Azkoitin “pelotai eune” eta “batuaz ez naiz neu sentitzen”
Azkoitin “pelotai eune” eta “batuaz ez naiz neu sentitzen” –
Hauxe irakurri berri dut Azkoitiko webgunean:
PELOTAI EUNE: “Queremos que la gente salga a la calle vestida de pelotari, para poner una nota de color a la jornada”.
Apur batean kontrapausuan eta sautrelan geratu naiz, eta kriston kolpe txarra eman dit bernazakian pilota maitagarri aluak, harrituaren harian euli-ehizan arrapatu bainau, ahoa zabalik totolotuta.
Ia ondo ulertzen dudan (seguruena, ez)… Oso jakingarria iruditzen zait euskaraz “PELOTAI” izatea eta erdaraz “PELOTARI”, baldin gogoan hartzen badugu “BENETAN NEU ETA SUPER-NEU SENTITZEN NAIZEN erdarazko PELOTARI” hori, “BENETAN NEU ETA SUPER-NEU SENTITZEN EZ NAIZEN euskarazko PELOTARI”tik iritsi dela…
Afizionatu trixte hutsa zen Hamlet, bistan da…
Mariano de Cavía kazetariak kontuak eskatu zizkion Peña y Goñiri garai batean, “Promptuario de Morfología Vascongada“ren bat irakurria baitzuen madrildarrak, eta euskaldun guztiei azaldu zien eta zigun ez zuela “PELOT-ARI” behar, eta bai “PELOTA-LARI”. Eta eztabaidatu samarra izan zen “pelotari” hitza espainerazko hiztegian sartzea, PELOTERO egokiagoa zelakoan… Kakalardoek eragotzi ziguten, noski, espaineran behar bezain lexikalki lorioski sartzea: “hitz hori hartuta dago…”.
Ahoa ixtea lortu dudanean ordea, esperimentu zientifiko seguruari ekitea erabaki dut…
Rex Harrisonek, My Fair Lady hartan erabiltzen zuen “puzka ahoskatzeko” trebetxua atera dut armairutik (neuk atera dut; ez da bera bere oldez irten, alegia) eta hor hasi naiz, jo eta ke, karraskan: “La lluvia en Sevilla…” & “The rain in Spain…” & “Azkoitin kontsejupe…”
Eta tresna ondo eta zoli gozatuta zegoela egiaztatu ondoren, hortxe hasi naiz benetako lanean: “pelotari” erdaraz eta “pelotari” euskaraz. Eta “pelotari” euskaraz, eta “pelotari” erdaraz… Eztarria errea, erlats; ezpainak lehor, mingaina trapuzko… Mila aldiz, bi mila aldiz… PELOTARI (eu), PELOTARI (esp), PELOTARI (eu)… Alanobia eta ala noblia, ados, buelta, berdies, esperantza, kuenta, trenta, zakurraren ipurdian arrai, eta Garcia Angulo presidente bitalizio Federación Española de Pella-n (“De pelota vasca” ez bada, azaldu beharko diegu galizismoa dela “pelota”, noski).
Eta orain, noizbait ere!, hamar mila aldiz goiti probatu ondoren, Rusellen indioilarra bezain seguru esan dezaket, bai erdaraz eta bai euskaraz ere, bietan ere, PELOTAI ahoskatzen dudala nik beti.
Hemendik aurrera, “Tos los pelotais me paecen amirables” irakurtzen buzue, bakizue nok iatzi’uen.
Horixe du Amurrioko izateak, noski: gure euskara akademikoa da, eta gure erdara dialektala, eta Amurrioko español toledano dialektalean sentitzen naiz ni benetan NEU. Aiton-amonen kasuan, kurioso, bestela izan zen: dialektala zuten haiek euskara eta akademikoa, berriz, eskolan ikasitako erdara.
Hortaz, badakizue, Amurriora etortzen bazarete, izan “ongi etorriaraziak”. eta jakin ezazue Amurrion ez dela PISCINA esaten. Guk PISTINA esaten dugu. Gogoan har ezazue, mesedez, eta ez tematu gure indiosinkrazia ankaperatzen.
Adema Zaldubyk idatzi zituen honako bi hauek, eta pilotaz ziharduen bietan ere:
“Pilotak ohore du Eskual herrietan / Zeren den ederrena joko guzietan…”
Eta:
“Deabruak gan dik Sara! Ez duk hori, ez duk hori…”
Hor esan eran, horixe du azkoitiar izateak, noski: beraien euskara dialektala dela, eta beraien erdara akademikoa.
Beraz, azkoititik azkoitiarrek azkoitiarrentzat antolatutako ekitaldi baten berri azkoitiko euskara zein erdaran emateak txarretik zer duen eskertuko nuke norbaitek azalduko balit.
Txarrik ez. Ezta batere. Pilotaz eta pilotari buruzko euskaraz pizka batean pentsatzeko gaia ematen duela baino ez.
Eta, egiaz esaten dizut, “pilota-eta-euskara” kontu horretan, problema handiago dut FIPV-ren euskararekin, edo Euskadiko Federazioaren joko arautegiaren euskararekin, “PELOTAI” horrekin baino… Honek zer pentsatu ematen dit, eta hori gustatzen zait. Beste horiek, berriz, nondik amorratu ematen didate, eta hori ez zait gustatzen.
Baina kontuak etortzen diren neurrian hartu behar dira. Zeren, azken batean, horixe da arazoa beti: bakoitzak bere inguruko tarrentzat antolatzen dituela gauzak eta ez dela ingurumari begiratzen…
Zergatik federazio desberdinen pilotari buruzko euskarazko lexikoak hain banakoiak dira, baina hain bateratuak erdaraz (are “frantses-espainolartean” ere). Bada, horrexegatik: bakoitzak bat-batean eta aldian aldian gogora etortzen zaion bezala hartzen duelako erabakia.
Oinarrizko hizketan ez dugu problemarik… Pilota deportifikatuaren aldetik ere, irudi luke “fede kontua” dela. Konturatuak gara, azken batean, errazago gertatzen dela hizkuntza “teknikoa” planifikatzea, “erdi-pareko normal jaso usua” baino.
Zulo bat dugu hor, bien artean, behar ez dugulako ikusten ez duguna, eta ikusten ez dugulako behar ez duguna.
Edo, argiago eta kopla gutxiagorekin pilotaz euskaraz idazten dena ez da irakurria izateko idazten, zurikeria hutsa egiteko baizik.
Eta aitortzen dut (horrenbeste onartuko diet): garai batean are okerrago zen oraino.
Ez al zenuen txarrean hartuko. Nire asmoa, azken batean -ondo adierazten asmatu ez badut ere, beharbada- galderak egitea baitzen batez ere. Ondo izan.
Jon, Azpeitian hitz egiten den erdara “erdara akademikoa” dela deritzozu? Ez, nahiz eta beste modu batera ahoskatzen duten, erdara akademikoan IDAZTEN dute (horretarako sortua baita hizkuntzaren erregistro estandarra, eta horrela irakasten eta ikasten da, normala denez).
Azken batean, bonbazia handiz “XXX herriko hizkera” esaten denean, ahoskera kontu batzuk eta kontrakzio lokalista batzuez ari gara, ekarpen lexiko urri batzuk aparte utzita.
Horra kartela, horren adierazgarri:
https://maxixatzen.tok-md.com/argazkiak/nzC/cache/II.%20pelotai%20eune_content.jpg
Eta galdera da: zergatik ez litzaieke burutik ere pasatuko kartel hori diseinatu dutenei balizko erdarazko bertsioa antzeko erregistroan egiten?
Zergatik tematu bi txikikeria besterik ez diren “XXX herriko hizkera” azpimarratzen? Zergatik ez zaio euskara “estandarrari (akademikoari)” aitortzen erdara estandarrari aitortzen zaiona? Nora garamatza txokokeria honek?
