Azkoitin “pelotai eune” eta “batuaz ez naiz neu sentitzen”

Azkoitin “pelotai eune” eta “batuaz ez naiz neu sentitzen” –

Hauxe irakurri berri dut Azkoitiko webgunean:

PELOTAI EUNE: “Queremos que la gente salga a la calle vestida de pelotari, para poner una nota de color a la jornada”.

Apur batean kontrapausuan eta sautrelan geratu naiz, eta kriston kolpe txarra eman dit bernazakian pilota maitagarri aluak, harrituaren harian euli-ehizan arrapatu bainau, ahoa zabalik totolotuta.

Azkoitin "pelotai eune" eta "batuaz ez naiz neu sentitzen"Ia ondo ulertzen dudan (seguruena, ez)… Oso jakingarria iruditzen zait euskaraz “PELOTAI” izatea eta erdaraz “PELOTARI”, baldin gogoan hartzen badugu “BENETAN NEU ETA SUPER-NEU SENTITZEN NAIZEN erdarazko PELOTARI” hori, “BENETAN NEU ETA SUPER-NEU SENTITZEN EZ NAIZEN euskarazko PELOTARI”tik iritsi dela…

Afizionatu trixte hutsa zen Hamlet, bistan da…

Mariano de Cavía kazetariak kontuak eskatu zizkion Peña y Goñiri garai batean, Promptuario de Morfología Vascongadaren bat irakurria baitzuen madrildarrak, eta euskaldun guztiei azaldu zien eta zigun ez zuela “PELOT-ARI” behar, eta bai “PELOTA-LARI”. Eta eztabaidatu samarra izan zen “pelotari” hitza espainerazko hiztegian sartzea, PELOTERO egokiagoa zelakoan… Kakalardoek eragotzi ziguten, noski, espaineran behar bezain lexikalki lorioski sartzea: “hitz hori hartuta dago…”.

Ahoa ixtea lortu dudanean ordea, esperimentu zientifiko seguruari ekitea erabaki dut…

Rex Harrisonek, My Fair Lady hartan erabiltzen zuen “puzka ahoskatzeko” trebetxua atera dut armairutik (neuk atera dut; ez da bera bere oldez irten, alegia) eta hor hasi naiz, jo eta ke, karraskan: “La lluvia en Sevilla…” & “The rain in Spain…” & “Azkoitin kontsejupe…”

Eta tresna ondo eta zoli gozatuta zegoela egiaztatu ondoren, hortxe hasi naiz benetako lanean: “pelotari” erdaraz eta “pelotari” euskaraz. Eta “pelotari” euskaraz, eta “pelotari” erdaraz… Eztarria errea, erlats; ezpainak lehor, mingaina trapuzko… Mila aldiz, bi mila aldiz… PELOTARI (eu), PELOTARI (esp), PELOTARI (eu)… Alanobia eta ala noblia, ados, buelta, berdies, esperantza, kuenta, trenta, zakurraren ipurdian arrai, eta Garcia Angulo presidente bitalizio Federación Española de Pella-n (“De pelota vasca” ez bada, azaldu beharko diegu galizismoa dela “pelota”, noski).

Eta orain, noizbait ere!, hamar mila aldiz goiti probatu ondoren, Rusellen indioilarra bezain seguru esan dezaket, bai erdaraz eta bai euskaraz ere, bietan ere, PELOTAI ahoskatzen dudala nik beti.

Hemendik aurrera, “Tos los pelotais me paecen amirables” irakurtzen buzue, bakizue nok iatzi’uen.

Horixe du Amurrioko izateak, noski: gure euskara akademikoa da, eta gure erdara dialektala, eta Amurrioko español toledano dialektalean sentitzen naiz ni benetan NEU. Aiton-amonen kasuan, kurioso, bestela izan zen: dialektala zuten haiek euskara eta akademikoa, berriz, eskolan ikasitako erdara.

Hortaz, badakizue, Amurriora etortzen bazarete, izan “ongi etorriaraziak”. eta jakin ezazue Amurrion ez dela PISCINA esaten. Guk PISTINA esaten dugu. Gogoan har ezazue, mesedez, eta ez tematu gure indiosinkrazia ankaperatzen.

