Arnasa (Atik Zra)
Arnasa (Atik Zra) –
Arnasguneak batetik, arnas dezagun herri ekimena bestetik eta Arnasa gara kanpaina hirugarrenik (eta, seguruenik, handik edo hemendik ahaztu zaidan beste alerik ere egongo da). Metaforagintzan trebeak gara: arnasa hartu, arnasa bota, kutsatutako airean bizi, ito ala aire librean bizi. Metaforak: arnasguneak, itoguneak, eztulguneak, katarroak, afoniaguneak, …
Beste hainbat kontutan gertatzen den bezala, baina, metaforak oso arriskutsuak izan daitezke. Arnasguneetan bizi ez garenok itoguneetan edo afoniaguneetan bizi ei garelako, “sakabanatzen” diren haurrek arnasteko zailtasunak dituzte (edo asma dute, edo kutsatutako airean bizi dira, edo eztulka ari dira). Metaforak dira hauek guztiak (batzuk, nahi bada, apur bat behartuak, onartzen dut). Eta badakit intentzioak onak direla, gai honen inguruan dauden problematikak zabaltzeko eta hedatzeko asmoarekin eginak daudela metafora guztiak. Baina ez dakit arazo horiek adierazteko erabiltzen ditugun irudi metaforikoek laguntzen gaituzten (agian bai, irudi indartsuak eragiten dituztelako, baina batzuetan buelta eman ezin bazaio, ez dakit balio digun).
Agian, berbei beste buelta bat eman ahal diegu. Agian, gune babestuen bidetik (edo antzekoetatik) ebatzi genezakeen auzi hau. Edo ez, baina, arnasaren metafora kontuz erabili behar dugula iruditzen zait (baita arnas luzeko edo arnas laburreko bezalakoak ere). Eta, jakina, gune babestu, gune seguru edo antzeko horiek indartzen, biziarazten eta sustatzen jarraitu beharko dugu, horren babestu edo seguru ez diren gune horiek indartzen, biziarazten eta sustatzen jarraitu behar dugun hein berean. Denaren beharra dugulako.
Arnasa (Atik Zra)
Agian euskaraz “arnas” kontzeptuak duen esanahi zabala aintzat hartu behar da, eta ez erdaratik datorkigun lehenengo itzulpen zuzena.
Hori alde batera utzita, ez dakit euskara eta euskaldunon egoera hobetzeko zertan laguntzen edo lagunduko nahi duen testu honek.
Adostasuna izan dezakegun aferan terminologiaren inguruko eztabaidetan energia sakabanatu eta xahutzeko balioa baino ez duelakoan nago.
Euskara eta euskal hiztunok itotzeko zorian gaudela esan genezake, eta guztion arnasa, adorea, kemena eta ekarpena behar beharrezkoak ditugu.
Arnasguneetan bizi ez garenok itoguneetan edo afoniaguneetan bizi garela agerikoa da. Urteak dira Derion murgildu ez naizela. Oso euskara gutxi entzuten zen lehen, baina Altsasun baino gehiago bai, hala ere. Herri erdaldunduak itogune izan ohi dira euskaldunontzat, bai.
“Sakabanatzen” diren haurrek arnasteko zailtasunak dituzte (edo asma dute, edo kutsatutako airean bizi dira, edo eztulka ari dira)”…???
Bai, metaforak arriskutsuak izan daitezke, edota desegokiak.
Ikastetxe gehienetan etxetik euskaldun diren haurrak ez dira “sakabanatzen”, kakotx artean, egiaz SAKABANATZEN baitituzte, praktika soziolinguistiko tamalgarrian. Haur horiek euskara egiteari kolpetik uzten diote sarritan, eta kolpetik ikasten dute euskara ez dela euren berdinekiko komunikazio hizkuntza, euren familiak hizkuntzari dagokionez oso bereziak eta bakanak direla, bigarren mailako herritar direla euren herrian bertan, eta abar. Eta gainera, horregatik guztiagatik sufritzen dute, euren familiek bezala.
“Agian, gune babestuen bidetik (edo antzekoetatik) ebatzi genezakeen auzi hau. Edo ez, baina, arnasaren metafora kontuz erabili behar dugula iruditzen zait”…
Egia da metaforak arriskutsuak izan daitezkeela. Izan ere, edozein metaforari eman dakioke buelta nahi izanez gero. Zein asmorekin heltzen zaion da gakoa.
Adibidez, gune “babestuetan” bizi ez garenok non bizi gara? Gune babesgabeetan? Arriskutsuetan? Aterpebakoetan?
Haur etxetik euskaldunek ere, euren (gure) hizkuntzan ikasteko eta harremanak izateko eskubide osoa behar lukete izan. Euren (eta gure) eskubide oinarrizko hori defendatuko dugu nola edo hala. Como sexa.
Euskaldunentzako gune abegikorrak eta hostilak, edo ostialakoak.
Ene aburuz, “arnasgune” modan jarritako kontzeptuetarik da, ez besterik. Beste bat “biziberritze”, eta beste bat “erdigunera ekarri”. Eta hobe genuke gauzak beren horretan uztea, eta gauzei dagokien izena ematea, edo beti ibiliko gara ekilibrioak egiten metaforen artean. Eta bai, Euskara hizkuntza bat besterik ez da… Gaztelania bezalaxe, ordezkatu daitekeena, hiztun guztiak desagertu artean behintzat.
Bidenabar, eskatuko nuke erdigunera gauza gehiago ez ekartzeko, mesedez, Euskal Herrian nahiko beteta daukagu eta.