Batean guaia, bestean lotsagarri? Jatorrismo merkea, zabaltzen nonahi.
PD: ziklikoki ateratzen da gaia. Ez dugu erremediorik.
Euskara dialektalak plus bat ematen die jendartean eta erdara dialektalak minus bat. Ez al da horrela?
Hizkuntza baten erabileran alkantzu laburreko talde barruko emotibidadeak gailentzen badira, hau da hizkuntza txiste kontatzeko, kantatzeko eta gutar ezinago gurearen magalean kulunkatzeko bada, nekez atzera egin ahaleko higaduraren bidean gaude…
Pilotaz ari garelarik, gainera, eta Azkoitia bezalako herri batean (pilotaren historian, “mitikoa”), pilotaren narrazio “jatorraren” sinbologia antzestralaren bidetik joz gero, bietan dugu inbutu zuloa gero eta estuago.
Gauza biak baititugu arriskuan. Arrriskuan dugu euskara,. Eta arriskuan da pilota…
Modalidade indartsu izandakoetatik esku-huskak baizik ez dirau horrenbesteko osasunean… Eta horren aurrean, aski da gaur egun gainbehera eroritako modalidade bestorduz profesional izandakoetatik iristen den diskurtsu interpretatiboa aditzea: indarra eta presentzia galdu dituzte, baina eskubide legitimistak aldarrikatzen dituzte, eta benetako presentzia faktualaz bestalde beren jator izatearen erreibindikazioa egiten dute… Eta ez gutxitan, emaitza: negar marraska mendekati samarrak.
Eskuak mesedezko tratua du telebistatik, diote batzuk… Euroa pezetatan kontatzea da hori. Hogei urteren buruan, oraino: 166,386. Pezetatan prezioak ez baitziren garestitutuko.
Eskuak garai batean bere “arima saldu” zuelako lortu zuen oraingo egoera (dirudien baino kritikoagoa, halere, ez gaitezen engaina). Edo “listopasau” batzuk saltzen jakin zutelako, horrela nahiago baduzue…
Beraiek ere behar eta zitekeen orduan “arima saldu” ez bazuten, edo saltzen jakingo zuen “listobururik” ez bazegoen, zer nahi dugu orain? Premio txikia bazegoen, ikusi denez, , arima saltzearen truke. Eta hori ikusita, premioa nahi bide dute batzuk, arima saltu gabe ere.
Urte batzuk barru, “one-wall” pareta izango da Euskal herrian pilota, zerbait izango bada ere, eta likidazio egoera bati hain propio zaion pentsamendu-sentimendu agonikoak ugaltzen ari dira bazterretan. Hedabideek, jakina, holakoen aipu muturrik ez, noski… Azken batean, kirol informazioak bere objektua sortzen baitu, eta jokoaren inplantazio soziala eta autoinpretazio kulturala ez da inoren objektua, ez teorikoa, ez praktikoa eta ez mediatikoa ere. Guztiek dute auzoko orube, eta inork ez du bertan etxerik eraikitzen.
Zer geratzen zaio, orduan, “pilota bezain gauza eder, herritar, jator eta hain gure-gureaz emoziozko antsia duenari? Suspirioa, bihotzondoa, hunkidura… eta herriko zuloa. Intrahistoriaren irazki-bilbeak eta iragan hobeen ametsa.
Laurdenkatu eta zortzirenkatu nahi badugu, bada “nahi dezagula” ordu onean, hamaika mila zati eginda egoteko “eskubidea” badugu, beharbada…
Deabrua eta euskara dira jatorrismoan partidak… Edo karraskan saiatuta ere deabruak lau hitz baizik ez zuela esaten ikasi, hizkuntza sakon arkanoa delako euskara.
Edo beharbada, Axularrek deabrua maisutako izan zuenez gero, dioten baino gehiago zekien euskaraz deabruak, ezta?
