Araka gure bazterrak

Araka gure bazterrak –

Deserosotasunak eragiten dituzte liburu batzuk. Gutxi dira, baina, tarteka, horietako bat heltzen da, irakurtzen duzu eta azkura eragiten dizu. Eta horietako bat izan da nire kasuan Araka ditzagun gure bazterrak, Emaginek Lisipe kolekzioan argitaratu berri duena (gora liburu kolektiboak, bide batez).

Araka gure bazterrakAzkura bai. Eta ausardia, gure kontraesan zurietan arakatzearren. Euren berbetan esateko, “teoriatik praktikara dagoen bidean belztu ditugu oinpeak”. Maite dut liburua, maite dut horren atzean dagoen gogoeta, batez ere, gure posizioak etengabe zalantzan jartzen dituelako. Eta hori beti da ona. Esperientzien genealogia egiten dute, memoria komunitarioa eraikitzeko eta etorkizuneko disrupzioak sorrarazteko.

Mila gauza azpimarratuko nituzke liburutik (orriak eta orriak azpimarratu ditut). Baina, horrela, apur bat aliritzira batzuk: imajinarioak higatzeaz egiten dute berba (kultur sorkuntzako imajinarioak, hedabideen irudiak, kartelgintza, …; azken finean, mundu sinbolikoak auzitan jartzeaz). Zapalkuntza (eta, horren barruan, hizkuntza zapalkuntza) askotariko erpinez eraikitzen dela esaten digute, eta askotariko zimenduz trinkotzen. Teoria dekolonialak itsasargi izan behar ditugula esaten dute. Eta abar, eta abar. Irakurri eta zorabiatu zaitezte euren bizipen eta teorien plastizitate eta indarrarekin (ihiak bezalakoxeak).

Sasoi berean ari nintzen irakurtzen Borrokalari transgeneroak liburu liluragarria. Eta horrek ere markatu nau eta azkura eragin (orain arte horrekiko izan dudan distantziagatik, batez ere). Eta han ere hainbat gauza azpimarratu ditut. Esate baterako, hau: “Teoria ez baldin bada esperientziaren erretxina kristalizatua, uzten dio ekintzaren gida izateari”. Edo beste hau: “Sobera denbora da geure argia beste batzuen prismatik errefraktatu dela”.

Honezkero, baten bat ibiliko da pentsatzen honek soziolinguistikarekin ea zerikusirik duen. Ba ez, ez du, edo erabatekoa du. Mugimendu emantzipatzaile bakoitzak du bere burua kontatzeko egiletza eta betebeharra, baina … Mugimendu horiek itsasargiak dira (edo izan beharko lukete) guretzako. Gustatuko litzaidake euskal mugimendu feministak duen gaitasunaren %30 izatea gure euskalgintzak (gaitasuna euren buruak kolokan jartzeko, euren posizioetatik mugitzeko, bilbe komunitarioa ehuntzeko, pentsamenduaren ur-jauzia zabaltzeko eta abar). Baina, tira, olgetan-benetan, hau soziolinguistikari buruzko blog bat baino ez da.

Araka gure bazterrak

Zer duzu buruan “Araka gure bazterrak”-ri buruz

  • Euskalgintza paralisiak jota dago, sistemak irentsita, iraganari ainguratuta, boterearen aurrean belauniko, zuzenkeria politikoaren menpe, salbuespen urri batzuk salbu (Pantailak euskaraz, Arnas dezagun, Administrazioan Euskaraz, GES…).
    Egonkortasunaren birusak jota, astindu handi baten beharrean.