Kezkak, ardura eta konfiantza

Kezkak, ardura eta konfiantza –

(Zarauzko Zirika euskara taldearen aurkezpenean esandakoak)

Bi gauza ditugu komunean euskalgintzan ari garenok. Lauburu bat komuneko azulejuetan eta euskarazko berripaperen bat komunontziaren ondoan. Eta bai, denok hartzen dugu dutxa hotz bat goizero ikusi mendizaleak kantatzen.

Txantxak albo batera utzita, euskalgintzan gabiltzanok bi gauzatan egiten dugu bat. Bat da kezka. Inoiz atzera uzten ez dugun kezka konstante bat, rada jarrita edukiko bagenu bezala kalean gabiltzanean, jakiteko nor ari den euskaraz eta nor ez, zein hizkuntza jarrera sumatzen ditugun, zein hizkuntza ideologia. Kezka ez dagokio euskarari soilik. Kezkatuta gauzka lurrak, lur lehorrak, arrailduak, aseak, itsasoaren epelak eta tenperatura igoera etenik gabeak, dena ari delako bihurtzen hormigoi, dena Amenabar. Kezkatuta gauzka bihar berean hil dezakeelako edozein gizonezkok emakume bat Baionan, Eltziegon edo Orion. Kezkatuta ondo bizitzea zer den asmatu ezinik gabiltzalako plataforma digital bilakatu den gizarte scroller eta medikalizatu honetan. Euskararen etorkizuna erabat dago lotuta euskal gizartea eraldatzeko prozesuarekin, ezin diogu horietako arlo bakoitzari erantzun deskonektatu bat eman.

Kezkak, ardura eta konfiantzaBadugu kezka bat, eta badugu ardura bat ere, hartzen dugu ardura bat denok, hizkuntza hauspotzen dugun bakoitzean. Gauzak zail jartzen ari zaizkigu. Pasatu genuen suminaren aroa: 80. hamarkada inguruan jaio ginenok bizi izan genuen aro hori. Heldu ginen frustratuta egotera: gure herri erakundeek, gure eskola eta ikastolek, salbatuko gintuztela uste genuen. Baina espektatibarik ez da bete gure plan estrategikoekin. Hortik dator etsipena, erresignazioa. Eta heldu gara, heldu garenez, laugarren eta azken arora: indiferentziarenera. Sorgor itsasartean itotzen direnekin, auzokoen nekeekin, gizartea oro har da soraio munduko hizkuntza eta herri txikiekin. Horrek hiltzen ditu hizkuntzak, indiferentziak, hizkuntzaren kontrako etsaigoak bainoago. Euskara ez du ia inork jotzen beharrezkotzat gizarte honen eraldaketa bat bultzatzeko. Eta hizkuntza ez badago eztabaidaren zentroan, oso zaila da eraldaketa.

Zer egin dezakegu suminean soilik ez erortzeko edo indiferentziak hausteko? Ez naiz sikologoa eta oraingoan, zin dagit, ez diot ezer galdetu chatGPTri. Baina argi dut kexatzeak bakarrik ez duela ezertarako balio. Sinetsita nago guregan jarri behar dugula arreta. Guk egin. Euskara banderatzat hartu, elkarren arteko sostenguan aurkitu aterabidea, elkarren arteko igurtzian, elkarren arteko zaintzan. Ausardiaz eta konplexu gabe egin behar dugu aurrera. Euskaragatik. Lurragatik. Guregatik eta gure ondorengoengatik. Elkarri konfiantza eginez eta izuak gure bihotza zimurtzen utzi gabe. Gure biloben bilobek ere jarraitu dezaten ikusi mendizaleak kantatzen dutxatzen diren bitartean.

Kezkak, ardura eta konfiantza

La terre est bleue comme une orange