Bigarrenean nago ni: aukera bat eman behar diogu deabruari, euskaran eta pilotan. Ondo izan.
Nahio nikek Azkoitin aina euskera entzungo banu gure danon herritako kaletan… Natural ta suelto, horrek ematen ziak nei inbidie.
Gure ñeukek neupe Urigoitin gora beste uskiera aituko balitzok Orozkon biheko Zubiaurren be… Eta?
Hori ba, uzteko paken euskeraz normal ari danari ta saiatzeko bestek hoien erdira iristen.
Euskaraz normal ari zenari bakean utzita galdu ziren euskarentzat Araba Nafarroak, oso oker ez banago. Baina ondo da… beude bakean.
Lasai egon adi, Azkoitin baiño leheno galduko det ta hire herrin ta neren
Gotzon, estimatzen diat solasa eta ekarpena, baina ateraldi burutsuen gurpilean sartuak gaituk dagoeneko eta horrekin ez diagu ezer konpontzen,
Aldez ulertzen diat esaten duana, eta puntu bateraino hirekin bat ere etor nintekek perspektibetan zeri lehentasuna ematen diogun gogoratuta.
Ni ez nauk Azkoitiko euskararen kalitateaz ari, ez jendarteko erabileraz ari, baizik eta gure izaera hamletianoaz: zer garen eta nola erdaraz ari garenean, eta zer garen eta nola euskaraz ari garenean…
Eta bi horiek bana eta bedera, are-eta elkarren kontrako eta kontraesanezko logikan gertatzen badira, seinale ez garela benetan garenaz ari, eta bai gure buruari buruzko idealizazioaz…
Batera jokatzen diagu erdararekin, eta bestela euskararekin, baina maila identitarioan galdetzen badigute, “euskaldun” gisa identifikatzen gaituk, eta ez sekula “erdaldun” gisa.
Horretaz ari ninduan, eta horrek, beste asko bezala, oraingoan pilota ere ukitzen duen aldetik hartuta. Hortaz, Azkoitin “pelotai”, Baztanen “paxaka” nahiz Donezteben “ados”en erabilera erredukzionista… igualtsu dit kasik. Azkoitiko, Doneztebeko zein Arraiotzeko euskara guztiz legitimo iruditzen zaizkidak. Esan gabe zoak hori. Euskara komun zabal ezarri eta normalduan dagoena zertan kendu behar?
Mariano Juaristi “Atano III”aren aita bertsolari Atano Luzeak bere semeagatik bertsotan “pelotari” esaten bazuen… zertako larogeitaka urteren buruan “pelotai” orain?
Nik uste diat hemen Iñaki Segurolaren interbentzioa falta dala…
Niri dagokidanez, edonori ongi etorri. Pilota eta euskara ditiat nik enpeinu. Eta, egia nahi baduk, nahikoa bakarrik ere sentitzen nauk puntu askotan. Neure buruarekin soilik hitz egitetik apenas aurrera egingo dudan gauza batzutan. Ulertzen dudan bezala esateko eta esaten zaidan bezala ulertzen saiatzeko prest niagok ni beti.
Soziolinguistaren batek heldu nahi badio, honatx ikergai polita tesi baterako: Txokokeria dialektalaren gorakada eta hiztegi eta esapide aberastasunaren beherakadaren arteko korrelazio koefizientea kalkulatzea. Senak esaten dit ez dela 1etik urrun ibiliko.
Ah, hori bai, ez konparatu aizkoitarren lexikoa pobrea eta esamolde amutsak eta Barakaldoko euskaldun berrien esapide aberatsak eta graziaz beteak. Oso ondo ari zarete, animo Hartsuaga ta konpañia.
Gotzon, inork ez du esaten azkoitiarren lexikoa pobrea denik edo bertako esamoldeak kamutsak. Ez.
Hemen esaten ari zaizuna da lexiko eta esapide horiek euskara batuan idatz daitezkeela (eta berdin-berdin direla horrela aberats eta bizi), eta testuinguru publiko batean batuan idaztea hobe legokeela.
