Argi izpiak
Argi izpiak –
Ziztu bizian, derrepentean joan zaigu 22. urtea eta berria dugu aurretik. Gauza aunitz gertatu dira urte honetan, atzera begira jarri eta kasik bizi oso bat pasatu dela dirudi.
Gogor kolpatzen gaituen krisiak, itotzeraino estutzen gaituen sistemak, dena belztu duen gerrak, faxismoaren gorakadak, lurraldea kiskali zuten suteek lehenbizi eta errekak idortu zituen lehorteak ondotik, etengabeko euskarafobiak, bai etengabekoa izan baita. Zerrenda luzea da eta urtea beltza izan dela iruditu arren, izan dira esparantzarako argi izpiak ere. Agian ez duzue gogoratuko, baino berriki atzean utzi dugun urtearen hasierako egun hotz horietako batean, Gazteluko plazako 2.ean Labak ateak ireki zituen eta tartean euskaldunon elkargune bihurtu da; elkar ezagutu, sortu, hausnartu, euskaraz lasai pote bat hartu… non eta euskaldunon hiri buruzagiko erdigunean.
Beraz, beltza aurkezten zaigun 2023 honetan, ahal dela, probestu ditzagun argi izpiak eta euskaraz bada hobeki! Larunbatean ospatuko dute urteurrena Labako lagunek. Zorionak!
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2023ko urtarrilaren 11koa]