Adema Zaldubyk idatzi zituen honako bi hauek, eta pilotaz ziharduen bietan ere:

“Pilotak ohore du Eskual herrietan / Zeren den ederrena joko guzietan…”

Eta:

“Deabruak gan dik Sara! Ez duk hori, ez duk hori…”

Azkoitin “pelotai eune” eta “batuaz ez naiz neu sentitzen”
euskara, pelotari

15 pentsamendu “Azkoitin “pelotai eune” eta “batuaz ez naiz neu sentitzen””-ri buruz

  • Hor esan eran, horixe du azkoitiar izateak, noski: beraien euskara dialektala dela, eta beraien erdara akademikoa.
    Beraz, azkoititik azkoitiarrek azkoitiarrentzat antolatutako ekitaldi baten berri azkoitiko euskara zein erdaran emateak txarretik zer duen eskertuko nuke norbaitek azalduko balit.

  • Javier Cuadra 2018-06-10 02:02

    Txarrik ez. Ezta batere. Pilotaz eta pilotari buruzko euskaraz pizka batean pentsatzeko gaia ematen duela baino ez.

    Eta, egiaz esaten dizut, “pilota-eta-euskara” kontu horretan, problema handiago dut FIPV-ren euskararekin, edo Euskadiko Federazioaren joko arautegiaren euskararekin, “PELOTAI” horrekin baino… Honek zer pentsatu ematen dit, eta hori gustatzen zait. Beste horiek, berriz, nondik amorratu ematen didate, eta hori ez zait gustatzen.

    Baina kontuak etortzen diren neurrian hartu behar dira. Zeren, azken batean, horixe da arazoa beti: bakoitzak bere inguruko tarrentzat antolatzen dituela gauzak eta ez dela ingurumari begiratzen…

    Zergatik federazio desberdinen pilotari buruzko euskarazko lexikoak hain banakoiak dira, baina hain bateratuak erdaraz (are “frantses-espainolartean” ere). Bada, horrexegatik: bakoitzak bat-batean eta aldian aldian gogora etortzen zaion bezala hartzen duelako erabakia.

    Oinarrizko hizketan ez dugu problemarik… Pilota deportifikatuaren aldetik ere, irudi luke “fede kontua” dela. Konturatuak gara, azken batean, errazago gertatzen dela hizkuntza “teknikoa” planifikatzea, “erdi-pareko normal jaso usua” baino.

    Zulo bat dugu hor, bien artean, behar ez dugulako ikusten ez duguna, eta ikusten ez dugulako behar ez duguna.

    Edo, argiago eta kopla gutxiagorekin pilotaz euskaraz idazten dena ez da irakurria izateko idazten, zurikeria hutsa egiteko baizik.

    Eta aitortzen dut (horrenbeste onartuko diet): garai batean are okerrago zen oraino.

    Ez al zenuen txarrean hartuko. Nire asmoa, azken batean -ondo adierazten asmatu ez badut ere, beharbada- galderak egitea baitzen batez ere. Ondo izan.

  • así te matas como estás ahí vizcaíno 2018-06-12 15:07

    Jon, Azpeitian hitz egiten den erdara “erdara akademikoa” dela deritzozu? Ez, nahiz eta beste modu batera ahoskatzen duten, erdara akademikoan IDAZTEN dute (horretarako sortua baita hizkuntzaren erregistro estandarra, eta horrela irakasten eta ikasten da, normala denez).

    Azken batean, bonbazia handiz “XXX herriko hizkera” esaten denean, ahoskera kontu batzuk eta kontrakzio lokalista batzuez ari gara, ekarpen lexiko urri batzuk aparte utzita.

    Horra kartela, horren adierazgarri:
    https://maxixatzen.tok-md.com/argazkiak/nzC/cache/II.%20pelotai%20eune_content.jpg

    Eta galdera da: zergatik ez litzaieke burutik ere pasatuko kartel hori diseinatu dutenei balizko erdarazko bertsioa antzeko erregistroan egiten?