Hori bai, lexiko aberts eta esamolde biziok ez daude goian aipaturiko link-eko kartelean. EZ. Kartel horretan ahoskera itxiko pseudotrankripzio bat dago. Eta oraingo gazte askok, galtzen ari diren lexiko eta esamolde horiek berreskuratu ordez, uste dute “Pelotai eune” jarrita “Pelotari eguna”ren ordez edo “gizonezkun” jarrita “gizonezkoen” ordez, euskara superbizi eta aberatsa erabiltzen ari direla.
Eta ez da hala. Euskara aberatsa eta bizia beste gauza bat dela, batuan ERE bizi daitekeena.
Nik esan nahi dizuedana zuei guztioi oso sinplea da: bromak broma, eta kartel hori ba hola hartzen det nik, broma baten moduan, euskara bizi, indartsu eta naturala duen herri batek ez daukala problemarik hizkuntzari dagokionez, eta bai kartelak euskara zuzen-zuzenean idatzita azaltzen diren beste askok, eta zuek ari zaretela txikikeri batekin tematzen arazorik ez dagoen tokian arazoak bilatzen, arazoak, eta latzak gainera, badauden tokiei eskaini beharrean zuen denbora eta ahalegin intelektuala. Alegia, hatzak ilargira apuntatzen duenean, hatzetik ezin dituzuela begiak kendu: nonbait, imana dauka kartel horrek.
Gotzon, kontua da hau problema bat bilakatzen ari dela. Gazte askok, gero eta gehiagok, euskara = lokalismo jatorra ekuazioa egiten du. Duela urte batzuk pentsaezinak ziren mezu elektronikoak jasotzen ditut sarri, euskara “lokalean” idatziak, ez dagokion testuinguruan.
Eta problema bihurtzen ari da…. izan ere, euskara bizi eta jatorra (omen) duen jende hori euskara batua, euskara estandarra, euskara formala… azken batean gure hizkuntza noranahi emango duen euskara mota indartzen, bizitzen eta arnasberritzen ibili ordez ahultzen eta desprestigiatzen ari direlako. Euskara batua euskaldun berri gatzgabeen zerbait balitz bezala.
Errespetatzen dut zure iritzia.
Ez da erraza eztabaidatzea, esan ez duzunari erantzuten dionarekin. Ez nintzen Azkoitiaz ari, Euskal Herri osoaz baizik; eta joera orokor horren barruan Azkoitiaz jardungo banu, ez nintzateke azkoitiarrak barakaldoarrekin konparatzen arituko, gaurko azkoitiarrak, duela bi belaunaldiko azkoitiarrekin baizik. Ulertuko al da oraingoan!
Enegarren aldiz, beste behin ere, gauzak nahasten ari gara: hizkera eta idazkera, hain zuzen. Noizbait sartu beharko zaigu buruan euskaldunoi ezinbestekoa dugula euskara batua, batik bat, irakurrri eta idazterako orduan; azpieuskalkiak hizketarako dira.
Izan ere, azpieuskalki horietan ez dago arau batasunik idazterakoan eta, ondorioz, nork bere kasa idazten du bere ustez esaten duena, bere arauak sortuz eta aldatuz uneoro, eta, gehienetan, barregarri geratuz.
Preziatzen den edozein hizkuntzak ondo bereiziak ditu hizkera eta idazkera, mintzamena eta idazmena, eta, bakoitzari dagokion erabilera emanez, aberastu egiten du hizkuntza bera, eta iraunarazi.
Gotzon, nahiko nikek neuk ere Azkoitian adina euskara entzun Euskal Herriko edozein herritan, baina, zorigaitzez, baietz hiztun jator horiek guztiek ia dena erdaraz idatzi! Nahiko nikek euskaldun analfabeto gutxiago balitz, zinez, baina hau duk errealitatea: hizketan bale, idazten kale.
