Arma
Arma –
Cira Crespok Alea agerkarian.
Ez dakit. Benetan, batzuetan ez dakit zergatik idazten dudan euskaraz. Ezin dut hitz-jokorik egin. Sekula ez dut euskara on-on bat erabiliko. Sekula ez. Den-dena zuzendu behar dut (Bide batez, berriro suspenditu dut C1a). Testutxo hau? Berrirakurri dut mila aldiz. Mi-la-al-diz… eta, oraindik ere, akatsak, Cira. Eta berriro Ibaik begirada bat eman beharko dio. Eta zuzendu. Eta moldatu. Hau nekea. Mezu guztiak, esaldi guztiak. Esaten dudan oro kontuz pentsatu. Fijatu ondo, Cira, mesedez. Nork. Nori… Hau plurala da, Cira, mesedez… Ez al duzu testua errepasatu? Nola da posible, orduan, akats hori egitea?
Baina gogoan izan, Cira, ezagutzen ez ditudan zenbat gauza, deskubrituak izateko prest… eta zer esan erlatibozko esaldi hauez, nola atsegin dituzun, misteriozko istorio txiki batzuk bezalakoak dira. Ume bat bezala nago… eta bi hitz horiek elkarrekin jarriko banitu? Ederra! Bururatzen zaidan guztia egiten saiatuko naiz! Begira! Euskaltzaindiaren webgunean hiztegi historiko bat dago! Ui, bai interesgarria… tresna hitza, noiztik erabiltzen den badakizu? Eta nola da “arma cargada” euskeraz? Eta “empuñar“?
Ados, bai, neketsua da bidea, baina ederra.
Gainera, historialaria naizenez, etorkizunaren bisio ona daukat eta, badakizue? Ez izan zalantzarik, Europan, gauza interesgarrienak hizkuntza gutxituetan esaten dira. Eta, Gabriel Celaya parafraseatuz, euskara etorkizunez kargatuta arma bat da; hegemoniaren kontra borrokatzeko oso aproposa, eta nik ere parte hartu nahi dut bataila honetan, nahiz eta ez izan oso trebea.
Arma