    Zergatik tematu bi txikikeria besterik ez diren “XXX herriko hizkera” azpimarratzen? Zergatik ez zaio euskara “estandarrari (akademikoari)” aitortzen erdara estandarrari aitortzen zaiona? Nora garamatza txokokeria honek?

    Batean guaia, bestean lotsagarri? Jatorrismo merkea, zabaltzen nonahi.

    PD: ziklikoki ateratzen da gaia. Ez dugu erremediorik.

  • Euskara dialektalak plus bat ematen die jendartean eta erdara dialektalak minus bat. Ez al da horrela?

  • Javier Cuadra 2018-06-15 09:10

    Hizkuntza baten erabileran alkantzu laburreko talde barruko emotibidadeak gailentzen badira, hau da hizkuntza txiste kontatzeko, kantatzeko eta gutar ezinago gurearen magalean kulunkatzeko bada, nekez atzera egin ahaleko higaduraren bidean gaude…

    Pilotaz ari garelarik, gainera, eta Azkoitia bezalako herri batean (pilotaren historian, “mitikoa”), pilotaren narrazio “jatorraren” sinbologia antzestralaren bidetik joz gero, bietan dugu inbutu zuloa gero eta estuago.

    Gauza biak baititugu arriskuan. Arrriskuan dugu euskara,. Eta arriskuan da pilota…

    Modalidade indartsu izandakoetatik esku-huskak baizik ez dirau horrenbesteko osasunean… Eta horren aurrean, aski da gaur egun gainbehera eroritako modalidade bestorduz profesional izandakoetatik iristen den diskurtsu interpretatiboa aditzea: indarra eta presentzia galdu dituzte, baina eskubide legitimistak aldarrikatzen dituzte, eta benetako presentzia faktualaz bestalde beren jator izatearen erreibindikazioa egiten dute… Eta ez gutxitan, emaitza: negar marraska mendekati samarrak.

    Eskuak mesedezko tratua du telebistatik, diote batzuk… Euroa pezetatan kontatzea da hori. Hogei urteren buruan, oraino: 166,386. Pezetatan prezioak ez baitziren garestitutuko.

    Eskuak garai batean bere “arima saldu” zuelako lortu zuen oraingo egoera (dirudien baino kritikoagoa, halere, ez gaitezen engaina). Edo “listopasau” batzuk saltzen jakin zutelako, horrela nahiago baduzue…

    Beraiek ere behar eta zitekeen orduan “arima saldu” ez bazuten, edo saltzen jakingo zuen “listobururik” ez bazegoen, zer nahi dugu orain? Premio txikia bazegoen, ikusi denez, , arima saltzearen truke. Eta hori ikusita, premioa nahi bide dute batzuk, arima saltu gabe ere.

    Urte batzuk barru, “one-wall” pareta izango da Euskal herrian pilota, zerbait izango bada ere, eta likidazio egoera bati hain propio zaion pentsamendu-sentimendu agonikoak ugaltzen ari dira bazterretan. Hedabideek, jakina, holakoen aipu muturrik ez, noski… Azken batean, kirol informazioak bere objektua sortzen baitu, eta jokoaren inplantazio soziala eta autoinpretazio kulturala ez da inoren objektua, ez teorikoa, ez praktikoa eta ez mediatikoa ere. Guztiek dute auzoko orube, eta inork ez du bertan etxerik eraikitzen.

    Zer geratzen zaio, orduan, “pilota bezain gauza eder, herritar, jator eta hain gure-gureaz emoziozko antsia duenari? Suspirioa, bihotzondoa, hunkidura… eta herriko zuloa. Intrahistoriaren irazki-bilbeak eta iragan hobeen ametsa.

    Laurdenkatu eta zortzirenkatu nahi badugu, bada “nahi dezagula” ordu onean, hamaika mila zati eginda egoteko “eskubidea” badugu, beharbada…

    Deabrua eta euskara dira jatorrismoan partidak… Edo karraskan saiatuta ere deabruak lau hitz baizik ez zuela esaten ikasi, hizkuntza sakon arkanoa delako euskara.

    Edo beharbada, Axularrek deabrua maisutako izan zuenez gero, dioten baino gehiago zekien euskaraz deabruak, ezta?

