Dimisio handia? Ez, prekarizazio handia

Dimisio handia? Ez, prekarizazio handia –

Endika Alabort Amundarain, ARGIAn.


Atzean utzi dugun urtean, Euskal Herri penintsularrean 150.000 pertsona langabetu zeuden; horietatik ia 80.000k ez zuten prestazio ekonomikorik jasotzen. Aldi berean, EAEko enpresen %76k aipatu dute zailtasun handia dutela behar dituzten langileak aurkitzeko. Kapitalismoaren lan merkatuko paradoxetako bat da hori.

Dimisio handia? Ez, prekarizazio handia

Testuinguru honetan “dimisio handiari” buruz hitz egin da, funtsik gabe. Kontzeptu hori 2021ean Estatu Batuetan bogan jarri zen, herrialde horretan langileen proportzio handi bat lanpostua uzteko prest baitzegoen, bizi-beharretara gehiago egokitzen zen lan-eredu bat eskuratzeko. Enpresa munduari lotutako ekonomialarien artean gaur egunean ematen ari den langile “gabezia” azaltzeko kontzeptu hori erabiltzen ari da.

Langile “gabezia” hori ez da arazo orokor bat. Sektore eta lanpostu oso zehatz batzuetan ematen ari da. Bereziki oso profil zehatzak behar dituzten sektoreetan, langile horiek eskuratzeko enpresen artean lehia handia dagoen horietan. Bestalde, lan baldintza txarrak dituzten sektoreetan ere ematen ari da. Lehenengo kasuan koiunturala da, langile gehiago prestatu arte emango dena; bigarrenean egiturazkoa da, lan baldintzak hobetu ezean, jarraituko duena.

Bizitza ekonomiaren gainetik jarrita: lana soberan dago, gauza da hori birbanatzea, guztiontzako baldintza duinekin, guztiok lan egiteko aukera izateko

Ohikoa da enpresek euren langileen prestakuntzaren ardura ez hartzea; haiek nahi dutena da esperientzia duen langilea zuzenean kontratatu. Hori lortzeko hezkuntza sistema euren interesak bermatzera bideratu nahi dute, edo langileek euren poltsikoetatik prestakuntza ordaintzea. Gainera, enpresek ez dute bizitza kostuen ardura hartzen, horren adibidea da negoziazio kolektiboan patronalaren jarrera. Halere, lan baldintzak txarrak dira, eta ez bakarrik soldaten aldetik: lan erritmo jasanezinak, lana eta bizitza bateragarri egiteko neurri gabezia, lan jazarpenean oinarritutako sistema, beste ezaugarri batzuen artean.

Sarritan aipatzen da gaur egungo gazteriak ez duela esfortzurik egin nahi, eraikuntza sektoreko langile gabezia azaltzeko erabiltzen den aitzakia. Sektore horretan kontua da langileek oroimena daukatela, 2008ko krisian eraikuntzako langile horiek alde batera utzi zituztela, goian zerua eta behean lurra zutela geratuz. Ostalaritzaren egoera ere hor daukagu, lan baldintza txarreko sektorea, soldaten parte bat isil poltsan doana eta kotizatu barik, lan ordutegi kaxkarrekin. Pandemia heldu eta egoera gordina agerian geratu zen. Zertarako bueltatu lan prekario batera, beste enplegu prekario pixka bat hobeak daudenean?

Konponbiderik egon daiteke? Lana eta kapitalaren arteko gatazkan oinarrizkoa den borroka deskribatzen ari gara. Enpresen helburua gainbalio handiagoa eskuratzea da, lan karga handituz eta, posible bada, gutxienekoa ordainduz. Langile “gabezia” aipatzen denean, ia kasu gehienetan, ez da gabezia erreala. Arazo hori aurrez aurre jartzerakoan, ez da lan baldintzen inguruan berba egin nahi, enpresek ez dituzte euren gain hartu nahi prestakuntzaren erantzukizuna eta kostua. Patronalek ez dute euren txostenetan hori azpimarratuko, ezta aipatuko ere.

Enpleguari buruz hitz egiten dugunean, iparrorratza aldatu behar dugu, bizitza ekonomiaren gainetik jarrita: lana soberan dago, gauza da hori birbanatzea, guztiontzako baldintza duinekin, guztiok lan egiteko aukera izateko. 150.000 pertsona langabetu egonda, badago aukera enplegatzeko. Baina hori ez da kapitalismoan gertatuko. Kapitalismoan, langileentzat ez baitago konponbiderik.

Dimisio handia? Ez, prekarizazio handia
Dimisio handia? Ez, prekarizazio handia Dimisio handia? Ez, prekarizazio handia 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Dimisio handia? Ez, prekarizazio handia”-ri buruz

  • Artikulu interesgarria da egia batzu esaten dituena. Baina erranez “…iparrorratza aldatu behar dugu, bizitza ekonomiaren gainetik jarrita” iduri du bizitza eta ekonomia oposatzen dituela. Horrela eginez arriskua dago demagogian erortzea. Izan ere ekonomiarik gabe, batez ere lanik gabe, bizitzarik ez dago. Beste zentzuan bizitzak edo bizimoduak ekonomia eragiten dute. Adibidez kontsumerismoak kapitalismoa eragiten du. Biak elgar eragiten dute.
    Nik, demagogian erortzeko arriskua tipitzeko, gogotikago erran nezake:
    “…iparrorratza aldatu behar dugu, guztiontzako lan baldintza duinekin ekonomiaren gainetik jarrita”
    Momentuz inun ez da lortu ez kapitalismoan ezta dakidanez sozialismoan ere.

  • Benat Castorene 2023-01-27 10:06

    ” Ez da lortu herri moderno baten eskalean” erran behar nuen zeren ez baigara jakinean munduan zehar eta historian zeharreko giza komunitateetan gertatu ahal izan den errealitate eta esperentzia guzietaz.
    Azken ohar bat; “lan baldintza duin”hitzekin deitzen duguna bizitzaz daukagun kontzepzioaren araberakoa da.