzia baduzu, askoz errazagoa da.

Beste norbaitek jartzeko aukera zabalik utzi daiteke. YouTubek interneteko “komunitateak” azpitituluak jartzeko aukera du. Horretarako bideoaren jabeak aukera hori aktibatu behar du:

Azpitituluak, ezinbestekoak euskara bultzatzeko. YouTube-n egin daitekeena.

euskaragara.net-en “Irrien lagunak” eta “Katxiporreta”-rekin kontaktuan jarri ginen. Azpitituluen beharra azaldu (batez ere gurasoei begira) eta bere bideoetan edonork azpitituluak gehitzeko aukera zabalik uzteko eskatu genien. Ondoren,  azpitituluak jarri ditugu (ordu askotako lana, baina doan egindakoa):

Azpitituluak ikusteko, automatikoki agertzen ez badira, aktibatu behar dituzu:

…eta horrela 30 bideotan+ingelesetik itzulitakoak.
Azpitituluak, ezinbestekoak euskara bultzatzeko. YouTube-n egin daitekeena.

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

5 pentsamendu “Azpitituluak, ezinbestekoak euskara bultzatzeko. YouTube-n egin daitekeena”-ri buruz

  • Interesgarria litzateke ere Euskal telebistako euskarazko programei ere gaztelaniazko azpidatziak jartzeko aukera izatea, horrela euskara ez dakien jendeak euskararekin nolabaiteko harremana izango luke.

  • Ez nago ziur baina uste dut youtuben bideoa igo duen erabiltzaileak baimentzen duela besteek azpitituluak bere bideoetan igotzeko aukera.

  • Bideo hau ere euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera dago:

    https://www.youtube.com/watch?v=UcN7SGGoCNI

  • Hasiera batean, ETB-1 besterik ez zegoenean, gaztelerazko azpitituluak ematen ziren zuk diozunarengatik: euskaraz ez zekien jendearengana iristeko, hain justu. ETB-2 sortzearekin batera zalantzan jarri ziren azpitituluok, eta hainbat gorabeheraren ondoren kentzea erabaki zen. Garai hartan baino euskaldun gehiago dago orain, eta, nire ustez, bada garaia euskarazko azpitituluak eskaintzeko.