    Bigarrenean nago ni: aukera bat eman behar diogu deabruari, euskaran eta pilotan. Ondo izan.

  • Nahio nikek Azkoitin aina euskera entzungo banu gure danon herritako kaletan… Natural ta suelto, horrek ematen ziak nei inbidie.

  • Javier Cuadra 2018-06-15 12:29

    Gure ñeukek neupe Urigoitin gora beste uskiera aituko balitzok Orozkon biheko Zubiaurren be… Eta?

  • Hori ba, uzteko paken euskeraz normal ari danari ta saiatzeko bestek hoien erdira iristen.

  • Javier Cuadra 2018-06-15 12:45

    Euskaraz normal ari zenari bakean utzita galdu ziren euskarentzat Araba Nafarroak, oso oker ez banago. Baina ondo da… beude bakean.

  • Lasai egon adi, Azkoitin baiño leheno galduko det ta hire herrin ta neren

  • Javier Cuadra 2018-06-15 13:39

    Gotzon, estimatzen diat solasa eta ekarpena, baina ateraldi burutsuen gurpilean sartuak gaituk dagoeneko eta horrekin ez diagu ezer konpontzen,

    Aldez ulertzen diat esaten duana, eta puntu bateraino hirekin bat ere etor nintekek perspektibetan zeri lehentasuna ematen diogun gogoratuta.

    Ni ez nauk Azkoitiko euskararen kalitateaz ari, ez jendarteko erabileraz ari, baizik eta gure izaera hamletianoaz: zer garen eta nola erdaraz ari garenean, eta zer garen eta nola euskaraz ari garenean…

    Eta bi horiek bana eta bedera, are-eta elkarren kontrako eta kontraesanezko logikan gertatzen badira, seinale ez garela benetan garenaz ari, eta bai gure buruari buruzko idealizazioaz…

    Batera jokatzen diagu erdararekin, eta bestela euskararekin, baina maila identitarioan galdetzen badigute, “euskaldun” gisa identifikatzen gaituk, eta ez sekula “erdaldun” gisa.

    Horretaz ari ninduan, eta horrek, beste asko bezala, oraingoan pilota ere ukitzen duen aldetik hartuta. Hortaz, Azkoitin “pelotai”, Baztanen “paxaka” nahiz Donezteben “ados”en erabilera erredukzionista… igualtsu dit kasik. Azkoitiko, Doneztebeko zein Arraiotzeko euskara guztiz legitimo iruditzen zaizkidak. Esan gabe zoak hori. Euskara komun zabal ezarri eta normalduan dagoena zertan kendu behar?

    Mariano Juaristi “Atano III”aren aita bertsolari Atano Luzeak bere semeagatik bertsotan “pelotari” esaten bazuen… zertako larogeitaka urteren buruan “pelotai” orain?

  • Nik uste diat hemen Iñaki Segurolaren interbentzioa falta dala…

  • Javier Cuadra 2018-06-15 15:13

    Niri dagokidanez, edonori ongi etorri. Pilota eta euskara ditiat nik enpeinu. Eta, egia nahi baduk, nahikoa bakarrik ere sentitzen nauk puntu askotan. Neure buruarekin soilik hitz egitetik apenas aurrera egingo dudan gauza batzutan. Ulertzen dudan bezala esateko eta esaten zaidan bezala ulertzen saiatzeko prest niagok ni beti.

  • Juan Inazio Hartsuaga
    Juan Inazio Hartsuaga 2018-06-16 10:51

    Soziolinguistaren batek heldu nahi badio, honatx ikergai polita tesi baterako: Txokokeria dialektalaren gorakada eta hiztegi eta esapide aberastasunaren beherakadaren arteko korrelazio koefizientea kalkulatzea. Senak esaten dit ez dela 1etik urrun ibiliko.

  • Ah, hori bai, ez konparatu aizkoitarren lexikoa pobrea eta esamolde amutsak eta Barakaldoko euskaldun berrien esapide aberatsak eta graziaz beteak. Oso ondo ari zarete, animo Hartsuaga ta konpañia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude