Ardo gorri bat, otoi

Ardo gorri bat, otoi –

Mañeru, Nafarroako ardo gorriaren hiriburuetako bat da. Baina batzuek “clarete”-ra mugatu nahi dute, zonifikazio malapartatuak sortzen duen gure napartheid partikular honetan.

Ardo gorri bat, otoi
Arg: Mañeruko udala

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak “euskararen legea” erreformatzeko egindako proposamena ez da aurrera aterako, Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatuta, eta horren ondorioz, Mañeru ez dute sartuko eremu mistoan. Nafarroan izenak oso aldrebesak dira: “amejoramientoa”-k egunerokotasuneko hamaika esparru kaltetzen dituen gisan jarduten du “euskararen legeak” euskararen aurka.

Mañeruko Udalak eremu mistoan sartzea onartu du, aho batez, baina parlamentuko gehiengoak herritarren borondateari muzin egin eta bertako euskaldunak “zonalde ez-euskaldunean” bizitzera kondenatuko ditu beste denbora puska batez. Bihar eztabaidatuko da afera parlamentuan, eta oso pelikula aspergarria izango da amaiera zein den jakinda. Baina beno, zergatik ez ikusi, denok genekien Titanic azkenean hondoratu egingo zela eta hala ere hiru orduko pelikula hura irentsi genuen.

PSNko bozeramaile Ramon Alzorrizek honakoa adierazi du: “Ez da eremu mistoaren hedatzeaz hitz egiteko garaia… Legeak ez du atzera egiteko aukerarik ematen; badira eremu mistoan sartu nahi duten udalerriak, eta, gero, agian, atzera egin nahiko dutenak… Ongi aztertu behar dira kontu horiek”. Arranopola, beraz ez dute onartuko udalbatzak aho batez helarazitako borondatea, menturaz egunen batean udalbatza hori aldatu egingo delako, eta orduan bai, orduan bai kaso egingo diotela. Demokraziaren paradoxak, zonifikazioaren koskak, euskarafobiaren muinak.

Egunen batean historiaren tabernan ardo mindua edateari utzi eta ardo gorri nafarra (ardorik hoberena) edanez egingo dugu topa. Baina horretarako politikari zein herritar euskaltzaleok zenbait ohar gogoan izan beharko ditugu bai heltzear diren hauteskundeetan, bai eta ondoren emango diren negoziazioetan ere.

 

 

ARGIA

Mañeruko alkatea, “oso haserre eta inpotente” eremu mistora pasatzeko eskaera ez delako aurrera aterako

Ardo gorri bat, otoi