Enegarren aldiz, berce behin ere, gauçac nahasten ari gara: hizquera eta idazquera, hain çucen. Noizbait sarthu beharco çaicu buruan euscaldunoi ecimbercecoa dugula euscara batua, batic bat, iracurrri eta idazteraco orduan; azpieuscalquiac hizquetaraco dira.
Içan ere, azpieuscalqui horietan ez dago arau batassunic idazteracoan eta, ondorioz, norc bere casa idazten du bere ustez erraiten duena, bere arauac sorthuz eta aldatuz uneoro, eta, guehienetan, barregarri gueratuz.
Preciatzen den edocein hizcunçac ondo berheiciac ditu hizquera eta idazquera, minçamena eta idazmena, eta, bakoitzari dagoquion erabilera emanez, aberastu eguiten du hizcunça bera, eta iraunaraci.
Gotzon, nahico niquec neuc ere Azcoitian adina euscara ençun Euscal Herrico edocein herritan, baina, çorigaitzez, baietz hiztun jathor horiec guztiec ia dena erdaraz idatzi! Nahico niquec euscaldun analphabeto gutchiago baliz, cinez, baina hau duc realitatea: hizquetan vale, idazten cale.
Oharra;: Naffar Translator bidez naffarreratua
Nik , honetara ezkero, ez dut ja ere ulertzen. Partido batean, partidu bestean, airreskue, baina finala. Eta pilotari danok eta horrelakoak. Ez dago dudarik euskarak pilotari guztiok, guziok edo oro behar duela.
Ok, bai, arrazoi daukazue. Segi ondo ondo.
Gotzon, Gutxiyenez errespetu pixket eskako nikik Barakaldoko euskaldun berri gatzgabientzat. Gatzgabe horrek ordu asko eskeñi zizkok euskeriei, diru asko, denbora asko…Axkoiti ta Azpeitiko asko ta askok iñ eztuna. Bere euskera fresko ta naturalea mugaute. Ta enatxiok euskera fresko, natural eta danadalako honen kontra. Asko erabiltzeiat, al deten guztiyen. Baño ba al dakik ze pasatzean? Gure herriyetako jende asko ta asko euskera fresko horren defentsan dabillenai ze gertatze zakon? Ba eztala kapaz Berriako artikulo xixtrin bat letzekore ta gañea harrotasunez ez, harrokei guztiyekiñ esateiabe hori lerdokei bat dala. Ba nei trixtie iruitze zitek oso ballara euskaldunenien Berria, Argia eozein komunikabidetako artikulo txikiyena letzeko kapaz eztaon jendie eotie. Oso trixtiere. Euskerie zerutik bezela etorri zikuk guri. Euskal Herriyen erdiyen eotie toka zikuk, eztiau beste merituik iñ. Euskeriei ordu erdi bat eskeñi eztiyon jendez beteta zeuzkeau bi herriyek baño gero periodikue letzeko Dizrio Vascoi heldu ber tziok euskaldun fresko ta aberats horrek. Ta enitxik nobela bat letzeko eskatze…. Beraz, ondo ziok bakoitzen inguruko euskerie erabiltzie baño beste danana baño hobie dala pentsatze hori… Ze freskuen segiyok Errezillea o Ondarrure han tontuenake adarra jokoik eta heu asko enteraube
Gotzon, gutxienez errespetu piska bat eskatuko niake Barakaldoko euskaldunberri gatzgaberentzat. Gatzgabe horrek orduak eskaini zizkiok euskarari, diru asko, denbora asko…Akoitiko eta Azpeitiko askok egin ez duena bere euskara fresko eta naturalera mugatuta. Eta ez nagok euskara euskara fresko, natural eta denadelako horren kontra. Asko erabiltzen diat. Ahal dudan guztietan. Baina badakik zer gertatzen den? Gure herrietako jende askori euskara fresko horren defentsan dabilenari zer gertatzen zaion askotan? Ba ez dela kapaz Berriako artikulurik txikiena irakurtzko ere eta gainera, ez harrotasunez, harrokeria haundienarekin hori lerdokeria bat dela ziotek. Ba niri tristea iruditzen zaidak oso bailararik euskaldunenean, Berria, Argia, edozein komunikabidetako artikulurik txikiena irakurtzeko kapaza ez den jendea egotea. Oso tristea ere. Guri euskara zerutik bezala etorri zaiguk. Euskal Herriaren erdian egotea tokatu zaiguk, ez diagu meritu berezirik egin. Euskarari ordu erdi bat eskaini ez dion jende euskaldunez beteta zeuzkeagu bi herriak. Egunkaria irakurri nahi dutenean Diario Vaskori heldu behar ziok euskaldun fresko eta aberats horrek. Eta ez zioagu nobela bat irakusrtzeko eskatuko….Beraz, nire ustez ondo zagok bakoitzak bere inguruko euskara erabiltzea, baina beste guztiena baino hobea dela pentsatze hori… Ze freskuran, joan hadi Errezil edo Ondarroara, han tontoenak ere adarra joko dik eta hi asko enteratzerako
Hori arazo orokorra den, Jaione, hainbeste konturatuta egongo haiz. Azkoitian, Leitzan, Aramaion edo Maulen, ea zenbat euskal hiztunek leitzen duten Berria. Argia, denik ere etzekiten. Hik kritika hori egin nahiko hunan ta oso ondo, bota den eta arrazoi daukan, baina hori ez den eztabaida honen gaia, baizik eta kartel grazioso hori. Eta adar jotze kontuan, lasai horregatik, geu ere ez gaitun horretan makalak eta ez gaitun hain gaizki konponduko.
Begira, oraintxe ari naun gaurko Berria leitzen. Ta muturraren parean zeukanat euskal idazle batek -asko estimatzen dedana, bide batez- atera duen artikulua. Zuei min handia egin dizue nonbait “pelotai” horrek; neri handiagoa aipatu artikuluan irakurri dedan “inkietagarri” batek. Kezkagarri, aztoragarri… ez: inkietagarri. Ea horrekin ere hainbeste azoratzen zareten.
Batuerazco inkietagarri, naffarreraz inquietagarri, guztiz euscara ona da.
OROTARIKO HIZTEGIAN
inkietatu (Lcc (-adu), Urt IV 57, Lar, Añ), inketatu.
Inquietar(se), preocupar(se). Idia xarmadurez inketatua denean zer egin behar den. Mong 587. Khexa edo inkieta ahal zaitzaketen gauza guziak. He Gudu 152. Izpiritura erakharri behar ditutzu inkietatu zaituzten pensamenduak. Ib. 84. Partitu ginanean / Tolona hirian, / inkietatu izan ginan / mare batekilan. Iraultza 59. Persuna bat denian plazeraki galdürik / erramarkaule düzü inkietatürik. Etch 688. Ene ama maitea, / ze emazte prudenta! / alabaren medioz / etzitela inketa. Bordel 127. Etziteiela arren inkieta, zer janen dügü, otsez. Ip Mt 6, 31 (Dv ez grinarik har). Karlomagno inkietatruk, eztu lorik egiten (R-vid). Orreaga 107 (AN-5vill naigabeturik, AN-arce arrankurarekin, AN-erro, BN-baig, Sal antsiarekin, Ae kongojarekin). Hargatik hain maithatua zen bere populazioneaz non behin behin utzi baitzuten inketatu gabe. EGAlm 1890, 25. Hasarratu zirare, ta hartu tupeta; / Ahantzirik ziztela, ez hortaz inketa. Herr 3-4-1958, 4. v. tbn. AstLas 20. LuzKant 145.
Perturbar. Bere ordenako erregelen edo pribilejioen kontra nihork ere inkietatzen baditu. Harb 433s. Satanas txarrak etxea inkietatu nai zuen. Cb Eg III 375. Deabru txarra, ezkonduen pakezko biziera ezin ikusirik, […] ori desegin, nastu ta inkietatzeko alegiñakin asitzen da. Ib. 368.
Deabru txarra, azkoitiarren pakezko biziera ezin ikusirik, […] ori desegin, nastu ta inkietatzeko alegiñakin asitzen da. Ib. 368.
«Euskara batua vs. Euskalkiak» eztabaidan ez naiz sartuko.
Xehetasun bat adierazteko bakarrik idazten dut. Pelotai Eunean festaren edo egunaren izena bakarrik zegoen herriko euskaran. Sare soziaketako —Facebook, Twitter— mezu guztiak zein kaleko kartelak euskara batuan zeuden idatzita; nire ustez zuzen eta egoki idatzita, gainera.
Oso kontuan hartzekoa eta aipatu beharrekoa iruditzen zait azkeneko hau ere: bestela, errealitatea desitxuratzeko arriskua dago.
Goragoko iruzkin batean esteka bat erantsi zen, orain lau urtekoa, eta horretan dena agertzen zen azkoitiarrez. Aurtengoan, berriz, egia da, izena agertzen da azkoitiarrez eta batuaz gainerakoa. Hori egia da, Urko.
Ez dakit nik (eta jakitea on litzateke, pentsatzen dut) nahita eta deliberatuki hartutako erabakia izan den edo ez, eta zer arrazoi gogoratuta egin den. Bego hori, baina.
Niri dagokidanez, hasiera-hasieratik kontu jakin bati lotzen saiatu naiz bereziki: erdaraz batera moldatzen gara eta euskaraz bestela… Eta geure buruaren defentsa identitarioan erdararako balio duenak ez digu euskararako balio.
Eta pilotaren aitzakian zehazkiago oraino: Azkoitiko euskaraz haragoko euskararik baden bezala, Azkoitiko pilotaz haragoko pilotarik ere bada, Euskal Herritik irten gabe ere. Areago ezin pentsa ahalean Euskal Herritik irtenez gero…
Horren akordua har dezakegu edo ez… Baina, nire iritziko, horri erreparatzen ez badiogu, pilotari buruzko “euskal” diskurtsua gero eta folklorikoago batean segituko dugu.
Bada, besteak beste, europar pilota bat uharte txikitan geratuz joan zaiguna eta luzeko pilota jokoei erreparatzea europar pilota horren parte errekonozitzea ere bada.
Oraintsu ibilia da Ingalaterrako Windsor familiako handios horietako bat Europako trinketetan zehar (Lapurdiko batzuk tarteko)… Albiste erraza zen horren berri ematen zuena, ingelesez eta frantsesez: “Real Tennis”, “Royal Tennis”, “Lawn Tennis”, “Jeu de Courte Paume” eta “Jeu de Longue Paume” esamoldez betea… Hizkuntza bakoitzean ederki dakit nik zer esan nahi duen horietako bakoitzak, batere dudarako modurik ez dutelako ematen, usadio bateratu eta sendotu batean…
Nire kezka beste bat zen: Nola eman hori nik euskaraz?
Eta ez, noski, ematen ez dakidalako, baizik-eta “Nola eman hori, oraingo nireaz bestaldeko moduan ere eman litekeela esango lidakeen norbaiti ‘Humpty Dumpty’ neu naiz orain’ esan gabe?
Batzuri gezurra iruditzen bazaie ere, euskal pilotaz oro har, eta euskal pilotak nazioarteko pilota jokoen artean hartzen duen lekuaz ere hitzegiteko balio digun euskararik ez dugu.
Euskal Herri osoko pilotaz geografikoki, historikoki eta tipologikoki hitz egiteko eta, bereziki idazteko den gutieneko erraztasun eta maniobrabilidade metalinguistikorik ere ez dugu.
Bateratu eta komun zabaldu zeudenetan beretan ere atzera eta barreiu egiten hasten bagara… eskuan zulo.