Arlo sozio ekonomikoa euskalduntzeko egitasmo aitzindaria urratuko du Urola Kostak elkarlanean
Arlo sozio ekonomikoa euskalduntzeko egitasmo aitzindaria urratuko du Urola Kostak elkarlanean
Urola Kosta eskualdean arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko elkarlanean gauzatuko den ekimena aurkeztu da Zarautzen. ELAko Leire Txakartegik, LABeko Edurne Larrañagak, Urola Kostako Mankomunitateko euskara teknikari Xabier Urdangarinek eta Zarauzko AEKko Amaia Olazabalek prentsaurrekoan aurkeztu dute Urola Aitzindari ekimena Kontseiluko Iker Salaberriarekin batera.
Hizkuntza baten normalizazio prozesuan arlo sozio-ekonomikoak duen izaera estrategiakoa argia da. Arlo sozio-ekonomikoan lau zutabe nagusi ezarri zituen, euskalgintzaz gain, Kontseiluak 2013. urtean egin zuen Lan Mundua Euskalduntzeko Konferentzian. Enpresak, langileak, bezeroak eta administrazioa dira lau hanka horiek. Konferentziari begira, eragile horietako ordezkariekin harremanak izan ondotik, horietako bakoitzak bete beharreko funtzio nagusiak proposatu ziren.
Horren ondotik, arloz arlo ekimen eta lan desberdinak egin badira ere, oraingoan guztiek batera, elkarlanean, norabide eta tempus berean lan egingo dute Urola Kostan. Aitzindari izango da, hortaz, Gipuzkoako eskualdea eta ondoren, beste eskualde batzuetara hedatzeko helburua jarri dio bere buruari. Aitzindaritza, eragiletza eta elkarlana dira, beraz, ekimenaren ezaugarri nagusiak.
Urola Kosta hautatu izana azaldu dute agerraldian. Eskualdeak aitzindari izateko ezaugarriak badauzka; hala nola, egoera soziolinguistikoa, euskalgintzaren elkarlana, sindikatuen indarra… eta eragile guztien prestutasuna euskararen normalizazioan urrats berriak emateko.
Enpresen alorrari dagokionez, Kontseiluaren baitan sortutako Euskaragileak enpresa batzordea izango dute eredu. Bertan, lan-munduaren euskalduntzean aitzindari diren enpresak biltzen dira. Hau horrela, Urola Kostako enpresetako zuzendaritzak gonbidatuko dira batzorde bera, beren esperientziak eta egindako bidearen nondik norakoak ezagutzera.
Mankomunitateak eta eskualdeko udalek ere parte hartuko dute ekimenean, besteak beste, lagunduko dute Euskaragileak enpresa batzordearen aurkezpenak egiten. Aipatu aurkezpenak uda aurretik egitea aurreikusten da.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ekimenean parte hartzeko arrazoiak eta helburuak azaldu dituzte. Hauek ere, lan munduaren euskalduntzearen garrantzia azpimarratu dute. Horrekin batera, hizkuntza-eskubideak eskubide sozial gisa euren borrokan txertatzea beharrezko jo dute. Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute ildo horretan.
Ekimenaren bitartez, euskara, enpresaren lan eta komunikazio hizkuntza izatea bilatzen da. Horrekin batera langileak euskaraz lan egiteko eskubidearen alde ahalduntzea, kontzientzia hartze ariketa egitea, alegia. Bestetik, euskararen gaia ekintza sindikalean txertatzea eta azkenik, guzti hori langileen parte hartze zabalarekin egitea dituzte helburu.
Urola Aitzindari ekimenean enpresa hauek hartuko dute parte: Biele S.A., GKN Zumaia S.A., Sammic S.L., OBE Hettich, Hettich Iberia S.L., KSB ITur S.A., Industrias Auxiliares S.A.U., Panificadora Artadi S.A., Indaux, Azpeitiko eta Azkoitiko zaharren egoitzak, Astigarraga Kit Line (JJ Producciones). Sektore eta eskualdeko ingurune desberdinetan ari diren enpresak dira.
Dinamika garatzeko egitura eta guneak sortu dituzte enpresatan sindikatuek. Enpresa bakoitzean, adosguneak, eskualde mailako adosgunea, eskualdeko batzarra eta talde motorea egongo dira lanketa aurrera eramateko.
Lan egutegia ere finkatu dute arlo honetan. Honela bada, maiatza eta ekaina bitartean enpresetako adosgunean elkartuko dira, diagnostikoa eta lehentasunak finkatzeko. Uztailean, berriz, lehen aipatutako Antzuolako Elay enpresara bisita gidatua egingo da. Aitzindaria da Elay euskararen normalizazioa enpresan txertatzen eta Euskaragileak enpresa batzordeko kide da. Irailetik aurrera, berriz, plangintzaren garapenari ekingo diote. Urte amaieran ekimenaren balorazioa egin eta aurrera begirako urratsak definituko dira.
Kontsumitzaileen zutabeari dagokionez, berriz, AEKko kideak azaldu duenez, Kontseiluak Bai Euskarari Elkartearekin eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera sortutako Baduzu euskal kontsumitzaileen kluba izango da oinarria. Herritarren ahalduntzea eta aktibatzea bilatzen da ekimenarekin.
Baduzuren helburuak euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea da. Euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzea. Eta herritarrak sentsibilizatzea euskara kalitatezko kontsumoaren ikur eta horretarako irizpide dela; finean, euskara kontsumo irizpidedun edo kriteriodunaren ezaugarri dela.
Urolako euskalgintzan herritarrengan eragiten saiatuko da. Horretarako kontsumo taldeen eratzeak bultzatuko ditu uda aurretik sor daitezen eta aipatutako tresna baliatzea bultzatuko du. Udazkenean, berriz, aurreikusten da herrietan ekimenak egitea.