«Euskal Polizia» eta (des)eraikuntza nazionala

«Euskal Polizia» eta (des)eraikuntza nazionala –

Iñigo Larramendi ekonomialaria, NAIZen.


Azken egunotan, zenbait hedabidetan «Euskal Polizia» delakoan sartzeko oposizioetan izena emateko albisteak eta iragarkiak ikusten ari gara. Izendapen berri honek Ertzaintza eta EAEko udal poliziak hartzen omen ditu barne. «Policía Vasca» esaten zaio gazteleraz, eta izen hori ere hausnartzeko modukoa bada; baina oraingo honetan euskarazko izenari baino ez diogu erreparatuko.

«Euskal Polizia» eta (des)eraikuntza nazionala

Gogoratu behar da «Euskal» izenondoa «euskara» hitzean duela bere jatorria, eta ez inolako esparru geografikoan. Gaur euskarari eusten dion lurralde osoko polizia bat egongo balitz soilik erabil genezake izendapen hori. Aspaldi honetan erakunde hauetako kide batzuek –ez gutxik– erakutsi duten euskararekiko mespretxuzko jarrera eta, honekin, euskaraz aritzeko oztopoak aintzat hartzen baditugu, kontraesana areagotzen da. «EAEko Polizia» edo, «Euskadi»ren esanahiaren ordezkapena onartuz gero, «Euskadiko Polizia» deitu beharko genioke, sekula ez «Euskal Polizia».

Auzi honek «nominalismo» edo ñabardurazko kontu hutsala dela eman dezake. Baina ez da hala, batere ez. Nazio bat, finean, jende multzo batek bere burua definitzeko partekatzen duen hitzez eta kontzeptuz osatutako kontakizun bat da. Hitz eta kontzeptu horiek nazioa ardatz duten eta nazio horren berezko ikuspegitik sortuak diren heinean, bere buruaren jabe da nazioa. Ikuspegi arrotzetatik sortutako hitzekin eta kontzeptuekin ordezkatzen diren heinean, aldiz, nazioa desagertzen da. «Asimilazioa» deitzen diogu honi: genozidio bat gauzatzeko bide erosoa, samurra, minik gabekoa, isila, sarraski fisikoa ez bezala. Baina hau bezain eraginkorra.

Adinekoek –norberak jar dezala «adineko» horren muga– gogoratuko dutenez, duela hamarkada gutxi bide instituzionalak pausoz pausoko naziogintza sendoa eta «errealista» ahalbidetuko zuela esaten zitzaigun, herri ekimenen elkarlanarekin batera. «Nazio eraikuntza» esaten zitzaion honi; ziurrenik gazteek nekez entzun duzue hitz hau, gure politikarien ahotik desagertu baita. Azken finean, mundua eta gizartea geure ikuspuntutik eraikitzea, eguneroko kontu txikietatik abiatu eta maila nagusiko politika eta ekonomiara iritsi arte.

Denbora, aldiz, erakusten ari zaigu eginkizun politikoa gure esku ez dagoen sistema baten barruko ohiko hauteskunde jokora mugatzen ari dela, eta, nazio ikuspegi bat eraiki ordez,, ikuspegi «autonomiko» bat eraikitzen ari dela: gure barne zatiketa onartuz eta indartuz, euskal nortasuna zokoratuz. Jada ez dago «Euskal Herririk», «euskal gizartea» baizik. «Euskaldunak», «baskoak», EAEko biztanleak dira. Jada ez dago «arazo nazionalik», «lurralde auzia» baizik, gaztelerazko «cuestión territorial» esamoldearen itzulpen zuzena. Eta abar. «Nazionalismo banala» delakoaren esparruan jokatzen da gaur gure etorkizuna.

«Izan ala ez izan, hor dago koxka», galdetzen zion Hamletek bere buruari, esku artean garezur bati heltzen zion bitartean. Zer nahi dugu euskaldunok? Izan ala ez izan?

«Euskal Polizia» eta (des)eraikuntza nazionala

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.