Ayuso politikariak dioena egia balitz!

Ayuso politikariak dioena egia balitz! –

Ez dakit politikaren arloan egiarik esaten duen madrildar boto-emaile gehienen gustuko politikariak, baina oraindik orain euskararen kontuan gezurra esan du beste behin, tamalez! Zer esan du, bada? Euskadi euskaldundu eta desespainoldu egin duela Eusko Jaurlaritzak, Baskongaden historia guztiaren kontra. Euskaldunok badakigu gezurra esan duela.

Ayuso politikariak dioena egia balitz!
Arg: KELLEPICS

Hego Euskal Herriaren gaztelaniartze eta espainiartzeak ez du etenik izan azken berrehun urtean, tartetxo historiko batzuetako ahalegin merezidunak gorabehera. Euskaldunak jasan dituen mespretxuen eta debekuen arrosarioa luzea eta mugagabea izan da. 80ko eta 90eko hamarkadetan dinamika euskalduntzaileari ekin zitzaion; irakaskuntzan, administrazioan, hedabideetan, aurrerapausoak eman ziren baina, gutxiz gehienetan, apal(egi)ak eta euskara naziogile baino ikasgai huts irakatsi izan da gehienbat, hainbat arrazoi eta aitzakia tarteko, eta horrela ezin benetan euskal herritarra euskaldundu. Horren ardura nagusia jeltzale eta sozialistena da. Azken hamarkadetan berriz,  dinamika euskalduntzaile apal hori ere gelditu egin da.

1982ko eta 1986ko euskararen legeek bere horretan diraute; oso adierazgarria da. Berriki onartu den irakaskuntza ez unibertsitarioko legeak B2 euskara maila lortzea du helburuetako bat. Alabetako bat Alemanian daukat. B2 atzerritarrentzat derrigorrezkoa da han, baina atzerritarrentzat; bertakoentzat, nazionalentzat, B2 apala da oso, eta denok dakigu horraino ere ikasle asko ez direla iristen gurean!

Epaileek zergatik hartzen dituzte euskara lanpostu publikoetan eskatzearen aurkako erabakiak? Bi euskararen legeak, EAEkoa barne, kaskarrak direlako batez ere. Eta ez dago aldatzeko asmorik?, dekretu berria onartu berri du EAEko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko. Bai, baina 1982ko legearen baitan, eta, gorago esan bezala, lege horren babesean hartzen dituzte epaileek euskaldunon aurkako ebazpenak.

Laster EAEn legebiltzar autonomikoa berritzeko bozak ditugu. Inkesten arabera, boto gehien lortuko dituzten bi hautagai abertzaleei diskurtso berbera entzuten diet –baliteke informazio guztia ez izatea nik–, hots, erabileran egin behar dugula jauzia. Besterik ez! Asmoak ere berdintsuak dituzten seinale, hots, egungo dinamikari, errutinari jarraitzea.

Euskararen arloan politika kontinuistak eginda, ezin da erabileran jauzia egin. Iurrebasok berriki egindako tesiaren arabera, gure egoera soziolinguistikoa kontuan, euskaldunok egun %18tan baino ez daukagu aukera euskaraz egiteko. Hotsak badira, turismoari esker goraka doan ostalaritzan, lan eskaintza ezingo dela bertakoekin bete, eta gaztelaniaz egiten den herrialdeetatik ekarriko direla langileak. Horrela garbi dago beste behin ere euskararen balio soziala murriztuko dela. Politikari abertzaleak lasai, ordea!

Berriki izan da Irlandan, EAEn botoetan irabazle izateko esperantzak dituen hautagai abertzalea. Aukera bazuen hizkuntza aldetik Irlanda antieredu dela ozenki aditzera emateko. Zuek entzun diozue halakorik?

Itxuren arabera, onenean, desberdintasun sozial gehiegizkorik gabeko basko autonomoen errepublikara goaz Hego Euskal Herrian, eusko-espainiar hibridoez osaturikora, boto abertzaleen kopuru gorakorra gorabehera.

Ayuso politikariak dioena egia balitz!

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

2 pentsamendu “Ayuso politikariak dioena egia balitz!”-ri buruz

  • Barrikagane 2024-03-06 17:44

    Analisietan faltan botatzen dut datu garrantzitsu bat: EAEn azken bi legegintzaldietako hizkuntza politika, euskalgintzarekin, gizarte eragileekin, hitzartuta eta beren enpresak kontratatuta egin da. Administrazioko planak, ebaluazioak, kiroletako planak, enpresarako plan estrategikoa, diskurtso lanketak. Datozen urteotarako plan gidaria izango dena ere, Aroa izenekoa, jubilatuta dagoen euskalgintzako baten zuzendaritzapean egin da. Foro piloa sortu da Gogoeta gunea, soziolinguistika Klusterra, Kontseilua, Aholku Batzordea… eta ikusi besterik ez dago zeintzuk dauden batean nahiz bestean. Hortaz, gero eta gehiago aipatzen den ‘atzeraldia’ alderdi politikoei bakar bakarrik egoztea, analisi zuzena ote?

  • Arrazoi faltarik ez duzu, Barrikagane, baina eskatzen duzuna egiteko azterlan analitiko handia egin beharko litzateke eta, jakina, nire artikuluari ezin hori eskatu.
    Egia da nire artikuluagatik bakarrik ez zarela ari “analisietan faltan botatzen dut” diozunez gero.
    Nirea gehiago da erreakzio emozional bat. Gizarte erdaldunean euskaraz bizitzeak zaila izaten jarraitzen duela, eta hauteskunde bezperan, abertzale izenekoek horretaz ez dutela kezkarik agertzen ikusirik, horren kritika baino ez da bere kaskarrean.
    Euskararen erabilera planetan, oro har, nire esperientzia oso mugatuaren arabera, politikariak ez dira asko inplikatzen –ez dut esaten denak berdin– eta guztia edo gehiena “borondatearen” gain gelditzen da, eta delako borondateak gure kasuan muga asko topatu ohi ditu, gainditzeko zailak, besteak beste, lege laguntza eta politikarien inplikazio sendoagoa.
    Badakit ez dizudala erantzun..

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude